Euskaldunok munduan  IV. urtea // 142. zenbakia

Euskolonbia, Euskadi eta Kolonbiaren arteko hartu-emonak suspertuko dituan erakundea


Informazino gehiago behar izan ezkero, hona hemen Euskolonbia Fundazinoaren webgunea:

www.digitalstreamstudio.com/euskolombia

Bizkaie!

Eusko Sareren ekinbidez, oraintsu sortu da Bogotan Euskolonbia Fundazinoa bardintasun, alkartasun, tolerantzia, ingurmenaren babesa zein garapen jasangarria lako abiaburuak dituan erakundea, hain zuzen be. Erakundearen jardunbidea herrialde biotan garatuko da eta kultura, enpresa eta hezkuntza arloan, merkataritza zein kirol jardueretan Euskadiko zein Kolonbiako gazteei laguntzinoa eskaintzea da asmo nagusia, beharrezko informazinoa helarazoz edo erakunde, baliabide eta enparauen barri emonaz.

Euskolonbia erakundeak berak zabaldutako informazinoaren arabera, gobernuz kanpoko erakunde lez funtzionauko dau gorako aitatautako jardunbide eta arloak buztartuz. Herritarren topaleku izateko jaio da eta hizkuntzearen zein kulturearen sustapenean be laguntzeko asmoagaz.

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako enpresa, erakunde eta fundazinoei babes osoa eskainiko deutse Euskolonbiak eta bardin Kolonbiako enpresa eta erakundeei. Esangura horretan, herrialde batean zein bestean ezarri eta inbersinoak egin gura dabezan enpresa eta erakundeei euren asmoak bideratzeko behar dabezan jarraibide, legezko tramite, kontaktu eta argibide danak eskainiko jakez.

Beste alde batetik, Kolonbiako Herriaren Defendatzailearen eskabidea aintzat hartuz, Euskolonbia euskal gobernuz kanpoko erakunde batzuei aurkeztuko deutsen proposamen bat garatzen dago Maria Angeles Guerra, Nazinoarteko Lankidetza teknikariaren eta Alejandro Cadena Iruneko zinegotziaren zuzendaritzapean. 'Bazterketarik bako Nazinoaren alde' lemapean bideratuko da aitatutako proiektua.