Euskerea berbagai  IV. urtea // 141. zenbakia

Adostasunak be barritu beharra


Erramun Osa

Euskal Autonomi Erkidegoan indarrean dagoan hizkuntza politikeagaz euskerea ez dala indarbarrituko dinoe batzuek, astiroegi goazela eta bizkortu behar dala dinoe beste batzuek. Beste hainbatek, ostera, epe laburrean pauso eragingarriak egin doguzala edo urrunegi heldu garala eta galgea jartea behar-beharrezkoa dala eretxi deutse. Gizarte eragileen aldetik, barriz, -gitxienez- politika munduan dagozan beste eretxi batzuk entzun leitekez. Nonbaiten zeozer pasetan danean, biharamuneko hedabideek barri hori zelan jaso daben ikusita, jazoera desbardin batez ari dirala sortzen daben ustearen parekoa da hizkuntza politikeak sortu ohi dauena, zinez.

Euskereak aurrera egin dau, duda izpi barik, hori ez dago zalantzan jarterik, izan be, erabilera eremuak irabazi dauz, baita hiztunak be, batez be belaunaldi gazteenetan. Halan bada, aurrera egin dan edo ez, eztabaida antzuetan ibili beharrean, euskerearen normalizazinoa areagotzeko bidean egin beharreko urratsez arduratu beharko ginateke, ezinbestean, horixe dalako, nik uste, benetan interesetan jakuna, zehazten gatxena, adostasun barri bat jorratu ahal izateko oinarria, bihar-etzikoa irabazteko giltzarria, eta egin geinkeana.

Hizkuntza politikan hartutako erabagiak unean uneko testuinguruagaz buztartuta aztertzea komenigarria da oso. Inguruabar horretan, zeintzuk dira euskerearen hiztun-alkarteak eremu bakotxean erabat garatzeko egun daukazan preminak, zeintzuk dira biharkoak? Eta holan, zeintzuk dira horreei preminoi erantzuteko egun martxan jarri behar doguzan politikak, lehenagotik etorri eta indartu behar doguzanak edo hartu behar doguzan erabagiak? Ointxe oratu behar deutsagu eztabaida horri, ointxe dogu abagunea, eta ezin geinke eskapan ibili.

Bizi garan Europan euskaldun eleaniztunak izan nahi dogu, ez hizkuntza asko dakiguzan euskeradunak. Etorkizuneko eszenatokia, hagatik, ez da elebakartasunean ardazten. Horrek, besteak beste, euskerea indarbarritzeak gaztelania edo frantsesa hizkuntzak albo batera lagatzeko zurigarria ez dala erakusteko balio beharko leuke berez, arriskuan ez dagozan hizkuntza nagusiagoen osasunaz arduratzen diranak euskerea normalizetako hartu beharreko neurri zehatzen eztabaidearen inguruabarrera erakarriz. Baina, neurri zehatzen gainean berba egiten hasi aurretik, euskerea normalizetea nahi dan da lehentasunez mundu guztiak argitu beharko leukena.

Halan da ze, dana ez dago hiztunen gainean ixterik. Hiztun batzuek eskubide guzti-guztiak eta beste batzuek murriztuak dabezanean are gitxiago. Hizkuntzek personak beharrezko daukiez, eta personek, ostera, taldeak, komunikazinoa personen arteko kontua da, izan be. Neoliberalismoaren printzipioei segituz, hizkuntzak personen aukeren kontura beste barik itxi nahi izatea abantailaz jokatu nahi izatea da, euskereari azken arnaserako bidea egitea.

Aurrekoa argitu ostean, normalizazinora ailegetako neurri zehatzez berba egin beharko geunke. Baina, eztabaida hori gidatzeko estartea behar da, 2006. urtean zehar Euskera Bizibarritzeko Plan Nagusia ebaluetan hasteak, eta eremuz eremu lortu diranak, dagozan bakotasunak, preminak eta lehentasunak finkatzeak hori danori egiten lagundu ahal deusku, eztabaida bera antolatuz, askotariko gizarte taldeak adostasun barrietara heltzea ahalbidetuz. Baina, prozesuak aurreretxi barik parte hartzea eskatzen dau, norberak eskuartean daukazan egitasmoak eztabaidan jarteko aukereari uko egin barik aritzea, gitxienekoak izan leitekezanak adosteko malgutasunez jokatzea.