Sarean  II. urtea // 19. zenbakia - 2003ko zezeilaren 1a

Erlijinoa Internet Sarean


Abade eta sinisleen arteko hartu-emonak

Interneten bidez abade eta sinesleen arteko hartu-emonak goitik behera aldatu dira: sarritan, bialdutako korreo elektronikoak bialtzaileak berak autozentzurau egiten ditu, noz edo noz plazaratuko diran bildurrak jota edo. Askoz errazagoa da (eta seguruagoa pentsauko dabe askok) alkarrizketa personala abadearen eta fededunaren artean, e-mail batez arazo edo zalantza erlijiosoak kontetea baino. Abadeari zuzenean egiten jakozan autorpenak edota aholku eskabideak eta e-mail batez egiten diranak ez dira bardinak. Dana dala, bateren batek pentsauko dau e-mailez pekatuak autortzea errazagoa izan daitekela abadeari zuzenean autortzea baino.

Pekatuen autorpenaren harian, Penitentziako Sakramentuagaz zerikusia daben gaiak komuniketako Batikanoak teknologia barriak erabiltea galarazo egin dau (posta elektronikoa eta faxa), holan dakar behintzat Valladolideko Eleizbarrutiko Aldizkari Ofizialak: kontzientzia sekretuak edo ezkutukoak dirala eta, teknologia barriak, kasu honetan, baztertu egin dira. Baina ez beste arlo batzuetan, jakina. Italian, berbarako, TIM eskuko telefonoen lehen enpreseak bere bezeroei SMS mezuen bidez telefonoetara eguneroko errezuak, eguneroko eskaria edo ebangelioaren ataltxu bat bialtzen deutsie (mezu bakotxagaitik 15 zentimo pagauta).

www.vatica.va (Batikanoko web orrialdea)

Gotzon Plaza,
Informatikoa.

Internet Sarea azken urteotako iraultza teknologiko handiena dala entzuten dogu sarri eta, horrezaz ganera, orain arte pentsauezinak ziran erabileretarako be balio dau Sareak; teknologia eta kontu zaharrak buztartzea posible dala aspaldiko gaia da baina munduko erlijinoetako arduradunak be oraintsu hasi dira buruari bueltak emoten eta Internet Sarea erlijinoan zelan aplikau aztertzen. Erlijinoa gizakiari jagokon sinismen sakona eta milaka urteetan gizakiagaz lotura estua izan dauen gauzea da. Kontu 'barria' eta 'zaharra' baina honezkero badabe euren arteko loturatxua be: Internet giza ekintzetako arlo gehienetan sartuta dago eta erlijinoa be ez da atzean geratu.

Oraingoz, erlijinoa gogotsu sartu da Sarean eta hainbat orrialde dagoz horregaz lotuta. Hona hemen datu batzuk (google bilatzailea erabiliz, baina beste edozeinegaz be antzekoa agertuko jaku):

- 'Erlijinoa' berbea markau ezkero, 323.000 web orrialde topauko ditu googlek.
- 'Erlijino katolikoa' berbeagaz, 77.600 orrialde.
- 'Islam' berbeagaz, 72.800 orrialde.
- 'Judaismo' berbeagaz, 34.800 orrialde.
- Eleiza protestante' berbeagaz, 17.500 orrialde.

Hor aitatutakoak, gaztelaniaz dagozanak baino ez dira. Zer esanik ez beste hizkuntza batzuetara joten badogu. Orrialde horreetan, danetarikoak ikusiko doguz, baina Internet ez da bakarrik informazinoa jasoteko leku birtual bat, sarritan hori baino gehiago be bada, edo behintzat holan da AEBetan.

Internet eta erlijinoaren arteko loturea noiztik dator?

Denporan nahiko hur dogu lotura honen hasierea: 80ko hamarkadan www.ecunet.org orrialdea sortu eben (ingeleraz), erlijino protestanteko abadeen arteko alkartze-puntua izateko asmoagaz. Orrialde horretan, abadeei euren artean sermoiak trukatzeko aukerea emoten jaken eta hortik aurrera, galderak, foroak eta artikuluak gehitu jakozan. Beste alde batetik, 1986an Challenger kohetea airean lehertu ondoren, Internet ehundaka personez bete zan hiletak ospatzeko. Hona hemen lehen eleiza birtualaren hasierea.

Komunidade birtual horreen zereginen artean, ondokoak azpimarrauko geunkez: boletinak argitaratzea, korreo elektronikoko zerrendei eustea, foro eta 'chat'-en bidez kideak hartu-emonetan ipintea eta antzekoak. Gaur egun, teknologia bete-betean sartuta dago erlijinoaren munduan. AEBetan joera handia dago beti konparazinoak egiteko eta erlijinoaren inguruan be holan izaten da; gauzak holan dirala, aukera desbardinen aurrean, jenteak beti konparazinoak egiten ditu eta subjektiboa izan arren, onenaren alde egingo dau. Web orrien diseinuaz eta itxuraz arduratzen diranak jakinaren gainean dagoz eta, beraz, web orriak preparetako orduan, maminari ez eze, itxureari be berebiziko garrantzia emoten deutsie; publizidadearen teknikak erabiliz, diseinetan dituen orrialdeak atseginak eta erakargarriak izan behar dira nabegetan ibiliko diran bezeroentzako. Konpetentzia gero eta gogorragoa da.

Zelakoak dira eleiza birtual horreetako kideak?

Ikerketa soziologikoak aztertuz jakin geinke eleiza birtual horreetako kideak zelakoak diran. Oro har, teknologia erabiltzaileakaz pasetan dan moduan, erlijinoaren kasuan be, AEBetako gizarte zuria eta politikoki liberaltzat hartzen doguzanak dira eleiza horreetako kideak; dana dala, horrek ez dau esan gura ideologikoki 'fundamentalistak' diranak Interneten ez dabilzanik. Talde horreek Interneten dagozan erlijinoagaz lotutako hainbat orrialde eta informazinoren kontra egon arren, Sarea ondo baino hobeto aprobetxetan badakie eta euren orriak argitaratzeko eta euren artean loturak eta hartu-emonak bideratzeko erabilten dabe.

Dana dala, ikerketek dinoenez, komunidade birtual honeek beste arlo batzuetan be bereziak dira: eleizearen hierarkia ez da hain zorrotza eta mobiduezina, komunidade horreek oso aktiboak dira eta normalean gai guztiak eztabaidatzen eta kritiketan ditue. Orain arte, eleiza tradizionaletan eta telebistaz izaten diran 'tele-predikatzaile' horreekaz, morroi baten sermoia fededunek hartzen dabe eta horixe izaten da komunikazino modua; orain, barriz, Internet erabiliz komunikazino, informazino eta sinismen prozesuan, abadeak edo predikatzaileak barik komunidadeak parte hartzen dau eta hartzaileak-fededunak be askosaz gehiago dira, batez be, foroak eta eztabaidatzeko lekuak diran orrialdeetan.

Publizidadea erlijinoen diru iturri?

Erlijinoagaz zerikusia dauen guztia topau geinke gaur egun Sarean. Sinismenaren eta ideologiaren kontua ez eze, interes ekonomikoen ganeko gaiak be jaso geinkez: sinismena eta fedea zabaltzea ondo dago baina arlo ekonomikoa ahaztu barik. Web orrialde erlijiosoak enpresa handien esku dagoz eta publizidadearen bidez dirua atarateko 'banner' eta guzti agiri dira. Gaur egun, eleizek euren diru sarreren kopuru bat teknologian inbertidu behar dabe, holan fededun/bezero gehiago erakarteko. AEBetan ez dago hain argi non dagoan mugea eta sinismena eta arlo ekonomikoa alkarren eskutik doaz. Hori guztia aintzat hartuta, web erlijiosoak barriztau egiten dira eta lantzean behin sariak jaso be jasoten ditue: www.beliefnet.com orrialdeak 'webby' saria jaso dau; Interneteko web orririk onenak saritzeko emoten dira sari horreek:

http://www.webbyawards.com