King Kong
'King Kong' azken urteotako produkzinorik ikusgarrienetariko bat da, ekintzaz jositako ikus-entzunezko digitalen amesgaizto harrigarria baizen burubakoa, hatan be. Hasikerako zatian, personaien aurkezpena zuzen-zuzena da, batez be Ann Darrow-ena, eta, ganera, pelikuleak hogeita hamarreko hamarraldiko New York-en bete-betean sartzen gaitu, krisiak, lastertasunak eta lehiak zipriztinduriko uri ikaragarria erakutsiz. Alde horretatik, esan beharra dago zati honetako girotze lana ezin hobea izan dala.
Dana dala, King Kong lehenengo biderrez agertzeko aukerea hurreratzen doan neurrian, erritmoa apaltzen da eta baporeko tartea nahiko aspergarria da; hori bai, gure tximino erraldoia bizi dan ugartera ailegau eta atoan, ekintza eszena neurribakoak eta efektu berezi ikaragarriegiak ikusiko doguz bata bestearen atzetik, atseden txiki bat hartzeko tarte barik. Filmaren bigarren zati honetan Peter Jackson zuzendariak logikoa danaren neurri guztiak gainditu dauzelakoa daukat; eszenak puztuegi dagoz eta ez dago arnasa hartzeko astirik be. Ganera, gehiegikeriok nekea eragiten dabe eta horrek izugarrikerioi kontrajarten jakezan erantzunak sortuarazoten dauz, berbarako barre algara batzuk.
Halanda ze, artifizio honeek guztiek protagonismo osoa kentzen deutse filmaren maminari, hau da, piztiaren eta ederraren arteko maitasun istorioari; bestalde metrajea lar luzea da eta hainbat unetan kantsagarria be bai.
Hirugarren eta azken zatian, Empire Stateko azken minutuak azpimarratuko neukez: hunkigarriak dira. Edozelan be, 'King Kong' honek jatorrizko akatsa dauka, ez da-eta benetako istorio batean oinarritzen, ezpada istorio hori kontetako tresna tekniko neurribakoetan; horrek sinisgarritasuna ez eze piztia eta ederraren arteko lilurearen edertasuna be ezabatzen dau oso-osoan.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Peter Jackson.
- Herrialdea: Zeelanda Barria eta AEB.
- Iraupena: 180 minutu.
- Antzezleak: Naomi Watts (Ann Darrow), Jack Black (Carl Denham), Adrien Brody (Jack Driscol), Thomas Kretschmann (Englehorn kapitaina), Colin Hanks (Preston), Kyle Chandler (Bruce Baxter), Jamie Bell (Jimmy), Evan Parke (Hayes), Andy Serkis (King Kong/Lumpy, sukaldaria).
Gidoia: Fran Walsh, Philippa Boyens eta Peter Jackson; Merian C. Cooper eta Edgar Wallace-ren jatorrizko gidoian oinarrituta.
- Argazkia: Andrew Lesnie.
- Muntaia: Jamie Selkirk.