Jan-edanak  IV. urtea // 142. zenbakia

Gosea munduan


Gosearen egoera munduan:

Lehenengo helburua, hau da, gose gorria erdira murriztea, 1996ko Janariaren Munduko Goi Bileran berbatu zan. 2015. urterako goseak jota dagozanen kopurua erdira bajatzea erabagi eben 186 herrialdetako agintariek. Horretarako, helburu garbia ezarri eben: urtero 20 miloe persona gitxiagok sufridutea gosearen arazoa. Baina, oraindino, urtero 8 miloetan baino ez da murrizten. Era horretara, askoz be urte gehiago beharko geunkez goi-bilera haretan ezarritako helburua lortzeko.
Azkeneko datuen arabera, munduan oraindino 800 bat miloe lagunek sufriduten dabe gose kronikoa. Kontuak kontu, munduko zazpi biztanletik bat behar beste jateko eskuratu ezinik dabil, eta Afrikan % 34ra heltzen da da kasu askotan. 2015era bitartean, kopuru hori 400 bat miloe personatan murriztu beharko da, justu erdira, beraz ahalegin handiak egin beharko dabez herrialdeek milurteko helburu hori lortzeko. Dana dala, aurrera pausuak kontuan hartzekoak dira Latinoamerikan eta Karibean, izan be, orain arteko erritmoari eutsita posible izango litzateke helbura lortzea. Asia eta Pazifikon, barriz, gatxagoa izango da, ia ezinezkoa, baina azken urteotan aurrera egin dabe nabarmen. Ekialde Hurbilean eta Ertainean ondo joiazan indizeak baina azken gatazka armatuakaz, ahalegin guztiek porrot egin dabe.

Munduko gosea ez da janari-eskasiaren ondorioa, eta komertzio libreak goseagaz amaitzeko modurik ba ete dakarren eztabaidatzen dau. Merkatuaren liberalizazinoak (MME-an eztabaidatzen ari dana, eta antza horretara doa munduko ekonomia) pobrezia areagotzen dau eta garapen jasangarria eragozten dau, liberalizazinoaren aldekoek ekonomiaren hazkuntzea suspertuko ebala adierazo arren. Gitxi batzuek oso merke produzidutea askotan eskualdeko produktoreen kalteerako izaten da, kanpotik ekarritako jatekoa baino ez konsumidutera joten dabelako biztanleek.

Pobreziak gosea eta malnutrizinoa dakarz eta garapenerako aukerea galtzen dabe herriek. Goseagaz:

- Ama eta umeen osasunak okerrera egiten dau.
- Immunidade-sistemeak indarra galtzen dau heriotza arriskuagaz.
- Umeen garapen fisiko eta psikikoa ez da osorik gauzatzen, beraz…
- …Eskolan ikasteko kapazidadea mugatuta dago.
- Ezin izango dabe euren komunidadeko gizartean parte-hartu edo euren familietako erebagietan eretxia emon.
- Herrialdeek belanauldi bat galdu leikie.

Oso inportantea da gure politikoek eta gobernuek nazino batuek hartzen dabezan kompromisuak betetea. Gosearen arazoa gizakion eskubideen kontrako eraso bat da.

Amaia Laforga,
Dietetika eta Gizaki Elikaduran diplomaduna

Gure mugetatik kanpo zelako egoera baltza bizi daben ahaztuta, gabon jai honeetan sekulako gehiegikeriak egiten doguz jateko eta edateko kontuetan eta oraingoan gosearen arazoa ekarri gura izan dot 'Jan-edanak' atalera.

Pasa dan astean MME-ren munduko goi bilerea izan da Hong-kong-en. Holako bileratan hartzen diran erabagiak oso inportanteak izaten dira mundurako, munduko herrialdeen arteko hartu-emon ekonomikoak ezartzen bait ditu. Kontua da ze orain arte ez dala goi bilerarik izan pobreziaren eta gosearen egoerea aldatu dauenik. Ez dakigu hartutako erabagiak onak ala txarrak izango diran baina dakiguna zera da: gobernuek ez dabezala euren konpromisuak beteten.

Gauzak holan dirala, Milurteko Bilerearen asmoetako bat Nazino Batuek dituan kongresu edo goi bilera desbardinetan ezarritako helburuak batzea da. Milurtekoaren Garapenaren Helburuak (MGH) orain bost urte zehaztu ebezan eta aurrikuspenen arabera, 2015era bitartean betetekoak ziran helburu horreek.

Helburuak:

1. Gosea eta pobreza gorria erdira murriztea.
2. Lehen hezkuntza unibertsala sortzea.
3. Sexuen arteko bardintasuna sustatzea.
4. Bost urtetik beherakoen hilkortasun tasa bi herenetan bajatzea.
5. Amen hilkortasun tasea hiru laurenetan murriztea.
6. HIESaren, paludismoaren eta tuberkulosiaren zabalkundea geldiarazotea.
7. Ingurumena irunaraztea.
8. Mundu mailako alkarte bat egitea garapena, komertzioa, laguntzinoa eta alkartasuna sustatu eta zorrak kitatzeko helburuagaz.

Halan da be, 5 urte pasau eta gero, pobreziaren egoerea larriagoa da gaur egun eta nazino dirudun eta pobreen arteko aldea gero eta handiagoa da.