Bidaide  II. urtea // 19. zenbakia - 2003ko zezeilaren 1a

Abentura erraldoiak preparetan


Dirua, denporea… eta gogoa

Era honetako bidaien aurrean jentea kikiltzeko arrazoi nagusia ez da kostua izaten denporea baino eta, sarritan gogorik eza. Bidaia preparetako bidai-agentziara joan ezkero, denpora asko aurreztuko dogu eta bidaia laburren kasuan dirua be bai. Hala eta guztiz be, goitik behera antolautako bidaiak aukera asko kentzen deutsoz bidaiariari. Nire bidaietan, artaldeen antzean, turista asko ikusten dodaz gidarien aginduak jarraitzen eta urietako leku eta kontu 'erakargarrienak' bisitau eta entzuten baina, era horretara, normalean ez doguz herrialdearen kulturea eta jentea ezagutuko. Edozelan be, bidaia antolatua aukera ona da denpora larregi eta bidaia independientea egiteko nahikoa indar fisikorik ez dauenarentzako. Hori bai, denporearen aldetik mugarik ez badozue, aberasgarriena norberaren kontura joatea izango da, batez be, gazteen kasuan. Ez da hain gatxa. Sarritan, nagikeria eta konformismoa izaten dira traba handienak holako bidaia zoragarrien zurrunbiloan bildurrik barik sartzeko. Holako abenturatan sartzeko botikarik onena gogoa izatea baino ez da.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Bidaiak egiteko modu bi dagoz: erraza eta erosoa (bidai-agentzietan kontratetan diranak) eta nahasia baina merkea (bidaiari independienteak preparetan dauena). Bidaiak egiteko modu bi horreetan alde onak eta txarrak dagoz baina nik neuk bigarrenaren alde egin dot beti. Sarritan entzun dot 'zu zabilzan moduan ibiltea gustauko litzakit neuri be baina hain da nahasia eta deserosoa...'. Kontuak kontu, azpigaratutako herrialde batzuetan 'arazoak' izan geinkezala onartu arren, lekutara bidaia edo abenturea era independientean edozeinek preparau leike eta denporea, diru apur bat eta gogoa baino ez dira behar. Ondoko lerroetan, era independientean antolatutako bidaia erraldoian arazorik ez izateko oinarrizko arauak emongo deutsueguz.

Garraiobideak

Aurrekontuari jagokonez, zatirik handiena hegazkin txartelak kenduko deusku eta kanpoan egingo dogun denporaldiaren arabera, aurrekontu osoaren % 50 be izan daiteke. Onena, txartela ahalik eta arinen erostea izaten da (ahal dala, hilebete batzuk lehenago) eta konpainiek egiten dituen eskaintzen aurrean zuhur ibiltea. Bizkor ibili ezkero, diru asko aurreztuko dozue. Asia, Afrika edo Hegoameriketako herri azpigaratuetan zehar ibiliko bagara, herrialde barruko bidaiak hegazkinez egin beharrean, itsozoz edo errepidez egitea komenidu da era horretako garraiobideak oso merkeak izaten diralako; kasu batzuetan, torturea izan daiteke holako garraiobideak erabiltea baina abenturearen pasadizu edo esperientzia bereziak izaten dira.

Lo egiteko lekua eta planifikazinoa

Urten baino lehen, helduko garan herriaren ganeko gitxieneko informazinoa jasoteko, gitxienez gida bat erostea komenidu da. Nik neuk, bidaia preparetan dodanean, normalean ez dot ezelako erreserbarik egiten eta jentea harritu egiten da, batez be, Kanbodia edo Laos lako herri 'arriskutsuetara' joaten nazanean. Jaiegun batzuk kenduta, erreserbea momentuan bertan egitea ez da bape gatxa, izan be, heltzeaz batera, jente asko hurreratzen jatzu jatekoa zein lo egiteko lekua eskaintzen (gaua 3 euroren truke pasetako leku eskasak edota leku egokiagoak apur bat karuago. Egia esan, uri 'aurreratu eta modernoenetan' gatxagoa izaten da lo egiteko leku merkeak topetea. Berbarako, Hong Kongen eta Singapurren ezinezkoa izango da 25 euro baino merkeagoko lekuren bat topetea, era horretako apurrak ganezka egoten diralako. London edo New York lako urietan sekulako aurrekontua beharko dogu. Edozelan be, herrialde bahartsuetako herri txikietan, arazo handiena gitxieneko kalidadeko ostatuak topetea izaten da; Laoseko iparraldean esaterako denporea alperrik galtzea izaten da leku 'egokiaren' bila ibiltea.

Beste alde batetik, heltzeko ordua be kontuan hartzekoa izaten da. Eguerdian, kale guztiak jentez ganezka dagozala heltzea edota, kaleak hutsik eta ilun dagozala, goizaldez heltzea ez da gauza bera. Ez daukat ahaztuteko igaz Indiako uriburura, Delhira heldu ginan momentua. Urriko egun bateko goizaldeko 2:25 minutu ziran eta inmigrazino kontrola pasau ostean (ordubete eta erdi, gitxi gorabehera), jente asko hurreratu jakun era guztietako zerbitzuak eskaintzen. Zentzunez jokatuz, eskaintza horreek guztiak baztertu eta mostradore batean taxi bat kontratau genduan gidan azpimarratutako hotel batera joateko. Laster konturatu ginan, taxisteak ez eukala ezelako asmorik gure aginduak betetako eta uriko kale bildurgarrietan zehar denporatxua egin ondoren, hotelera heldu ginan. Hurrengo egunean, 50 euro eskatu euskuezan 15 be merezidu ez eban geleagaitik. Gauzak holan dirala, batez be, uri handien kasuan, berandu heltzeko asmoa izan ezkero, onena erreserbea aurretiaz eginda eta bateren bat gure zain izatea da.

Zentzunez jokatzea, gomendiorik onena

Turistea helburu erraza izaten da herrialde azpigaratuetako gaizkileentzako. Mendebaldeko bidaiaria dolarraren eta lehen munduaren aberastasunaren sinbolo izaten da (beti holan ez bada be) eta, beraz, gitxieneko neurriak hartu behar dira. Handi-mandikeria barik jakina, Asia edo Afrikako herrialdeetan zeharreko bidaietarako, hegazkin txartela kenduta, arrazoizko aurrekontua izaten da persona eta egun bakotxeko 30 bat eurokoa (eguneko jateko guztiak eta lo egitea). Hori bai, gogoan izan holako kopuruagaz komodidadeak gitxi izango dirana eta, ganera, arazoak izateko aukerak be gehiago izango dira: urien periferian kokatutako ostalak, garbitasun edo higiene eskaseko jatetxeak, egoera negargarrian dagozan garraiobideak...; arrisku faktorerik nagusienak izaten dira horreek. Lekuak eta lekuak dagoz baina argi dagoana da munduko uririk seguruenean be esperientzia txarrak bizi geinkezala.

Horrezaz ganera, sarri entzun dogu hoteletan ez dala balio handiko gauzarik, dirurik eta dokumentazinorik itxi behar eta gomendio hau zorrotz jarraitzea gomendatzen deutsuet. Berbarako, herrialde batzuetan pasaportea galtzea benetan arazo handia izan daiteke.

Jatetxeen harian, arrisku handiko guneak izaten dira bidaiarientzako, izan be, askotan gatxa edo ezinezkoa izaten dalako jatekoen egoerea konprobetea. Hartu geinkezan neurriak askotan txiki geratuko jakuz. Nire esperientzia kontauko deutsuet. Txinan lau aldiz eta Asiako hego ekialdean sarritan egon arren eta neurriak hartu arren, Indian izan neban errakuntza baten ondorioz, ospitalean pare bat egun egin behar izan genduzan; lagunagaz batera, Siligurin sekulako egarriagaz gengozala, kalean fruten ura saltzen ebela ikusi eta pentsau barik, azukera-kanaberearen ura edan genduan; ez ginan konturatu kanabereak azala kenduta eukanik eta luzaroan egoan eikeanik mikrobio eta intsektuen erasoen menpean. Konfiantza osoagaz edan genduan zumoa baina egun batzuk geroago, ia-ia deshidratauta, ahal izan gendun moduan laguntzino eske joan ginan Kalkutako ospital batera. Disenteriagaz jota egon ginan eta sekula ahaztuko ez dogun larrialdia izan zan. Kontua da ze, holako arazoak erraz ebitau daitekezala iturriko ura eta kalean preparautako zumo edo bestelako edariak baztertuz baina beti adi egotea eta aurrekontu txikia eta seguridadea buztartzea ez da erraza izaten.