Lauaxetaren urtearen amaieran, beste sorpresa bat
Julen Gabiria
Urtea ez da oindino amaitu, eta astebetek askorako emon leike, tartean Estepan Urkiaga 'Lauaxeta' (1905-1937) idazlearen figura badago. 2005a bere urtea izan da, danok euki dogu bere barri eta danok ikasi dogu zeozer gehiago Laukizko poetearen gainean. Beste asko kantsau be egingo ziran Lauaxeta hainbeste bider topeteaz, han eta hemen, alde guztietan. Beste askok maniobra politikoa ikusiko eben urte honetako ekitaldi ugaritan, baina argi dagoana da inor ez dala Lauaxetaren itzaletik aparte geratu.
Aldizkari honetan be, atseginez emon deutsuegu Lauaxetaren inguruan antolatu diran ekitaldi gehienen barri, baina, hasikeran esan dogun moduan, urtea ez da oindino amaitu. Astebete geratzen da, eta batek daki Lauaxetaren gaineko zenbat albiste gehiago emon leiken aste batek, ze, martxa honetan, benetako albistea izango da Lauaxetaren gainean ez dala albiste barririk sortu.
Joandako astean izan zan azken notizia: 'Arrats beran' liburuko poemen testu originalak agertu dira, idazmakinaz idatzita eta Lauaxetak berak egindako zuzenketakaz. Sabino Arana Fundazinoak emon zituan argitara dokumentuok lehengo martitzenean, 'Lauaxeta. Lau haize, hamaika begirada'” erakusketea Bizkaiko Foru Artxiboan aurkezten zala aprobetxauta. Modu horretan, lehen Mungian eta oin Bilbon ikusgai dagoan erakusketa horretan, lehengo objektu eta dokumentuakaz batera, aitagai daukaguzan originalak be ikusi ahal izango dira urtarrilaren 29ra arte, Maria Diaz de Haro kaleko 11n dagoan egoitzan.
Jatorrizko dokumentu horreek Lauaxetak inprentara bialdu zituan moduan jaso dira, frankismoak iraun eban bitartean Pepe Verdes editoreak gorde zituan eta oin, haren seme Joseba Verdesek Sabino Arana Fundazinoaren Abertzaletasunaren Agiritegi Historikoari emon deutsoz papel interesgarriok. Gogoratu behar da oin dala gitxira arte Bilboko Zazpi Kaleetan zabalik egon dan Verdes liburu-dendea inprentea be izan zala, eta Lauaxetak hantxe argitaratu zituala 'Bide barrijak' (1931) eta oin protagonista nagusi bihurtu dan 'Arrats beran' (1935) obrea.
Guztira, bildutakoak berrogei poema dira, eta erakusketaren komisarioa dan Jon Kortazar irakaslearen eretxiz, “dokumentuek funtsezko informazinoa emoten dabe lan horren jatorriaren gainean. Testua argitaratu aurreko fasean badago be, poetak aldaketak sartu ditu bere eskuz. Horrek, Lauaxetaren lan egiteko moduaren gaineko datuak emoten deuskuz, eta aitatu beharrekoa da beste aldizkari eta argitalpen batzuetan bere poemen bersinoak agertu zirala; hau da, Lauaxetak “ebagi eta pegau” prozesua eukan bere obren gainean behar egiten ebanean”.
'Lauaxeta: Lau haize, hamaika begirada' erakusketea lau tren estazinotan dago bananduta, eta estazino bakotxean Lauaxetaren bizitzan garrantzitsuak diran lau espazio agertzen dira: Mungia, Bilbo, Gernika eta Gasteiz dira leku horreek, eta bertan, objektu, dokumentu, panel, argazki eta abarrak dagoz bilduta, ikuslea XX. mendeko euskal literaturea barriztu eban idazlearen bizitzara hurreratzeko.
Gainera, erakusketan beste hiru dokumentu ikusteko aukerea dago, lehenengo biderrez: Lauaxetak hamabost urte eukazaneko argazkia, Jesuitetatik aterateko 1928an egindako eskaria, eta eskari horri emon eutsien erantzuna. Bestetik, Maria Diaz de Haro kaleko egoitzan, Lauaxetari egindako epaiketearen eta fusilamentuaren espedientea be ikusgai dago.
Esan dogun moduan, Lauaxetaren urtea amaitzear dago, baina espero daigun 101. urteurrenean be, eta interes literario hutsagaitik, Lauaxetak protagonista izaten jarraituko dauela. Eta Lizardik, eta Orixek, eta merezi daben guztiek. Mendeurrenetako interesen gainetik: interes literarioagaitik.