The ice harvest
'The ice harvest' genero baltzean sartu daikegun filma da. Ez dauka handinahirik eta, beharbada, horixe da pelikula honen dohain nagusia. Izan be, abiapuntua ona izanagaitik be, filmak aurrera egin ahala, bilbea nahiko modu absurdo eta zentzunbakoari jarraituz korapilatzen da. Garapena nahiko kaotikoa da, behinik behin ikus-entzuleak nahastetaraino; eskerrak gidoia personaien esku geratzen dana eta aktoreen beharra txukuna dana.
John Cusack-ek ondo be ondo beteten dau mafiaren abokatu modura egin beharreko antzezpena, apurka-apurka dan-dana kontra imini arren; edozelan be, zenbat eta estuago agertu, orduan eta hieratiko eta indartsuago ikusiko dogu. Era berean, antzezpenari ikutu komikoa emoten jakin dau eta, duda barik, personaia pelikula honek daukan baliabiderik onena da, ia-ia bakarra, aurki.
Bestalde, pelikuleak aitatzen dauen Gabon giroaren barruan, hainbat pasartetan eskaintzen deuskun odol txarra eskertu daiteke; sasoi honetan ohikoak diran larregiko gozotasunen artean, pelikulea zelan edo halango kontrapuntua izan daiteke, bertan agiri diran umore baltza, ironia eta txiste ez-zuzenak dirala eta.
Edozelan be, honako hau ez da maisu lana, ez eta behar ona be; denporea emoteko balio leike, baina, ikusi ezkero, seguru antzean igarriko dozue ez dala inoren nahiak asebeteteko baizen sendoa; zoritxarrez erdibidean geratzen da, inoren eremuan.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Harold Ramis.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 88 minutu.
- Antzezleak: John Cusack (Charlie), Billy Bob Thornton (Vic Cavanaugh), Connie Nielsen (Renata), Oliver Platt (Pete), Randy Quaid (Bill), Mike Starr (Roy), Lara Phillips (Rusti), Ned Bellamy (Sidney), Brad Smith (Ronny), Bill Noble (Culligan), T.J. Jagodowski (Tyler).
- Gidoia: Richard Russo eta Robert Benton; Scott Phillips-en nobelan oinarrituta.
- Argazkia: Alar Kivilo.
- Muntaia: Lee Percy.