Getxoko Jazzaldiak 2005eko talde lehiaketearen irabazlearen diskoa argitaratu barri dau
Bizkaie!
Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiak oraintsu kaleratu dau 2005eko talde lehiaketearen irabazlearen diskoa, Felix Fromm Sextet talde alemaniarraren lana, hain zuzen be. Seikote alemaniarrarena diskora sei kantu bildu dira, garagarrilaren 4an eta 5ean zuzenean grabautakoak.
Jaialdiko arduradunek prentsa-ohar bidez azaldutakoaren arabera, lehiaketea irabazteko Europa osoko 86 banda artean egindako aukeraketan gailendu ziran alamanak eta beste hiru taldek osotutako finala gainditu behar izan eben. Diskoa musika-denda nagusietan salgai dago.
Diskoaz ganera, 3.000 euroko saria be lortzen dabe irabazleek, Hoeilaart-eko (Belgika) eta Ibizako jazzaldien talde lehiaketetan parte hartzeko aukerea ahaztu barik. Azken sari hau Getxok jazzaldi bi horreekaz berbatutako hitzarmenaren ondorioz sortu zan.
Azken edizinoetan lez, aurten be talde gazteek erakutsitako maila handiaren ondorioz oso gatxa izan zan erabagia epaimahaiarentzat. Azkenik, taldekideen alkar ulertzea, instrumentuen arteko orekea eta, bai klasikoak, bai berezko konposizinoak joteko freskotasuna erabagigarriak izan ziran Felix From Sextet-ek lehenengo postua eskuratzeko.
Gainera, seikoteak beste bi sari irabazi ebazan: Publikoaren Saria eta Bakarlaririk Onenaren Saria, taldeko piano-jolea dan Rainer Böhm-ek jaso ebana.
Seikote honek Alemaniako zenbait musika ikastegitan ibilitako musikariz osotuta dago: Rainer Böhm (pianoa), Felix Fromm (tronboia), Florian Trübasch (saxoa), Steffen Weber (saxo tenorea), Arne Huber (kontrabaxua) eta Andy Haberl (bateria).
Gazteak izan arren, jaialdi askotan jo dabe (Montreux, Den Haag, Viersen JazzFestival), irratietan eta jazz klubetan. Ganera, beste talde eta orkestra batzuekaz batera jardun dabe, eta Maria Schneider, Dave Liebman, Johannes Enders eta Tony Lakatos musikari ospetsuakaz be bai.