Tabakoaren legea: Umore txarrak be kea sortarazoten dau
Iñaki Atxutegi
Kalean dago kontua. Eta puri purian, ganera. Erretzaileak sutan dagoz, euren ohiturak aldatu beharko dabezalako datorren urtearen hasikeran. Edo betiko ohituratan jarraitu gura badabe mustur okertutak jasan beharko dabezalako. Argi dago Tabakoaren Legeak ezartzen dituan aginduak beteten badira goitik behera aldatuko dala gure bizimodua.
Orain arte edukazino kontua izan da. “Inporta jatzue zigarrotxo bat erreten badot?” esan izan deuskue txiskeroa eskutan eta begiekaz “mesedez, faborez eta arren” esaten. Eta nor zan ezetz esatera ausartzen zan zakar hori? “Hoba zigarro zikin hori pizten ez badozu” esate hutsak erretzaile bategaz daukaguzan hartu-emonak petraldu egiten ditu. Inoz esan deutsazue zeuen jefeari ez erreteko? Edo hain gustoko dozun persona horreri? Badago esateko beste modu atseginago bat: “Baimena eskatu barik ohitura (edo bizio) horregaz jarraitzen ez badozu hoba”, baina onartu daigun egia: Ez da horren erraza menpekotasuna eragiten dauen tabakoa ixtea.
Edukazino kontua dala dinot, baimena eskatzen ausartzen diranak ez dira danak eta. Sarri askotan euskaldunok ingelesak bezain edukatuak garala pentsau gura dogu, baina onartu daigun ez daukagula horrenbesteko begiramenik inguruko personakaz. Zenbat aldiz jasan behar izan doguz ingurukoen keak? Edo zenbat aldiz joan izan gara etxera jaietan arropan erredura txikiak daukaguzala inguruan erretzaileak dantzan izan eta gero?
Erretzaileek be onartu egiten dabe tabakoaren usainak hatsa lagaten dauela erropan, ulean eta azalean. Eta eroak be badaki tabakoak osasun arazo larriak eragiten dituala. Argi dago tabakoaren erabilerea oso zabalduta dagoala gure artean eta ez dala erraza izango ohiturak aldatzea di-da batean. Oso erraza eta merkea da Estadu Batuetako modak kopietan doguzala esatea. Baina badagoz kalte gehiago eragiten daben kontuak eta bildur barik kopiau egiten doguzanak, ezta?
Argi dago ez nazala erretzailea eta tabakoaren erabilerea murriztu egin behar dala uste dodala, baina era berean uste dot Legeak lartxu mugatzen dituala erretzaileen eskubideak. Lantegiko leku guztietan erretea eta erre ahal izateko kalera joan behar izatearen artean badagoz erdibideak. Ez zan posible erretzaileentzako guneak ahalbidetzea? Eta tabernatako arauak ez ete dira lar zorrotzak? Ez dakit nik lartxu arautu gura izanagaitik Legearen puntu batzuk bete ezinda geratuko ete diran eta hareen helburua, hau da, tabakoaren erabilerea murriztea ezertan geratzea. Erretzaileek tabakoa laga dagien konbentziduten ez badoguz personak alperrik erretea baino ez dogu lortuko. Eta honeek keok tabakoarenak bezain kaltegarriak dirala uste dot. Arautzea ez da beti soluzinorik onena.