Olatuak interneten
Bizkaie!
Neguan eta eski denporaldian bete-betean gagozanean, eski estazinoek edurraren egoerearen barri internet bidez emoten daben lez, Euskal Herriko Surf Federazinoak (EHSF) olatuen egoerearen baerri emongo dau aurrerantzean.
www.euskalsurf.com webgunea preparau dau EHSFk hainbat surflarik egin deutsen eskabideari jarraituz. Webgune horretan egunero Euskal Herriko olatuen barri emongo dau. Hiru koloretan sailkatuko ditu, eta egunean hiru aldiz gaurkotuko dau webgunea.
Oraintsu abiarazo eben webgunea eta EHSFk jakinarazo dauenez ordu gitxitan bi hilebeteko bisitak gainditu ditu. Webgunea surfaren ikur izatea gura dabe eta horretarako hainbat zerbitzu eskainiko dabez. Hondartza, talde eta eskola guztiei buruzko informazinoa ikusgai egongo da, eta federazinoak astero ataraten dituan oharrak be bai. Horrezaz ganera, hainbat argazki eta bideo jaisteko aukerea egongo da.
Esandako moduan, webguneak hainbat atal izango ditu, eta horreen artean aitamen berezia izango dau euskal selekzinoarenak. Selekzinoa osotzen daben surflarien fitxea egongo da eta gaiagaz lotutako albisteak irakurri ahal izango dira. Ganera, Euskal Herriko, Europako eta nazinoarte mailako txapelketen egutegia jasoko dabe.
Azken buruan, federateak dituan abantailak konsultau ahal izango dira, eta internetez federetako aukerea eskainiko dau webguneak. Webgunea elebiduna izango da.