Eretxia  IV. urtea // 141. zenbakia

Europako Aurrekontuak


IƱaki Atxutegi

Pasau beharrekoa pasau da. Espero zan legez, Espainiak diru gitxiago hartuko dau Europatik datozan urteotan. Horixe da Europako instituzinoen aurrekontuaren ganeko akordioaren ondoriorik nagusiena.

Europako diruen ganeko eztabaidak izan diranean, ezin izan dot burutik kendu zelan urten eben Europako Parlamenturako botazinoak. Ez dakit nik akordetan zarien. Lehenengo Konstituzinoaren ganeko erreferenduma izan zan eta gero Parlamentuaren aukeraketea. Ala aldrebes. Ez dau ardura. Gogoan daukagun gauza bakarra zera da: oso jente gitxi joan zan botua emotera eta horreetako asko behar besteko informazino barik. Lagun askok buruan euken gauza bakarra Europako diruaren zaratea zan.

Hara, Espainiak parra-parra hartu izan dau dirua Europatik azken urteotan. Alkartasuna lelotzat hartuta, estadurik aberatsenek dirua imini izan dabe mahai ganean estadurik pobreetan inbertiduteko. Besteak beste, Frantzia, Alemania eta Holandako diruak erabili izan dira estaduko hamaikatxu proiektutan. Ohitu gara Europako banderea obrak iragarten dituan karteletan ikusten. Zenbaki bat emongo dogu: urtero-urtero, Espainiako Barne Produktu Gordinaren % 1 etorri da Europatik.

Dirua gastetan daben herrien izenak ikusita erraz jaubetuko gara gaur egun gehienak krisi ekonomikoan dagozala. Horreez ganera, Espainia baino askoz pobreagoak diran herriak sartu dira Europako Batasunean. Ondorio argiak izan dira: aberatsek ez eben gura diru gehiagorik gastau. 'Pobre barriek', ostera, pastelaren euren zatia eskatzen eben. Kaltetuak Espainia, Portugal eta Grezia izan behar ziran derrigorrez. Kontua ez zan, beraz, estadu horreek dirua izango eben ala ez, iturria noiz agortu behar zan baino.

Pentsatzekoa da Espainiako ordezkariak ahalegindu dirala epea ahalik eta gehien luzatzen, kontuan hartuta, batez be, Alderdi Popularraren 'markajea' oso estua dala. Espainiako interesek holako batailak dakarz. Ez neuke esango txarto urten diranik espainiarrak, ez horixe. 2012. urtera arte etorriko dira Espainiara Europako diruak.

Halanda be, ez jat gorputz onik geratu barria jakin dodanean. Espainiak diru asko hartuko dauen aldi berean, askoz pobreagoak diran Polonia, Hungaria, Eslobakia... hortxe egongo dira, justiziaz eta alkartasunaz zor jaken dirua hartu ezinik. Ez dakit ba, akaso euskalduna nazalako esango dot hori. Egia da azken urte honeetan Euskadira beste komunidadeetara baino diru gitxiago etorri da eta.