Hiru mendetako liburuak erakusgai egon dira Mar de Platako Euskal Astean
Iratxe Ormatza
'Euskera lehen, orain eta gero' izan da euskal astearen barruan eratu daben erakusketearen izena. Denak Bat euskal etxeko kideek eta euskera irakasleek eta ikasleek itxi dabez liburuak, ehun bat danetara. Zaharreneterikoen artean, gramatika liburu bat egon da, bidean izenburua galdu dauena. Ezinezkoa da jakitea zein urtetakoa dan, baina estiloari begiratuta, antza danez, Ipar Euskal Herriko herritarrak XIX. Argentinara joaten ziraneko euskerea agiri da liburuan. Ez da izan erakustokian dagoan gramatika liburu bakarra. Arturo Campionek idatzitako 'Leyes foneticas', 1883koa, eta 'Gramatica de los cuatro dialectos del euskera', 1884koa, erakusgai egon dira. 'Leyes foneticas' liburua Jose Domingo Ormaetxearen bibliotekearen parte da, erakusketako hainbat liburugaz batera. Bibliotekea aurretik Candido Elizalderena izan zan. Elizalde Buenos Aireseko Nafarroako Etxeko lehendakaria izan zan, eta 2004an Iruñera bizitera joan zanean, Jose Domingo Ormaetxea lagun eta euskaltzaleari emon eutson biblioteka osoa.
Erakutsi dabezan liburuen artean, aitatu dogunez, gramatikakoak ez dira izan gitxi. Bertan egon da 1891n Resurreccion Maria Azkuek bizkaiereari buruz argitaratu eban liburua: 'Euskal Izkindea'. Erlijinoak euskaldunen artean izan dauen garrantzia bere nabarmena izan da erakustokian: bibliak, Testamendu Barriak, meza liburuak eta erlijinoari eskainitako hainbat liburu.
Argentinan argitarau izan diran liburuak be ikusi ahal izan dira, baita Euskal Herrian jaio eta bertara joan ziran idazleenak be, esaterako Pedro Mari Otaño bertsolari eta poetearen 'Alkar' liburua, 1908koa.
Euskal liburugintzearen erakustokian ibilide osoa egin dabe, hasi XIX. mendeko liburuakaz eta XXI.ekoakaz amaitu, hau da, liburuak, bideoak eta Interneten eskuragarri dagoan hainbat material.