BECalogoa
Hamairu mila
Bai, badakit hamarra behar zala hemen. Baina hamairu mila horreek eroan dabe hamarra. Ikaragarria izan da bertsozaleen erantzuna txapelketa osoan. Eta BECekoa gindea izan da. Hamairu mila bertsozale, zahar eta gazte, zazpi bat orduz geldi eta txaloka, gozetan eta gozau arazoten. Olatu eta guzti. Bakarrak gara. Kultur adierazpen batean hamairu mila persona batu, belaunaldi desbardinak alkarren ondoan jesarri eta berbaz jardun, zer eta ahots hutsez komuniketan diran zortzi artista zuzenean entzuteko. Pena bakarra, txistuak. Neuk be sarritan jo izan dot txistua holakoetan. Baina lehengo domekan ez nebazan gustura entzun. Entzuleak gura dauena egiteko eskubidea dauka, dudarik barik. Neuk be asko daukat tabladura igon eben ordezkari askori esateko. Baita nigaz txaloka aritu ziran beste askori be. Baina bertsolaritzea kulturgintzan eta gizartegintzan eredugarri dala sinisten dodalako, txapelketeari laguntzinoa emon deutsien erakundeetako ordezkariak bakean itxi behar genduzan egun haretan. Besterik barik. Halanda be, hamairu mila bikain. Bertsolaritzara hurreratu diran gazte eta ez horren gazteei, ondo etorria. Eta danoi, zorionak.
Iñaki Aurrekoetxea
Astea joan da egun handitik. Asko idatzi da ordutik, alkarrizketak-eta irakurri doguz, eta bertsoak transkribiduta ikusitakoan burua BECeko jesarlekuetara joan jaku iges. Ondino ez dogu orduan bizi izan genduan girotik ospa egin gura. Itzela izan zan. Orain, hotzean, ondorioak atarateko sasoia da. Bertsolariak horretan ibiliko dira, autoebaluazinoan, antolatzaileek be zehaztasun txikietarainoko jauzia egingo eben daborduko, eta geuk be, geure txikian, finalaren errepasoa egin gura geunke, zenbaki pasan.
Bat
Lehenengo aldia final handia Donostitik kanpo egin dana. Lehenengo finala BECen (ezetz azkena izan?). Eraikin erraldoiak asko lagundu eban finalean, sarrera nagusi eta pasillo zabalak, Bizkaia Arenarako sarrerea be erraz, aulki erosoak, eta tenperatura sanoa. Holako jentetzea hartzeko aproposa. Han egin eben bat bertsozaleek eta bertsolariek, tablaura bidean jentea zutunik txaloka, eta tabladutik bat-batekotasunean dana emotera joiazanen esker oneko erantzun bat-bateko eta guzti. Batasun ederragorik!
Bat izan da Txapelketa Nagusiko irudia be: pelotea. Berbaz eta oinez betetako pelotea, bertsozaleon pasahitza. Marketin lan bikainaren ikurtzat izango dot aurrerantzean. Hezur-haragizko ikurrik be ez da falta izan. Eta bat, danetan lehenen, danean maisu, Andoni Egaña. Beste gauza askoren artean, zortzikotearen batasuna irudikatu euskuna.
Bi
Buruz-burukora bi bertsolari. Zalantza gitxi egoan entzuleen artean: Unaik berton behar dau. Goizean lan ikaragarri ona bete eban, eta arratsaldean ez zan besteak baino gehiago hotzitu. Merezitako saria durangarrarentzat. Txapelketa ederra egin dau, saiorik saio bere bertsokera labelduna oparituz, memoria perlaz jantzi deuskun arte. Bigarrena lotu da, txapeldun orde. Eta gaur ez dago Poulidorrik. Egañaren itzalean txapeldun asko dago, txapela jantzi eikiela sinistuazo deuskuenak. Eta horreen artean Unai, txapela kentzeko moduko saioa egin eta, ezelako dudarik barik, bere barru-txapelketan sari handiena eroan dauena.
Hiru
Zenbaki majikoa finalean. Txapelaren buru aldaketarako deituta egoanak lortu eban postua da. Maialenek karga hori hartu eban bere gain, eta bidea ezin hobeto hasi baeban be, azkenerako zama horrek nekarazo egin eban. Finaleko penetako bat. Hori bai, goizeko altxorrak ez doguz bihar ahaztuko. Hiru ume txikiren gurasoak izan ziran Maialen eta Unai, aspaldiko partez umerik barik asteburua pasetan joiazanak. Eguneko alerik bikainenetakoak bota ebezan jarraian Maialenek eta Unaik:
Maialen
Ezta bat eta ezta bi ere
hiru ta hiru da hiru
hiru neke ta hiru lan karga
bider hiru zenbat diru
umeak nola gainetik kendu
pentsatzen gabiltz beti gu
ta orain bakarrik geratu eta
ia zer ein ez dakigu.
Unai
Hain emankorrak izan gu eta
hiru haur etorri ziren
presarik gabe behingoagatik
elkartu garenez hemen
igual aukera dugu gaurkoan
zera egiteko, ejem
ia ahaztuta daukat maitea
gu lehen nondik hasten ginen.
Hiruagaz egindako jolasa, ederra. Eta Unairen 'ejem' hori, zoragarria. Finaleko berbea. Ahozko hizkerearen marka bat bertsora ekarrita (errimetakotzeko ganera), esan barik joiana indartsuago esan eban, komunikazino arrakastatsuaren adibide xume lez. Ez da kasualidadea, saioan zehar behin baino gehiagotan errepetidu izana gero, bertsolariek testuingurua erabilteko daukien dohainaren erakusgarri. Andonik buruz burukoan majo baliatu eban aukerea 'ejem' esateko, eta txapelaren eskaintzan be lekutxoa egin eutson. Unairi egin eikion autorpenik politena.
Lau
Laugarren txapela jantzita, Uztapide handiak eukan markea gainditu dau Andonik. Ez eban hori helburutzat. Zikloa txapela jantzi barik be borobildu leitekela sisnistuta, finalean gozau eta markaren bat ixtera joan zan BECera. Bat baino gehiago itxi eban: irribarrea bertsoero, patxadea eta kontrola, bertsoero zer edo zer adierazo eban, ez-berbazko elementuak ederto baliatu ebazan, eta ganerako zazpiakanako autortzarik ez jakon falta izan. Hutsik be ez eban egin, eta horrek emon eutson azkenean txapela. Laugarrena, azken hamarkada luzean maisu izan dana mito bihurtuko dauena.
Bost
Bosgarren geratu zan Bizkaiko txapelduna. Igorrek ez eban egun borobila euki. Pena. Txapelaren lehian ikusten neban finalaren bezperetan. Donostiako saioko bakarreko lan gogoangarriaren aho gustuagaz, eta finaletan zelan hazten dan jakinda, handia egiteko prest ikusten neban. Gauza onak eskaini bai, baina ez eban bere helburua bete. Eukiko dau aukera gehiago. Goi mailako bertsolaria da, eta hurrengo finaleko buruz burukoan ikusteko esperantzeagaz geratuko naz. Nogaz jokatuko dauen? Ametsegaz. Postu bat gorago geratu da aurton. Harritu egin gaitu hendaiarrak. Mendiaren altzoko iturriak ura lez botaten dauz Ametsek bertsoak. Errez, fresko, eta gozo. Almazena bete-beteta dauka, eta zer betea ez jako faltetan. Gazteena izanda, eta lehenengoz finalista, meritu itzela dauka BECen izan eban jarrerea eta egin eban lana. Txapo.
Sei
Seigarren Sustrai Colina. Banekian finalean lan polita egingo ebala urruñarrak. Gasteizko saioa anekdotea izan zala erakutsi eban Beran, eta goizeko ofizioetan saio oso onak egin ebazan. Erantzun egin eban, baita keinuz lagundu be... bertsolarien postura simetrikoa apurtu dau. Finaletik ez da joan bere markea itxi barik. Ezta Mendiluze eta Maia be. Gehiago egin eikiela sisnistuta dagoz, gagoz, baina finalean egindakoa ez da gitxi. Aitorren goizeko bakarkako lana hunkigarria izan zan, barru barrukoa, eta Jonek, kanturako daukan gustu on eta guzti, goizean ofizio politak osotu ebazan Andonigaz eta Maialenegaz.
Zazpi
Zazpi herrialdeetako gaztetxo bana ikusi gendun oholtzan. Bertso-eskolek azken hogeita bost urteetan egindako lana saritzeko, finalean saria emotera konbidau ebazan Bertsozale Elkarteak. Ederra izan zan zazpi herrialdeetako gaztetxoak puntuz-puntu zazpi puntuko bertsoa alkarregaz josten ikustea eta entzutea. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa. Bertsolaritzeak bai, zazpi lurralde daukazalako.
Zortzi
Finalistak. BECeko zortziko nagusia. Bertsogintzearen gailurreko kantulagun, eta bertsolaritzeak puztualdi barria bizi izateko arrazoietako zortzi. Entzuleen beroa eskertzen jakin eben finalean, eta ahalegin handia egin bertsoen bidez gozau arazoteko. Postuak postu, harro baino harroago agertu dira finalaren osteko prentsaurreko eta alkarrizketetan. Prestaketa lana eskertu behar jake. Bertsozaleok be harro gagoz eurekaz.
Bederatzi
Bederatzi puntuko txikia osotu behar eben buruz burukoan, berba bat gai hartuta: aulkia. Unaik ondo bete eban lana, eta Andonik gero, saioko bertsorik puntuatuena bota eban (hori bai, zortziko batez bestekora ez zan heldu. Posible al da?). Teknikoki ariketa gatxa izanda, zoragarria da orokortasunetik konkretutasunera egiten dauen bidea, eta haundikeria eta txikitasunagaz lortzen dauen kontrastea:
Atsedena hartzea
ez degu kalteko
eta hori lortzen da
bera tarteko
aulkia gauza ona da
bila joateko
nahiz aspaldian hemen
gu gauzkan menpeko
hainbat ikusteko
edo erosteko
IKEAn bai lepo
desberdinak seko
baina ezetz txikirik
behiak jeizteko.