Euskerea berbagai  IV. urtea // 142. zenbakia

Hizkuntza-eska(s)kizunak


Xabier Paia

Laster akaso holan deitu beharko deutsegu jendartean ezagunak diran “pe eleei”: hizkuntza-eskaskizunak. Eta ganera, inork jakin gura badau berbearen izaera etimologikoa, neuk azalduko dot: Batetik, hizkuntza arau gramatikal eta askoren beharrizanetarako ezinbestekoa ez dan tresna bihurtu eta modu horretara saltzen dauelako; hortaz, euskaldun barrien euskerea orokorrean indartu, baina errealidadean eskasten dau (izan be, musikako irakasle batek ez dau zertan 300 berbako eritxi-testu bat euskeraz idazten jakin, bere ikasleakaz euskeraz esku hartzeko gaitasuna baino ez dauelako behar). Bestetik, administrazinoaren ahulguneetan eskakizunen mailea eskasten dauelako (eta laugarren hizkuntza-eskakizuna behar ebanak orain nahikoa dauka hirugarrenagaz).

Hain zuzen be, azken boladan hainbat udal administraziotan hartzen diran erabakiakaitik 'arduratuta' agertu zan aurreko astean Behatokia. Zehatz esateko, joan dan astean Paul Bilbaok egin ebazan deklarazinoen arabera, Donostian eta Azkoitiako udal erakundeetan hartutako erabagiak larriak eta salatzekoak egin jakez, holako gehiago egon leitekeen susmoa badaukie be.

Bizkaiko kasuei erreparau ezkero, badakigu lehenengo aldia ez dana hizkuntza-eskakizunak gitxitu edo errotik ezabatzen dirana. Berbarako, aitagarria da Basaurin jazo zana, bertan gizabaliabideen atalburuari euskeraz jakiteko baldintza kendu jakolako. Holako erabagiek euskaldun eta erdaldunen arteko bereizkeria bultzatzen dabe lanpostu publikoetan eta hizkuntza-eskakizunak lortu dabezan personen garapena oztopatzen dau guztiz.

Donostiako udalari jagokonez, bi erabagi aitatu dauz Behatokiko kideak, Arantza Haranburuk. Batetik, Kirol Patronatuko Antolamendu eta Giza Baliabideetarako Arduradunaren lanpostuari hizkuntzearen ezagutza mailea 4. hizkuntza-eskakizunetik 3.era jaisteko erabagia salatu dau. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak 2005eko irailean igorritako txostenaren arabera, ez da posible holako maila jaitsierarik, baina, hala eta guztiz be, jaitsi egin jako. Behatokiak ez dauz ontzat hartu Patronatuak emondako arrazoiak, izan be, horreen arabera, 4. hizkuntza-eskakizuna eskatu ezkero, hautagai kopuru murritza egongo ei zalako. 'Eta inolako titulazinorik ez bada eskatzen, guztiok lanpostu guztietara aurkeztu ahal izango geunke, zer egin behar dan be jakin barik, logikarik bakoa dana' adierazo dau.

Erabagi hori hartzeko erabilitako argudioa be atxakia dala adierazo dau Arantza Haranburuk: 'Udalak lanpostuetan jagokon derrigortasun mailea pasau badau be, ezagutza errealaren arabera ez da ailegetan, hortaz, holako erabagi batek atzeratu besterik ez dau egingo normalizazinoa'. Era berean, Haranburuk ezagutza erreala zer dan azaldu dau: 'lanpostu bakotxean beharrezkoak diraen hizkuntza-eskubideak eta derrigortasun datak egiaztau behar dira'.

Azkoitiko Udalari jagokonez, berak izentautako arkitekto-tekniko zerbitzu buruak eukan lanpostu horri jagokon hizkuntza-eskakizuna ez da egiaztau. Kasu horretan Udalak berak onartutako bizibarritze planaren kontra egin eben; are gehiago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak berak preparautako txostenaren arauz kontrakoa zala agertu eban.

Zoritxarrez, gaur egun ez dago indarrean mekanismo juridiko-administratiborik hizkuntza-eskubideen urraketak eragin leikien neurriak gerarazoteko; are gehiago, kasu horreetan ikusi daitekenez, lasaitasun osoz har leitekez normalizazinoaren, legearen eta herritarren eskubideen bermearen kontrako erabagiak.

Eta galderea da: noizko kargu politikoentzako hizkuntza-eskakizunak?