'Berreskuratutako Bilbotarrak', bilbotar garrantzitsu baina ezezagunen bigrafiakaz osotutako liburua
Bizkaie!
Bilbao 700-III Millenium Fundazinoak uriburu bizkaitarreko persona garrantzitsu baina aldi berean ezezagunen biografiak lantzen dituan liburu-bildumea antolatuko dau eta Muelle de Uribitarte Editores argitaletxeak kaleratuko ditu ekimen honetako aleak.
Bilboko Udalak jakinarazo dauenez, 'Berreskuratutako Bilbotarrak' izenburuko liburu sorta honetako lehen protagonistea José Maria Belaustegigoitia futbolari mitikoaren azalpen biografiko labur bat izango da.
'Uri baten esentzia bertako herritarrakan. Beraz, herri baten historiarako garrantzi berezia izan eben pertsonaien oroitzapena memoria kolektiboan gorde behar dogu', zehaztu dau Bilbao 700-III Millenium Fundazinoak.
Bilduma honetako protagonisten artean, Jose Maria Belaustegigoitia, Alejandro de la Sota, Nemesio de Mogrobejo, Enrique Epalza, Aureliano Valle, Arturo Castilla, Quintín de Torre eta beste askoren biografiak aurreikusi dira baina 'horreetako batek be ez dauka lehentasunik besteen aurrean, bakotxak aintzatesteko moduko bide bat egin ebalako', dinoe ekimenaren arduradunek.
Biografia bakotxaren erretratu biografikoak historialari ospetsuei eta kazetari bilbotarrei enkargau jakez.
Aukeratutako guztiek euren lanbideetan, Bilboren historiarako garrantzi handiko helburuak lortu ebezan, eta bestetik, euren balioa berreskuratzeko preminea dagoala uste izan dau Bilbao 700 Fundazinoan, gaur egun askok ez dabezalako ezagutzen edo, batzuetan, ahaztuta dagozalako.
Denporan urrunegi ez dagozan pertsonaiak aukeratu dira, XIX. mendearen amaiera aldetik XX. mendearen erdialdera bitartekoak, hain zuzen be.
Bildumako lehenengo tituluak Jose Maria Belaustegigoitia futbol jokaliararen bizitzea dakar. Liburuaren ardurea Alberto Bacigalupe kazetariarena izan da, eta baloia oinetan eukala Belauste izenagaz ezagunagoa zan futbolari, abokatu eta politikari berezi honen erretratu zehatza izan nahi dau.
Belauste 1930/31 denporaldian San Mames futbol zelaian, Bartzelonaren kontra 12-1 historikoa lortu eban Athleticeko kidea izan zan. Komunikabideek legenda eregi eben haren inguruan selekzinoagaz, 1921ean 'furia roja' mitoaren jatorri izan zan anekdota ospetsuko protagonistea izan zan eta, oihuka baloia eskatu ('¡Sabino, a mí el pelotón, que los arrollo!') eta Anbereseko Joko Olinpikoetan Suediaren kontrako partiduan buruz sartzean bardinketea ekarri eban golari esker.