Luang Prabang
Geureagaz zerikusirik ez dauen kulturea, gizartea eta lurraldea ezagutzeko uri erosoa
Zero kilometroa, Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoaren zero zenbakia, bidaiaren hasikerea besterik ez...
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.
Laoseko iparraldean dago Luang Prabang eta herrialde horretako uri garrantzitsuena ez bada be, bertako kulturea eta gizartea ezagutzeko leku ezin hobea dala esan geinke. Luang Prabangera heltzea ez da erraza, baina bidaian izan genduzan burukominak arin be arin kendu jakuzan Laoseko lurraldea zapaldu eta segiduan.
Vientianetik (Laoseko uriburua) Luang Prabangera hamaika orduko bidaia autobusez egitea benetan gogorra da. Hango autobusak, orain dala hogeita hamar urte berton ibilten ziranen antzekoak dira, eta jentez josita joateaz ganera, animaliak, poltsak, kutxak eta bestelakoak bidaide izaten dira. Ganera, Laoseko musika tradizionala (benetan gogaikarria) bolumen altu-altuan jarten dabe edonon eta horrek be ez dau askorik laguntzen. Bidean zoratzen ez bagara, Luang Prabang uriaren edertasunagaz zorabiatuko gara; ia-ia 750 metroko altuerako mendi baten ganean dago eta nora begiratu ez dakigula geldituko gara. Alde batetik, Asian hain ohikoak diran tenplu edo jauretxe dotoreak zenbat-gura ikusiko doguz; bestetik, Laoseko kulturea ezagutzeko aukerak be milaka izango dira. Edozelan be, uriburutik kilometro gitxi batzuetara, herri txikietan, jente arruntagaz egoteko aukerak ez doguz inondik inora baztertu behar; jentearen berotasuna, gehienez, hamar-hamabost etxe inguruko herrietan topauko dogu. 'Palafito' erako etxeak zutabetxuak euskarri dabezala ikusiko doguz, uriol sasoia heltzen danean, ura etxe barrura sartu ez daiten. Eraikin horreetan, zura izaten da osogai bakarra eta, horregaitik, denporan atzera salto egin dogula pentsetea edo sentidutea gauza normala izango da. Zalantza barik, herritxu horreek dira Laoseko benetako gizartea ezagutzeko lekurik egokienak.
Biztanlegoa
Luang Prabangen hedadurea ez da handiegia; 100.000 biztanle baino gitxiago izan arren, Laoseko biztanle kopururik handiena dauen bigarren uria da. Nekazaritzea da sektore nagusia eta industriagunerik ez dogu erraz topauko, nahiz eta hori turisten gozamenerako izan. Herrialde atsegina eta miragarria da, eta bertako herritarrak, ganera, benetan abegikor eta irribarre zabalagaz agertuko jakuz gehienetan, euren ondasun apurrak, eskura daben guztia edonori eskaintzen deutsiela; gogoan izan, Laos herrialde komunistea dala. Halan eta guztiz be, jenteak ez deutso jaramon larregirik egiten politikeari edota sistemeari; Asiako herritarrek ez dabe hurretik ezagutu turismoaren eta mendebaldearen eraginik eta, gauzak holan dirala, kultureari jagokonez, goitik beherako aldeak izan arren, ezezagunakaz jarrera edegia erakusten dabe. Zoritxarrez, munduan, gero eta leku gitxiagotan ikusiko dogu kanpotarrakanako jarrera hori eta, alde horretatik, berezia eta gogoangarria da Laos.
Kulturea
Kulturearen alorrean, Luang Prabang leku aberatsa da. Historian, uri honek sekulako eragina izan dau beste herri batzuen aldetik; eragin hori, batez be, arkitekturan ikusiko dogu. Thailandiak, Vietnamek eta Kanputxeak euren kulturen aztarren garbiak itxi dabez Laosen eta, gaur egun, Luang Prabangen dagozan ehundaka tenplu horren erakusgarri argiak dira. Thailandian legez, tenpluak 'Wat' izena hartzen dabe eta itxura aldetik antzerakoak dira. Herrialde bietan wat horreek leku sagraduak dira eta, jakina danez, budismoa da erlijino nagusia ingurualde horreetan. Arteari jagokonez, Luang Prabang uri txikia da baina estilo desbardinetako eraikinak dagoz: Vientianekoa, xieng kuang erakoa eta, jakina, Luang Prabangen bakarrik topauko dogun estiloa. Normalean, tenpluetako hormak, urrez (edo beste metal batzuez) dotore apainduta eta 'collage' moduko irudiez ganezka agiri dira eta, berez, arruntak izango litzatekezan irudiak ikusgarriak eta ahaztuezinak dira.
Luang Prabangerako bidea
Uri honetara heltzea, Laoseko uri guztietara heltzea lbezela, ez da gauza erraza. Errazena, laburrena, eta komenigarriena, bidaia hegazkinez egitea izango da. Horrenbestez, lehenengo eta behin, Bangkokera eroango gaituan hegazkina hartuko dogu (bisadurik ez da behar) eta handik Vientianera doan hegaldia. Laosera sartzeko bisadua beharrezkoa danez, Bangkoken bertan edo aireportuan eskatu geinke. Vientianetik Luang Prabangera heltzeko, autobusa edo hegazkina erabiltea da onena. Merkeena autobusa izango da (6 euro), hegazkina, ostera, hamar aldiz karuagoa eta, ganera, Lao Aviation Konpainiaren segurtasun indize eskasen barri izan ondoren, seguruena be bai. Hegazkinak ordubetean egiten dauena egiteko, autobusak 11 ordu beharko ditu; bidaia gogorra baina interesgarria. Vietnamen, Hanoi eta Saigon dira hegaldi zuzenak dabezan uri bakarrak, eta Kanputxean, Phnom Penh.
Laosen lurrez be sartu gaitekez, baina orduan 'Friendship Bridge' sarrerea erabilten ez badogu, bisadua aldez aurretik nahitaezkoa izango da. Horretarako, bidai agentzietara edo Laoseko enbajadara jotea dira bide bakarrak. Gaur egun zabalik dagozan sarrerak bi dira: Thailandiatik eta Vietnametik; dana dala, laster Kanputxeatik sartzeko aukerea be egongo dala zabaldu da azken aldian.
Luang Prabangen bizimodua ez da karua; jateko, edateko eta lo egiteko, persona bakotxeko, egunero 25 euro baino gitxiagogaz nahikoa izango da. Kontuan izan ganera, gastuak banatu ezkero, diru gitxiago gastauko dogula. Hori bai, ez ahaztu Euskal Herritik Laosera eroango gaituan hegazkina pagetako 700 euro inguru beharko doguzala.