Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 141. zenbakia

Tabakoaren kontrako legea indarrean urtarrilaren 1etik aurrera


Lantokian, baztertuta

Tolerantziaren aldeko Erretzaileen Alkartearen arabera, legeak kalte asko ekarriko dauz indarrean sartukeran. Besteak beste, erretzaileak lantokian baztertu egingo dabez urtarriletik aurrera, 'hainbat eskubide ukatuz'.

Beharginen % 89 enpresetan erretzaileentzako guneak ipintearen alde egon arren, parlamentariek ez dabe hori kontuan hartu eta neurri zorrotzak ezarri dabez' adierazo dabe alkartekoek.

Lege barriak lantokietan erretea galarazoteaz ganera, erretzaileentzako guneak ipinten dabezan enpresei isunak ezarriko deutsoz. Tolerantziaren aldeko Erretzaileen Alkartearen eretxiz, horrek iskanbila gogorrak sortu eragingo dauz enpresetan eta produktibidadea murriztuko dau.

Aste bi barru Hego Euskal Herrian tabakoa erretea gatx-gatxa izango da; dana dala, ikusi beharko da hasikera batean noraino bete eragiten daben aurreko astean onetsitako lege hau. Postura bitxi bat be egin leiteke: baietz pelotazaleek frontoietan purua erreten jarraitu.

Begiluzea

Madrilgo Diputaduen Kongresuak Tabakoaren Legea onartu eban aurreko astean, urtarrilaren 1etik aurrera lantokian erretea galarazoko dauen legea, hatan be. Ganera, Hego Euskal Herriko jatetxeek eta tabernek be irailerako egin beharko dabez aldaketak Espainiako Kongresuak aurreko astean onartutako tabakoaren kontrako legera egokitzeko. Izan be, lege barriaren arabera, ehun metro koadro baino gehiagoko jatetxeek eta tabernek erretzaileentzako gune bereziak eratu beharko dabez, bezero erretzaileak hartu gura badabez. Erretzaileentzako gune bat egin beharko dabe, ganerako guneetatik bereizita eta aireztatze sistema eta guzti. Arau horrek kasinoentzat eta dantzalekuentzat be balio dau.

Ehun metro koadro baino gitxiagoko jatetxe eta tabernetan jaubeak erabagiko dau erretzaileak onartuko dauzen edo ez. Lokalak erretzaileak onartu ezkero, edade txikikoak izan izango dira hara sartu.

Testua onartu baino lehen, PPk eta CIUk Senatuan sartutako zuzenketa batzuk atzera bota ebazan Kongresuak. Halan, ez dira finantziauko erreteari ixteko botikak eta taberna zein jatetxeek obrak egiteko daukiezan 8 hilabeteko epe hori ez da luzatuko.

Legeak tabakoaren eta tabako-produktuen salmentea, banaketea, kontsumoa eta publizidadea arautzen dauz eta atarikoan azaltzen dauenez, tabakismoa da hilkortasun arrazoi nagusia gaur egun estaduan. Izan be, ikerketen arabera, biztanleen % 30 baino gehiago erretzailea da.

'Guztiei on egiten deutse eta ez doa inoren kontra'

Elena Salgado Osasun ministroa oso gustora agertu zan onartutako legea dala eta; ganera, 'guztiei on egiten deutse eta ez doa inoren kontra' esan eban. Salgadoren eretxiz, lege hori 'oinarrizko aurrerapausoa' da osasun publikoaren alde egiteko. Izan be, gizaldi barriek normaltasunez biziko ei dabe 'guretzat salbuespena izan dana'.

Espainiako Estaduan 50.000 lagun baino gehiago hilten dira urtean tabakoa dala eta, hau da, 35 urtetik gorakoen heriotza guztien % 16 eragiten dauz: Hiesak, alkoholak, zirkulazino-istripuek eta lan-ezbeharrak eragiten dabezan heriotza guztiak batuta baino gehiago.

Salgadok gogorarazo dau, gainera, tabakismoa dala gaixotasun eta elbarritasunik gehien sortzen dauzen arazoa eta beraren kontsumoa 25 gaixogaz erlazionauta dagoala, bizienagaz eta bihotzeko arazoakaz, esate baterako.