Merkataritza elektronikoaren arrakastea
Bizkaie!
Sare nagusiaren edo bestelako sistema elektronikoen (EDI, datu-truke elektronikoa, etab.) bidez sortutako negozio-bolumena salmentetan 4.311,8 miloe eurora heldu zan igaz EAEn eta erosketetan 2.012,5 miloe eurora; gauzka holan dirala, 2004an euskal enpresek merkataritza-elektroniko bidez egindako salmentak % 16,5 eta erosketak %12,1 gehitu ziran, Eustatek oraintsu argitaratutako datuen arabera.
Aurreko urtean lez, balio absolutuetan Araba nabarmendu zan salmentetan eta Bizkaia erosketetan. Jarduera-adarraren arabera, salmentetan industria nabarmendu zan ganerako sektoreen aldean; erosketetan, industria eta zerbitzuak sektoreek antzerako zifrak lortu ebezan eta eraikuntzak ez eban garrantzi handirik izan.
Establezimenduen tamainuari erreparauta, hamar enplegatu edo gehiagokoek lortu ebezan emoitza nagusiak merkataritza-elektronikoaren erabileran. Halan da be, merkataritza-elektronikoa egiten daben Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak azken urtean ia % 50 gehitu arren, oraindik % 7,6 besterik ez dira.
Merkataritza-elektronikoa egiten daben establezimendu-kopuruari erreparauta, 2003ko % 5,1eko portzentajea 2004an % 7,6ra igon zan. Gehikuntza hori batez be bide elektronikoetatik erosten daben enpresak gehitzeak eragin eban.
Kontuak kontu, 13.000 dira EAEn merkataritza elektronikoa egiten daben establezimenduak. Establezimenduok bide horretatik egiten dabezan erosketak erosketa osoen % 15,0 hartzen dabe eta salmentek, salmenta osoen % 22.
Enpresen tamainua kontuan hartuta, hamar enplegatu eta gehiagoko enpresen % 13,4k merkataritza elektronikoa egin eben, % 10,9k erosketa elektronikoak eta % 4,1ek salmenta elektronikoak.
2004an merkataritza-elektroniko bidez egindako salmenten bezero-muetari dagokionean, salmenta guztien % 86,9 beste enpresa batzuetara saldu zan (B2B deritzon merkataritza), % 12,5 ebazan, esaterako, administrazino publikoak (B2G).
Salmenta elektroniko horreek egiteko erabilitako bitartekoari jagokonean, erdiak baino gehiago, % 57,8 EDI eta beste sare batzuen bidez egin dira, % 27,5 bakotxaren web orritik, eta ganerako % 14,7 posta elektroniko bidez.
Bezeroen kokapenari erreparauta, holan banatu ziran sarearen bidez egindako salmentak: fakturautakoaren % 45,2 Europar Batasunera joan zan, % 31,6 Estauko ganerako autonomia-erkidegoetara, % 21,1 Euskal Autonomia Erkidego barruko merkatuan gelditu zan, eta ganerako % 2,1 munduko ganerako lekuetara joan zan.
Erosketen atalean, enpresek adierazo eben jatorri nagusia Estadua izan zala, han egin baitziran erosketa elektronikoen % 47. Ondoren, % 27,1 erkidegoan bertan erosi zan, % 19,5 Europar Batasunean eta % 6,4 munduko beste leku batzuetan.