Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 142. zenbakia

Gabonetako erregaluak eta dendetatik iges egiteko aukerak


Begiluzea

Gaur egun, Gabonakaz batera beharrezko erosketak egin behar izaten dira. Egun honeetan kontsumitzaileek dendetara joten dabe artezean, familiartekoei edota lagunei ezusteko atsegina emoteko asmoz; horretarako, hurrekoen interesak eta gurariak erakusten dabezan ideien zerrenda luzeak egin ohi dira, buruz besterik ez bada be. Data honeetan astialdiak gorakada ikaragarria dauka eta askok be askok erosketak azken egunetarako itxi behar izaten dabez diru kontuak dirala eta; horrek jente uriolak eragiten dauz merkataritza zentroetan.

Erosketen ondorioz, persona askorentzat sasoi hau sano nekagarria izaten da, baina azken urteotan gero eta gehiago erabilten dan laguntzaile bat daukagu: sarea. Izan be, kontsumitzailerik gehienek adierazoten dabe estu eta larri sentiduten dirala sasoi honetan dendak bisitetan dabezanean. Larritasun honen arrazoiak batez be ondokoak dira: jentetzea, erregalu perfektua topetako zailtasunak, erregaluak erosteko denporea eta gastu ekonomikoa.

Interneten aukerea

Estuasun hori gainditzeko baliabidea tekladua bera izan daiteke; izan be, gaur egun Interneten erosleen lehentasunetara eta gurarietara moldatzen dan makina bat produktu topau daiteke. Liburuak, kamera digitalak, musikea, bideojokoak, arropea eta zapatak gehien eskatzen diran aukerak dira, beti be hain ohikoak diran gorbatak edo galtzerdiak ahaztu barik. Dan-dana topau daiteke saguan klikauta.

Era guztietako produktuak ezelango erreskadarik egin barik eta erraztasunez eskaintzen dabezan webguneak ugariak dira; sagu eta kreditu txartel baten laguntzaz aukera mordoa daukagu. Abantailetariko beste bat oparien salneurrian be egon daiteke. Izan be, azterlan baten arabera, kontsumitzaileen % 84 sinistuta dago Gabonetan denda tradizionaletako jaubeek prezioak goratzen dabezana; ganera, % 69aren eretxiz, gehiago gastetan da kalera erosketak egiten urten ezkero.

Hori guztiori kontuan hartu barik zeregin honetan galdu ohi dan denporea eta gaur egungo kontsumitzaileek daukien denbora urria. Erosleen % 46k gurago dauz erosketa guztiak batera erosi. Beste % 54k ez dauz erregaluak batera erosten eta horreetariko % 6k hilebete baino gehiago egiten dau guztiak eskuratzeko, % 25ek aste bi edo hiru aste, % 24k astebete baino ez eta % 45ek astebetetik beherako epealdian erosten dauz. Hau guztiau ikusita, sarea aukeratzea sano baliabide interesgarria izan daiteke, minutu bakar batzuetan ezagun guztientzako opariak erosi daitekez eta.

Tentuz ibili beharra

Edozelan be, ez da ahaztu behar tentuz eta arretaz ibili beharra dagoana, horixe da-eta erosle elektronikoaren laguntzailerik onena. Hasteko eta behin, aztertu behar da ia webguneek gitxieneko segurtasun baldintzak beteten dabezan eta, bigarrenik, guztiz erakargarriak diran eskaintzei iges egitea komeni da; biak aholku onak izaten dira. Dirua ixteko kontu birtual bat eskuratzea be izan daiteke salerosketa digitaletan konfiantza handirik ez daukien internauta guztientzako proposamen egokia. Internet, behinik behin, data honeei aurre egiteko beste bitarteko bat da. Bakotxaren besaulkia eta etxea saltokirik onena eta erosoena izan daiteke.