Barriketan  IV. urtea // 142. zenbakia

Andoni Egaña: ‘Herri honek holako egun gehiago nahi eta behar ditu'

Uztapide handiaren markea gaindituz, Andoni Egaña Makazagak laugarren txapela irabazi dau azken urteotako finalik orekatuenean eta jentetsuenean. Bizkaian lehenengoz egindako Txapelketa Nagusi bateko finalean 13 mila lagunen aurrean, Zarautzen orain 44 urte jaiotako bertsolaria jaun da jaube izan zan Iturriaga, Lujanbio, Arzallus, Igortza, Colina, Mendiluze eta Maiaren aurretik.

Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko azken lau edizinoetako txapelduna Euskal Filologoa da ikasketaz eta sorkuntza lanetan dabil aspaldion, izan be, eleberriak, saiakerak, eretxi artikuluak, gidoiak...idazten ditu.

Txapela tabladuan kentzea gura dauela esan dau sarritan eta hurrengo Txapelketa Nagusirako asko falta bada be, oraingoz ez dago jakiterik Andoni Egañak parte hartuko dauen ala ez. Zalantza hau eta beste batzuk argitzen ahaleginduko gara ondoko galdeketan:


1.- Ezer baino lehen, zorionak, marka guztiak gainditu dozuz laugarrren txapela irabazita. Palmares hori gainditzea ez da erraza izango...

Ez... Niretzat oso gatxa eta beste edonork be ez dau samurra izango. Egun, zorionez, lehengo domekan ikusi ahal izan zan moduan, edonork lortu leike beste edonoren gainetik geratzea.

2.- Imanol Lazkanoren eskutik jaso zenduan Txapela. Momentu hunkigarria; zer pasau jatzun burutik momentu horretan?

Azken hogei urteotako ibilbidea, taldean egin doguna. Eta talde horrek, Bertsozale Elkarteak, Imanol Lazkano izan dau zutabe. Imanolen lanik barik, ez geunkean lortuko BEC-en lortu genduana.

3.- Hamairu mila lagunen aurrean kantetea ez da bromea izango baina inoiz baino lasaiago eta gustorago egon zinala adierazo dozu. Lasaitasun hori erabagiorra izan da saio ederra egiteko?

Nik uste baietz. Hasten bazara pentsetan zenbaterainoko erantzukizuna daroazun, burua galtzeko arriskua dago. Beraz, urtenbidea da ahalik eta naturalen hartzea eguna.

4.- Buruz burukoa Unai Iturriagagaz (laugarren finalean kantuan) izango zala iragarri eutsuenean, zer izan zan pentsau zenduana?

Ez da asti larregi izaten buruari buelta asko emoteko baina polita izango litzatekela Unai txapeldun ikustea nabarmenduko neuke. Urte asko daroaguz aida alkarregaz plazan, eta benetan estimetan dot bertsolari eta adiskide moduan. Holan adierazo neutson berari be: 'Benga Unai! Badezakek! Eutsi!'

5.- Bertsolaritzea osasuntsu dagoala argi itxi dabe BECeko finalera hurerratu ziran 13 mila lagun horreek. Edozelan be, ‘Pasa hitza’ lemeagaz, bertsolaritzea zabaltzea izan da antolatzaileen helburu nagusia. Horretan asmau dogula pentsetan dozu?

Duda barik. Komunikazino lanetan ahalegin handia egin dogu eta horrek bere emoitzak ekarri ditu. Zabaldu egin gara...gure txikian. Konplexurik bako apustu bat egin genduan, eta badirudi ondo urten deuskula.

6.- Finaleko jente kopuru itzela nabarmentzekoa izan arren, finalean bizi izan zan giroa lakorik ez dogu ezagutu...

Guk be ez... Baegoan han holako poz kolektibo bat, harrotasun bat... Goizeko hamaiketan jente artetik pasau eta oholtzarako bidean egoan emozinoa ez dot nik inon ezagutu. Herri honek holako egun gehiago nahi eta behar ditu.

7.- ‘Ejem’ batzuk kenduta, Txapela amari eta finaleko danen amei eskaini zeuntsan. Ama pozik itxiko zenduan...

Gurea bai, eta besterenak be bai. Egia da guk holako lehia luze batean sufridu egiten dogula, baina gure hurrekoek are gehiago sufriduten dabe. Eta ama izaten da beti hurrekoena... Merezi eben, gure partetik, holako errekonozimendu bat.

8.- Txapela tabladuan galdu gura dozula esan dozu sarri eta argi itxi zenduan BECen ez zagozala txapela edozelan eta edonori emoteko. Inoiz ikusi zenduan arriskuan laugarren txapela?

Ez neban hori planteau be egin. Horregaitik nengoan lasai. 'Arrisku' berbea, txapelari dagokionean, oso gainditua neukalako benetan. Ikustekotan, une jakin batean, arratsaldez, irabazteko 'arriskua' ikusten hasi nintzan.

9.- Finaleko bertsolariak, oro har, zelan ikusi zenduzan? Amets Arzallus laugarren, Maialen eskastxu, Joan Maia azkenengo...

Ondo ikusi nituan lagunak. Maialen eskas ibili zanik ez neuke esango inondik inora. Egin nahi ebana egitera ez zala heldu bai, baina hortik eskas aritu zala esatera... Jon Maiari tokatu jakon azkena izatea. Ba nik saio on samarra egin ebala esango neuke. Baina, domekako finalean, zortzigarren egitea oso erreza zan. Holako maila egoan oholtza gainean!

10.- Ausardia puntuagaz, Txapelketan doinu barriak entzun doguz. Bide barriak urratzen...

Bai…Eta nik ez dot adorerik izan doinuei dagokionean ezer barririk ekarteko. Gazteagotan beti esperimentetan neban zeozer, baina orain edadeak 'alpertu' egin nau.

11.- Lau urte barru, areto zarratuetan erretzea galarazota egongo da. Txokorrik erre ezin izatea arazoa izan daiteke zuretzako?

Bai... Baina iruditzen jat gainditu neikela.

12.- Lau urte barru Txapelketa Nagusian ikusiko zaitugu?

Ez dakit... Ikusiko dogu lau urteak zelan joaten diran eta garaia heltzen danean, orduantxe hartuko dot erabagia.

13.- Egañagaz ala Egaña barik, 2009ko Txapelketa Nagusia nork irabazi leike?

Unaik, Irazuk, Maialenek, Sustraik, Sarriegik, Amaiak, Jonek, Igorrek, Ametsek, Aitorrek, Beñatek... Faborito gehiagoren izenak nahi?

14.- Bertsolaritzea ez eze, korrika egitea be gustetan jatzu, jarduera biak lar ondo buztartzen ez badira be. Aurten ze lasterketa korridu dozu? Atletismo arloan, zein da zure erronkea?

Aurten ez dot ezer askorik egin... Min hartu neban orkatilean seme-alabakaz futbolean ari nintzala, tonto-tonto, eta ez naz erabat osatu. Ia orain, denpora eta patxada gehixeagogaz... Aurreko lau urteetan sei maratoi egin ditut, eta ez jako txarto etorri atsedenaldia gorputzari.

Koldo Isusi Zuazo