Dana ez da txapelketea
Algortako Bertsolari Eskolearen 25. urteurrena
1981ean sortu zan lehenengoz gaur egun ALBE izenagaz ezagutzen dan eskolea. Hasikerako sustraiek zugatz handi bihurtu eben Ibaizabalen eskuma aldeko herri horren bertsolarien bilgunea eta ordutik beti izan da gustu oneko fruta-arbolea. Eta frutuen 25. uztaldia ospatzeko urteroko Ahobien gala berezia antolatu zan joan dan astean. Afrika Bibang aurkezle izanda, eskolako gaztetxoek bertso-sorta bat kantau eben hasteko Roberto Etxebarria eta Kepa Arrizabalagaren laguntzinoagaz. Ondoren Paiatarrok (Fredi salbu, Itxasok eta neuk) desafioa egin geuntsen Enbeitatarrei (Oihane eta Onintzari) Asier Ibaibarriagaren gidaritzapean.
Gero, Bernardo Mandalunizek Balendin Enbeita bertso-paper lehiaketa sei sarituak aitatu ebazan: Arkaitz Estiballes (1. saria nagusitan), Oihane Enbeita (2.a), Nikolas Zendoia (3.a), Alaia Martin (1. saria gazteen mailan), Oier Aizpurua (2.a) eta Itxaso Paia (3.a). Sari-banaketea Jon Enbeitaren musikeagaz lagundu zan. Jonek berak egindako musikaz hornidutako bertso propioak eskaini euskuzan kitarraren laguntzinoz, edota Ireneo Ajuriaren abotsagaz duoan.
Ondoren bideo emanaldi labur bat izan zan eskolearen 25 urteak 25 iruditan gogoratzeko, Ahobi sarien banaketeari hasikerea emon aurretik. Garaia helduta, Algortako Bertsolari Eskoleak hamar ahobi banandu ebazan bertso-jartzailetzaren munduan ibilbide luzea egin daben hamar bertso-idazleri. Tartean egozan, besteak beste, Xabier Amuriza, Inazia Etxabe, Nikolas Zendoia, Emile Larre Xanti Iparragirre edo Rufino Iraola.
Akabetako, ALBEko kideek eskolako ereserki bihurtu dan 'Masuste Koloreko' kopla-sortea kantau eben, atzera Kepa eta Robertoren laguntasunagaz.
Zorionak ALBE!
Zorionak, nono! Benedicti!
Xabier Paia
Ez pentsau ez neukeenik txapelketearen ganean artikulu pare bat gustura idatziko, baina hori beharrori IƱaki Aurrekoetxeari itxiko deutsagu, txapelketa osoan zehar hainbat hedabideetan erakutsi dauen zorroztasunagaz emon dagian bere epaia hurrengoan. Ganera, txapelketea olatuaren apargune emonkorrena izateak ez dau esan gura beste inon aparrik egon ez danik.
Bartraren palmaresa: Bagare be bai
Bizkaiko bertsolaritzea goraipatzea lar harroa ez dan sasoi honetan, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartzeko bizkaitarren zerrendan atezain lotu zan neskatoak bere aurrekoen bildurra elikatu besterik ez dau egiten. Esandako legez, aurreko astean Hernandorena saria irabazi eban Oihana Bartrak Arabako Bagare sariaren txapela jantzi eban Gasteizen joan dan eguenean.
Bertsotan honako bertsolariak ibili ziran eta ageri dan ordenan lotu:
Oihana Bartra (Bilbo)
Miren Artetxe (Hendaia)
Enaitz Alustiza (Bergara)
Jokin Labaien (Arrasate)
Ander Lizarralde (Oiartzun)
Julio Soto (Gorriti)
Sariketa honek kantakerea modu serioan kontuan hartzen dauela azpimarratzekoa da. Epaimahaiko kideetako batek kantakereari besterik ez deutso erreparetan saio osoan zehar; horregatik, ondo kanteteak puntu gehiago emoten deutsoz bertso on bati eta ondo kantatuko txarrari on egiten deutso.
Zorionak Oihana!