Bidaide  IV. urtea // 142. zenbakia

Zigor Aldama: ‘begiradan igarten jake zenbat sufridu daben’


Saioa Torre Gereketa
Argazkiak: Zigor Aldama

Urtebete pasau da tsunami erraldoi batek Indonesiako kostaldea suntsitu ebanetik. Zigor Aldamak bertatik bertara ezagutu gura izan dau Ekialdeko ugarte hareen egoerea eta bertan izan da ia bi hilabetez. Dozena bat hegaldiren ostean, etxean dago barriro, kontetako hainbat istoriogaz.

1.- Zelako balantzea egiten dozu?

Balantzea, orokorrean, positiboa izan da. Baina balantze bi egingo neukez: batetik, laguntzino humanitarioaren arloan ikusi dodanaren balantzea eta bestetik balantze personala. Balantze biak dira positiboak. Niretzat, bidaia hau arina, gogorra izan da baina lanari jagokonean oso ona, lan barriak euki dodazalako. Bidaiatzeko beste era bat ezagutu dot, bakarrik joan nazalako akaso. Gobernuz Kanpoko Erakunde ugariren laguntzinoa izan dot eta Nazino Batuen Erakundeak be lagundu deust. Erakunde horreek gogor egin dabe lan, leku askotan oraindino egoerea larria dan arren. Sumatran, berbarako, 600.000 lagun dagoz etxerik barik, kanpin-dendatan. Baina urte bat baino ez da pasau. Akaso, pentsau geinke urtebete denpora asko dala baina holako lanak egiteko ez da denpora nahikoa. Halanda be, dana ez dago Sumatra legez eta Tailandia, berbarako, hobeto dago.

Balantze personala be oso ona izan da, baina estresantea. Bidaia hau, lanaren ikuspuntutik, garrantzitsuena izan da niretzat.

2.- Sorpresarik hartu dozu?

Ez. Oso planifikauta eroan dot dana eta pentsauta egoan legez izan da. Egon dira, bai, kontu barri batzuk, Taiwaneko Lehenengo Ministroari egindako alkarrizketea berbarako. Baina, oro har, pentsau nebana baino akaso gehiago bete dot.

3.- Momentu gogorren bat be pasauko zenduan...

Momentu gogor asko. Holako lekuetara joatea, hango jenteagaz berba egitea, euren istorioak jasotea... Oso gogorra da. Askotan, gatxa be bada. Nik ez dot indonesiera edota tailandiera ulertzen baina euren begiradatan, ahotsen tonuan... igarten jake zenbat sufridu daben.

Ganera, euren etxeak izandakoetan egiten nebazan alkarrizketak eta han azpian gorpuak egozan oraindino. Hori oso gogorra egin jat.

Bestalde, alde batetik bestera ibiltea be gogorra izan da.

4.- Bidaia korapilatsua izan da hegaldi kopuruari jagokonean. Nabarmentzeko moduko anekdotarik bizi izan dozu aireportuetan eta hegazkinetan?

Behin, hegaldia galdu neban ia-ia. Kontuan hartu behar da hilebete eta erdian zazpi herrialdetan egon nazala eta ordutegi desbardinak daukiezala. Orduan, Sri Lankatik Singapurrera joan nintzan. Han lo egin eta hurrengo egunean Indonesiarako hegazkina hartu behar neban eta iratzargailua jarri bai, baina ordua aldatu barik. Izartu nintzanean arraroa egin jatan egoerea eta eskuko erlojua begiratu nebanean konturatu nintzan aireportuan fakturazinoa egin behar neban ordua zala. Korrika, taxian... Zorionez, heldu nintzan, hegaldiak urten baino 15 minutu lehenago. Ateko neskea jatorra zan eta sartzen itxi eustan... eskerrak.

Hegaldiak albo batera itxita, autoz egindako ibilbideak be gogorrak izan dira. Ikaragarria da kokoz betetako furgoneta batean 16 ordu egitea! Tsunamiak bideak apurtuta itxi ditu eta errepideak ia ez dira existiduten. Ehun kilometro egiteko lau bat ordu behar dira, hori auto handian joan ezkero.

5.- Zelan ikusten dozu herrialdearen etorkizuna?

Pasa dan urtean eukelakoa. Jenteak asko sufridu dau, batez be umeek. Gatxa izango da hareen psikologia normaltasunera bueltan etortea. Urte bi, hiru, lau... falta dira tsunamia baino lehenagoko egoeran egoteko. Nik, behintzat, hori gurako neuke. Erakunde piloa dagoz horretan lanean eta lehenagoko egoerea hobetzeko ahaleginak egingo dabez.

Halanda be, arazo nagusi garrantzitsu bat dago: desbardintasuna. Tsunamiak astindutako lekuak astindu bakoak baino hobeto geratzen dagoz. Herritar asko haserratuta dagoz eta dinoe ia hobea izango litzatekela eurentzako tsunamia bertara be heldu izana. Egoera horreek kontroletea da Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana.

6.- Hurrengoa, nora?

Ba... oraindino ez dakit. Martian edo izango da, baina ez dakit nora. Akaso, Pakistanera, lurrikarearen ondorioak ikustera. Baina oraindino ez daukat ezer zehaztuta. Orain, antza, tragedien kazetari legez hartu deuste askok eta ez dot gura hori. Horregaitik, datorren urtean liburu bat idazteko asmoa daukat, Txinaren ingurukoa.