Datorren urteko 'Bilbao Hiria 18. Pop-Rock' lehiaketan izena emoteko epea abenduaren 31ra arte dago zabalik
Orain dala zazpi urte, 1998 urrian, 'Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketea' abian jarri zanetik taldeen parte-hartzea gora joan da urtetik urtera. Lehengo urteetan batez besteko parte-hartzea 170 taldeetakoa zan baina, berbarako, 17. edizinoan 1.603 lehiakidek emon eben izena. Ganera, igaz, danetara 24 kontzertu eskaini ziran eta 10.000 lagun inguru hurreratu ziran.
Bizkaie!
Bilboko Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Sailak 'Bilbao Hiria 18. Pop-Rock Lehiaketea' abiarazo eban pasa dan urrian eta ordutik zabalik dago datorren urteko lehiaketan parte hartzeko izena emoteko epea. Lehen fase hau abenduaren 31n amaituko da eta martirarte egongo dira antolatzaileak erabagiten zein talde sailkatzen diran hiru kategorietan.
Martiko eguazten eta eguenetan joko dabe taldeek Bilborock aretoan eta bagilaren hasieran ezagutuko dira irabazleen izenak. Hiru kategorietan banatuta dator 2006ko 'Bilbao Hiria Pop-Rock', pop-rock, metala eta joera barriak kategorietan, hain zuzen.
Lehen bi kategorietan 6.000 euro irabaziko ditu lehen sarituak eta joera barrietan irabazleak 4.000 euroko gainsaria jaso ahal izango dau. Beste sari mueta batzuk be banatuko dira, CD bat grabetako aukerea, 'Azkena Rock Jaialdian' parte hartzeko aukerea edota zortzi kanal dituan nahasketa-mahai bat, efektuakaz eta ahotserako mikrofono bategaz. Bilboko talderik onenak, EAEko onenak eta Estaduko onenak irabazi ahal izango dabez sariok.
Europar talde gazteentzako erreferentzia izateko asmoagaz jaiotako lehiaketa honetan, kontinente guztiko talde ugarik hartzen dabe parte urtero. Betebeharreko baldintza hiru kantuz grabauriko maketea zein disko bat Bilboko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Sailera bialtzea da; nahitaezkoa da aurkezten dabezan abestiak taldeak berak eginikoak izatea, disko bat baino gehiago (AAEN erregistrauta) kaleratua ez eukitea eta aurreko edizinoetan parte hartu badabe, saririk (lehenengo sariak edo akzesit) irabazi ez izana.
Lehiaketako hiru musika muetak (Pop-Rock, Metal eta Joera Barriak) epaitzeko bertako komunikabideetako profesionalez osoturiko hiru epaimahai be sortuko dira. Lan guztiak entzun ondoren, epaimahaiak, danetara 46 talde aukeratuko ditu bigarren fasean parte hartzeko.
Bigarren aldia martia eta maiatza bitartean gertatuko da. Taldeek BilboRock-La Merced aretoan zuzenean joko dabe eta sarrera doban izango da. Metal eta Pop Rock kategorietan hiru talderik onenek -epaimahaiaren arabera- azken kontzertuetan joko dabe. Kontzertu horreek bagilaren 7 eta 8an izango dira, eta amaitu ondoren irabazleak jakinarazoko dira.