Joyeux Noel
Gabonak bake, zoriontasun, alkartasun eta giza ontasunaren aldeko mezu epel eta gazbakoak zabaltzeko sasoi egokia izaten dira. Eta batzuek, film honen sipnosia eta izenburua irakurrita, pentsau leikie Gabonetan personen bihotza eta sentimentuak hunkitzeko hain ohikoak diran bigunkeria horreetariko bat ikusiko dabela, baina oker dagoz.
Istorio honetan, Lehen Mundu Gerran alkarren aurka dabilzan hiru talde agertzen dira (eskoziarrak, frantsesak eta alemanak), lubakietan babestuta; arerioak izanagaitik be, Gabonak dirala eta, hildakoak lurperatzea, su-eten bat emotea eta jaiak alkarregaz ospatzea erabagiko dabe.
Film honen helburua gerrearen burubakokeria eta absurdua agirian imintea da; egoera gordin, odoltsu eta absurduak, bai eta komikotasun zein gizatasun ikutuak daukiezan pasadizoak be txandakatuko dira lubakietan bizi diran soldaduen eskutik. Ganera, hainbatetan ikuskizun esperpentikoa eta barregarria baina, aldi berean, negargarria azalduko jaku lubakietan. Unekada baten adiskidetasuna eta trentina nagusituko dirala emoten dau, baina bizirauteko senak eta boterea daukienen baldarkeriak zapuztuko dabe gizatasunaren kimu sortu barria.
Pelikulearen egituraketeari jagokonez, “Joyeux Noel” oso modu klasikoan eginda dago, dotorea da, jasekoa. Beharbada, molderik eraginkorrenari oratu deutsie gerra eta bakearen inguruko gai interesgarri honetan sakondu ahal izateko. Gidoia eta personaien arteko alkarrizketak apartak eta distiratsuak izan ez arren, zuzentasunaren mailea gainditzen dabela esan beharra dago.
Horren guztiorren ondorioz, filmak aurrera egiten dauen neurrian, ikus-entzuleek gero eta enpatia handiagoa sentiduko dabe gerran diharduen talde guztien alde. Aldizkari honetako 0 zenbakian aitaturiko 'Non man's land'” film bikaina be etorri jaku burura, nahiz eta pelikula hau maila horretara heldu ez. Edozelan be, bietan mezua argia da: ez dago gauza absurdo eta burubakoagorik gerran hiltea baino.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Christian Carion.
- Herrialdeak: Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Belgika eta Errumania.
- Iraupena: 116 minutu.
- Antzezleak: Diane Krüger (Anna Sörensen), Benno Fürmann (Nikolaus Sprink), Guillaume Canet (Audebert), Gary Lewis (Palmer), Danny Boon (Ponchel), Daniel Brühl (Horstmayer), Alex Ferns (Gordon), Steven Robertson (Jonathan), Lucas Belvaux (Gueusselin), Bernard Le Coq (Jenerala).
- Argazkia: Walther Vanden Ende.
- Muntaia: Andrea Sedlackova.