Bidaide  IV. urtea // 141. zenbakia

Zorionez, azkenean, irribarrea


Ezbeharraren urtebetegarrenean, Tailandia normalizetan eta burua altzetan hasi da. Turismoaren indarrak herrialdearen berreregite prozesua nabarmen azkartu dau eta premina gorria bizi daben herritar asko lanean hasita dagoz. Nazinoarteko erakunderik ezean, mendebaldeko milaka lagunek giro hotzetik iges egiteko daben gogoari esker zulotik urtetan dagoz Tailandian. Hori bai, Tailandian badakie edozein momentutan barriro zeozer larria pasau daitekela, izan be, zoritxarrez eskarmentu handia daukie horretan. Azken boladan, turista guztiek lortu gura daben kamisetan letra handiakaz argi dakar: 2003: SARS. 2004: tsunamia. 2005: Hegaztien gripea. Hurrengoa zer izango ete da?

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Bihotza kuzkurtuta daukat. Hilebete eta erdi daroat tsunamiak jotako inguruak bisitetan, hauts egindako etxeen gainean jaubeakaz berbetan, basamortu bihurtutako uri eta herri bizi-biziak ziranak ezagutzen eta lurrean islatutako hondamendia sentiduten. Edozelan be, Loiuko aireportutik abiatu eta 40 egun geroago, zorionez, barruan neukan korapiloa edo esturea apur bat askatu da. Tailandian egindako ostereari esker, itxaropentsu nago kaltetutako inguruak berreregiten doazelako apurka-apurka.

Orain ia urtebete inguru, pasa dan abenduaren 26an, tsunamiak hankaz gora jarri eban Asiako hego ekialdeko paradisurik ederrenetakoa, Tailandiako hegoaldeko kostaldea eta inguruetako ugarteak. Itsasoak harea zuriko hondartzak eta bertan egozan danak jan ebazan. Danetara, 8 mila lagunetik gora hil ziran eta horreetatik 5000 inguru ez ziran tailandiarrak, atzerriko turistak baino. Tsunamiaren irudiak arin heldu ziran mendebaldeko pantailetara. Azken aldian ohituta gagozan moduan, hondamendia zuzenean.

Kontuak kontu, tailandiarrek negozioetarako daben trebezia erakutsiz, hondamendiaren ondoren, Patong edo Phi Phi-ko hondartza inguruetako kaleetan edonon topau daitekez tsunamiaren irudi onenak jasoten dabezan CD eta DVDak, Ozeano Indikoko itsasikarearen beste arpegia.

Halan da guztiz be, oraindino lan handia dago egiteko, batez, be, hain turistikoak ez diran lekuetan, berbarako, Kuraburi herrian, Phang Hga probintziako herri txikian, izan be, mila lagun inguru dagoz bertan behar dan moduko etxebizitzarik barik. Phraku Suwatthithamarat, inguru haretako monje budisten liderra da eta bere tenpluaren lurretan 500 bat lagunentzako behin-behineko etxeak eregiteko baimena emon eban. Ezbeharra izan zanetik urtebete pasau danean, aitatutako liderraren eginahalak ez dira nahikoa izan eta 200 bat baino ez dagoz inguru erlijioso horretan. ‘Berba ederrak eta aginduak ezerezean geratu dira eta oraindino ez dau inork proiektautako etxebizitzarik eregi. Ganera, Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuk etxebizitzak jasoteko kristinautasunera bihurtzea eskatzen izan deutse herritarrei eta gehienak ez dagoz horretarako prest’ salatu dau Phraku Suwatthithamarat liderrak.

Horrezaz ganera, langabeziaren arazoa be sekulakoa da. Turisten joan-etorria barriro suspertu dan arren, bungalow, motel eta ganerako ostatuetan % 60 ingurukoa da okupazinoa, hau da, igazkoa baino 20 puntu txikiagoa. ‘Egoereak hobera egin dauela esan daiteke’ autortu dau Jureelak Pimrot, Foundation for Women erakundeko komunikazino arduradunak. ‘Hondamendiaren ondoren, alargun geratu diran emakumeez arduratzen gara orain. Hemen musulmanak dira gehienak eta emakume asko noraezean dabiz, diru apurra irabazteko zer egin ez dakiela eta, beraz, negozioak zabaltzeko diru-laguntzinoak eta argibideak emoten deutseguz eta emakume horreen seme-alaben eskoletako matrikulak pagetan deutseguz’.

Zailtasunak, arazoak eta gorabeherak asko eta larriak dira oraindino baina, halan da be, irribarretxua berez agiri da arpegietan Tailandia hegoaldeko etxebizitza iraunkorren inguruetan paseoan zabiltzala. Itxuroso dago ingurua. ‘Lan handia egin da eta gaur egun tsunamiaren aurreko etxeak baino hobeak daukiez orain herritarrek’ ziurtatu dau Dennis Dunken jn.ak, Bangkoken Garapenerako Nazino Batuen Programearen (PNUD) Komunikazino zuzendariak.