Julia Foruria: ‘umeak ez dira inoiz obligazinoz etorten korura’
Gabonak ate-joka daukaguz eta, jai egunakaz batera, ekitaldiak be ugari dira. Abenduaren 23an, Gaudeamus Koralak eta Julia Foruria Ikastegiak Gabon Kontzertua eskainiko dabe Gernikako Lizeo Antzokian. Gaudeamus Koralaren hiru koruak, Txikia, Ertaina eta Gaudeamus Korala, izango dira bertan, ikastegiko ikasleakaz batera. Herriko umeek sortutako musikeaz eta euren ahotsez gozetako aukera parebakoa izango da. Olentzeroren opariak itxaroten doguzan bitartean, Julia Foruriagaz bat egin dogu koruaren eta ikastegiaren ibilbideaz berba egiteko.
1.- Ipuin musikalak izango dira entzungai eta ikusgai barikuan. Zelan egin dozue antzezpenaren eta musikearen arteko buztartekea?
Asko eginda dagoz, umeentzako preparauta dagoz, baina danak gaztelaniaz. Orain dala hiru urte euskerazkoak ataraten hasi ziran. Guk egin izan doguz operak umeekaz, Gorka Sierraren lanak berbarako, baina gaztelaniaz. Orain dala urte bi geuk atondu genduan ipuin bat, euskeraz. Aurten, Europako Koruen Alkarteak derrigortzen deuskun ipuinetariko bat aukeratu eta euskerara itzuli dogu. Bestalde, koru txikiaren ipuinaren jatorrizko bersinoa ia musika bakoa zan. Hori be moldatu egin dogu ume txikitxuentzat beren beregi.
2.- Nondik dator ipuinak musiketako ideia? Lehenengoz taularatuko dozue?
Ipuinak musiketearen ideiaren jatorria ez dogu gure koruaren tradizinoan topauko. Zeozer desbardina egiteko asmoz hasi ginan orain dala hiruzpalau urte. Beti urten izan dogu taula ganera koru legez kantetan baina ipuin musikatuetan, kanteteaz gan, musika-tresnak joten doguz eta antzezpen txikitxua be badago, narratzaile eta guzti.
Antzerki arloari garrantzia emon gura izan deutsagu, beti be musikea ahaztu barik. Aurten, ganera, barrikuntza nabarmena izango da, marrazki bizidunak be ikusi ahal izango diralako. Pintura-eskola batek egin deuskuz irudiak; holan, antzezpena egoteaz gan, marrazki bizidunak be aurkeztuko doguz. Hori da aurtengo desbardintasuna.
3.- Kontuan hartuta koruak orain hamaika urte hasi ebala ibilbidea, zein egoeratan dago orain? Zenbat kide zaree?
Aurten, koruaren osasuna oso ona dala esango neuke. Laster Txinara goaz koruen olinpiadetan parte hartzera eta jentea pozik dago. Berrogeta hamar bat lagun gagoz eta hori asko da, kontuan hartuta aldi batean hogeta hamar baino ez ginala izan.
Taldekide kopuruaz gan, abeslarien eta, orokorrean, koruaren mailea oso ona dala esango neuke.
4.- Daborduko hiru disko grabau dozuez, ‘Gabon Kantak’, ‘Juegos de otoño’ eta ‘Munduko abestiak’. Ze kanta batu dozuez? Zein da diskoen helburua?
Kanta danak dira barriak, mende honetakoak. Koruarentzat, erronka gogorra da diskoa grabetea. Norberaren grabazinoa norberaren kantakaz eta ondo definidutako programea eukitea oso garrantzitsua da. Koru bakotxak kantetako programa desbardinak daukaz eta norberarena ondo definiduta izateak indartu egiten dau taldea.
Bestalde, diskoak grabetea oso gogorra da. Koruaren nibela igoten dau, grabazinoa ondo egin ahal izateko gogor lan egin behar dalako eta hori emoitzean igarten da.
Diskoen helburua bikotxa dala esango neuke: bata, koruaren beraren egoerea indartzeko eta, bestea, kanpora atarateko, jenteak ezagutu dagian zelako lana egiten dogun. Halanda be, disko baten ez da lan dana ikusten. Diskoan, koruak oso ondo abestu behar dau jenteagana heltzeko; zuzenean, barriz, errazagoa da, hainbat faktorek daukielako eragina, antzezpenak berbarako. Izan be, ez dogu inoiz geldirik kantetan: jantzan egiten dogu, alde batetik bestera ibilten gara... horregaitik, zuzenekoak desbardinak dira, biziagoak.
5.- Gaudeamus Koralari hainbat sari emon deutsez eta, tartean, nazinoarte mailakoak asko. Kanpora joateak eta sariak beharrezkoak dira taldea garatzeko eta gogorrago egiteko?
Maila batean gura badozu egon, bai. Herrian edo inguruetan kantetako, ez. Goian egoteko eta jentea emonaldietara joateko, mailea ezinbestekoa da. Urtean zehar hiruzpalau kontzertu emoten dira eta jente gitxi etorten da, beti koruaren ingurukoak ganera.
Kanpora joateak eta sariek indartu egiten dabe korua eta horrek gauzak hobetzeko balio dau. Gogorrago egiten dogu lan eta hori emoitzetan ikusten da gero. Zenbat eta lan gehiago egin, maila hobea.
6.- Korala hamar urtetik gorako umeakaz osotuta dago. Gatxa da edade horretako jenteagaz behar egitea? Obligazinoz ala debozinoz joaten dira umeak abestera?
Ez, ez da gatxa. Umeakaz behar egitea errazena da. Pazientziagaz, hori bai. Umeek segiduan ulertzen dabe zuk azaltzen deutsazuena eta ez dabe ohitura txarrik hartzen. Burua fresko daukie eta kanta danak ikasten dabez buruz, edozein hizkuntzatan. Edadeko jenteagaz ezin leiteke hori egin, kantetako erea zehaztuta daukielako eta ohitura horreek aldatzea gatxa da. Umeak, barriz, nigaz hasten dira txikitatik eta ohitura egokiak hartzen dabez. Urte bi edo hiru pasau ostean, euren akatsak zeintzuk diran jakiten dabe, beste koruen lana kritiketan hasten dira eta hori oso garrantzitsua da.
Beste alde batetik, umeak ez dira inoiz obligazinoz etorten korura. Nik beti esaten dot obligazinoz datorren ume bategaz ezin leitekela lanik egin. Boluntadea ezinbestekoa da. Norma zorrotzak daukaguz eta askotan egunero etorri behar izaten dira, ikuskizuna aurkeztu behar dogunean berbarako. Diziplina hori ez badogu segiduten, ezin leikio eutsi maileari eta ezin leiteke kanpora urten.
Askotan neuk aukeratzen dodaz kantak baina beste batzutan eurei ixten deutset lan hori. Beti aukeratzen dabe kanta politena, baina gatxena. Orduan, eurak badakie zer dagoan: lana.
7.- Edade batetik gora, jarraitzen dabe umeek koruan?
Nerabezaroan hasten dirala disfrutetan esango neuke. Koruari gogor lotutako jentea dago eta hogei urtegaz oraindino hemen dagoz. Orokorrean, unibersidaderako pausua izaten da txarrena, izan be, askok kanpora joan behar izaten dabe ikastera eta gogorra da hori ensaioakaz buztartzea. Halanda be, batzuk badagoz.
8.- Koraleko zuzendaria izateaz ganera, zeure izena daroan musika ikastegiaren zuzendaria be bazara. Zelan gogoratzen dozuz ikastegia zabaldu zenduaneko garai hareek?
Hogeta bat urtegaz hasi nintzan musika-eskolak emoten, etxean. Azterketa ofizialak Bilboko konserbatorioan ziran. Urte osoan eskolak emoten egon ostean, Bilbora eroaten nebazan umeak, azterketea egitera. Hogeta hamar urtera arte egon nintzen holan, 130 bat ikaslegaz, eskolak emoteko beren beregi atondutako etxebizitza batean. Larregi zan eta musika ikastegien arauak aldatuko zirala ikusita, zeozer egitea erabagi neban. Etxe hau erosi eta holan hasi zan ikastegia.
9.- Gaur egun, ze musika-tresna ikastaro eskaintzen dozue?
Erdi mailako konserbatorioa da Julia Foruria ikastegia eta aukeratutako musika-tresnearen titulazinoa lortzen dabe ikasleek.
Ikastegi ofiziala zabaldu ahal izateko, oinarrizko musika-tresna ikastaroak eskaini behar dozuz: pianoa, sokadun musika-tresnak, haizedun musika-tresnak... Holan ba, pianoa, akordeoia, biolea, bibolina, biolontxeloa, txistua, gitarrea, kontrabajua, zeharkako flautea, trikitixea... Horreek derrigorrez behar dozuz ikastegi bat zabaltzeko, beraz, pentsau zenbat jente behar dan. Gurean hamasei lagun inguru gabiz.
10.- Esan dozun legez, datorren urtean, garagarrilean, Txinara zoaze Koralen IV. Olinpiadetan parte hartzera. Zein izango da taldearen erronkea han?
Daborduko bitan izan gara Koralen Olinpiadetan. Lehenengoak Austrian izan ziran, Linz urian. Bigarrenak, Hego Korean izan ziran baina ez ginan joan, New Yorkeko atentaduak zirala-eta aireportuetan egoan giroagaitik. Hirugarrenak Alemanian izan ziran, Bremenen, eta oraingoan Txinara goaz.
Koruko kide askori ilusinoa egiten deutso Txinara joateak eta gogorrago egiten dogu lan. Hogeta zazpi kategoria dagoz, gehienez hirutan emon leiteke izena eta guk hirutan emon dogu: polifonia, antzeztutako folklorea eta erlijino musikea. Azken hori erronkea da guretzat ze ez dogu sekula holakorik kantau. Horregaitik, dominen bat ataratea da gure helburua. Ia ondo bajoaku dana.
11.- Eusko Jaurlaritzearen Musika Aholkularitza Batzordeko kide be izan zara. Zein zan zuen lana?
Legeak egitea, edo, bueno, kritiketea. Egia esan, ez euskuen gauza lar egiten itxi. Legea eginda erakusten euskuen eta gure eretxia emoterik baino ez geunkan. Musika ikastegien inguruko legeak ziran.
12.- Zein da euskal kantagintzearen lekua mundu globalizatuan?
Ondo. Maila ona dago, euskal kanten artean eta baita kantoreen artean be. Umeen mailan, konposatzaile bikainak dagoz. David Asurzak, berbarako, oso lan bikainak egiten ditu umeentzat. Javi Bustok be ondo idazten dau eta Josu Elberdin be aitatzekoa da.
Koralen artean, maila onekoak, nazinoarte mailan ibilteko modukoak, egon badagoz baina esku bateko atzamarrakaz kontau geinkez.
13.- Gabon-kantaren bat aukeratzekotan, zein?
‘Hator, hator’. Duda barik. Uste dot euskaldun danek dakiela eta leku danetan abesten da, kalean, etxean, talde ezagunek... Oso polita da.
Saioa Torre Gereketa