Zinea  IV. urtea // 141. zenbakia

King Kong zinemara itzuli da Gabon honeetan


Joseba Terreros

Aurreko astean, hilearen 14an, estreinau dabe King Kong, Peter Jackson zuzendariaren film barria, mundu osoan. Jakin-min handia piztu dabe Kongen abentura barriek. Sasoi batean arrakasta handia euki eban King Kong-ek, eta zinema klasikoaren ikur bihurtu zan.

Ann Darrow antzezlea lan barik gelditu da New Yorkeko Depresio Handiaren garaian. Halan eta guztiz be, bere subertea goitik behera aldatuko da Carl Denham enpresaburu eta zinemagile barritsu eta abenturazalea ezagutu ostean. Denhamek arrakastea jadetsi gura dau zinema munduan. Horretarako, Jack Driscoll antzerki-lanen idazle arrakastatsuaren testu batean oinarrituko da film bat egiteko. Hirurak batera, urrutiko uharte batera abiatuko dira pelikulea filmetako.

Han, izaki misteriotsu bat ezagutuko dabe: King Kong gorila erraldoia. Oihanean bizi da, ezkutuan, historiaurreko hainbat izakik miloeka urtez egin daben lez. Denhamek, arrakastea topau guran, gorila ehizatu eta New Yorken erakutsi gura izango dau.

Zeelanda Barrian filmau dau pelikula Eraztunen Jauna trilogiaren zuzendariak. Jacksonek berak adierazo dauen moduan, King Kong barriak ez dau eduki sexistarik eukiko.

Sistema digitala erabili beharrean, 35 milimetrotan errodatu da filma. Orain dala bost hilabete hasi ziran pelikula filmetan, eta Adrien Brody (The pianist), Jack Black (The school of rock) eta Naomi Watts britainiarra (Mulholland Drive) dira protagonista nagusiak. Wattsek, ganera, King Kongen emaztegaiaren zeregina beteten dau.

Peter Jacksonek behin baino gehiagotan baieztatu dauenez, bersino barri hau egiteak ilusino handia emon eutson, eta bere beste pelikuletan lortutako esperientzia praktikan iminteko aukera ezin hobea izan dala azpimarratu dau.