2006: telebista eta Internet
Gotzon Plaza,
informatikoa
Urte barriagaz batera aktore barriak ikusiko doguz Interneteko negozio honetan.
1) Bata, Ingalaterrako BBC telebista katea, sarritan munduko katerik onena edo behintzat onenen artean kokatzen dabena. Zein izango ete da honen arloa Internet-en? Euren plangintzeari eutsiz Google eta Yahoo!-ren artean lekutxu bat egin gura dabe. Kontuan euki behar da Ingalaterra mailan BBCk daukan web ataria bisitari gehien daukienen artean bosgarren postuan dagoana. Konpainia honen ospea, izen ona, lana eta seriotasuna kontuan hartuta atari orokorren artean euren lekua bilatzea ez da antza lekokeria izango.
Eta ez bakarrik web atari nagusi lez bakarrik, euren asmoak beste arlo batzuetara be zabaldu gura dabez: Internet bidez musikea eta bideoak deskargetan diran atal honetan ipini dabez euren begiak. Oraintsu, ia miloe ta erdi personek BBCko web gunetik Beethoven-ren bederatzigarren sinfonia deskargau eben, hau bai, musika deskarga hori dobanekoa izan zalako edo. Eta musikaz berba egiten badogu BBCk daukazan artxiboak ez dira ez makalak. Hau dala eta, eurek garatutako soft bat (MyBBCPlayer izenekoa) aproba fasean daukie, berorregaz erabiltzaileek irrati eta telebistako programak deskargau dagiezan. Berbarako, BBC Radio 1 katea entzuten dauen persona batek, entzuten dagoan abestia momentuan deskargau (erosi) ahal izango dau. Eta pelikula edo bideoei dagokienean, adibide moduan, Londonengo atentaduen ondoren, 60 miloe eskaera egon ziran BBCko bideoak ikusi ahal izateko.
2) Bigarrena, Warner Bros estadubatuar konpaniak be Internetegaz lotuta bere planak daukaz. American Online zerbitzu enpreseagaz akordio bat sinatu ondoren, urte barriagaz zabalera handiko sare barri bat (In2TV) preparauta eukiko dabe. Honen bitartez, AOL.com-eko erabiltzaileek telebistako antxinako hainbat film euren esku eukiko dabez eta ganera doban. 70 eta 80-eko hamarkadetako telebistako film arrakastatsuenak egongo dira euren artean: “Emakume bionikoa” (gogoratzen dozue, eitb-en emon eben lehenetarikoetakoa), “Falcon Crest”, “La femme Nikita”, “Louise eta Clark” (Superman-en abenturak) eta beste batzuk.
3) Eta hirugarrena baina ez azkena, Apple Computer. Honeek beti dira aintzindari, besteei beti bidea erakusten. Euren iTunes musika “dendea” garatu ondoren, musikea Internetetik deskargetea negozioa izan daitekela erakutsi eben. Gero, Disney eta ABC telebista kateakgaz akordiok berbatuz, konpania honeen telebistako filmak iPod Video tramankulotxura deskargetako moduan dagoz: 1,99 dolarrengaitik “Lost” edo ta “Desesperate Housewives” telesailak gozetako aukerea emoten deuskue.