Euskerea berbagai  IV. urtea // 141. zenbakia

Bilboko Zazpi Kaleetako 50 merkatari inguru euskalduntze eta alfabetatze ikastaroetan


Bizkaie!

Uriburu bizkaitarreko Zazpi Kaleetako ingurune komertziala euskalduntzeko akordioaren aurkezpenean, ingurune horretako 50 merkatari inguruk euskerearen alfabetatze eta hobetze ikastaroetan hartuko dabela parte jakinarazo dabe Bilboko Udaleko eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko arduradunek.

2005ean zehar euskerea era sistematikoan erabili da saltokietako publizidade, eslogan, kanpoko errotulazino, ostalaritzako menu eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko mezu eta enparauetan. Bilbo Zaharreko Merkatarien Elkarteko 230 merkatariek euren saltoki eta langileak euskalduntzen hasi dira, merkataritza-elkartea eta Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak orain urtebete sinatutako hitzarmenaren arabera.

Akordio honetan azaltzen danez, nabarmena da Bilbon merkataritzearen jardunak dauen garrantzia, bai urian bertan baita inguru zabalean be. Eta Bizkaiko uriburuan inon bada merkatal gunerik, Zazpi Kaleak doguz mendeetan zehar izaera hori gaur arte sortzen eta eusten jakin dabenak.

Esangura horretan, ezinbestekoa da euskerearen erabilerea bultzatzea Bizkaiko merkataritzearen erreferentziazko gune honetan. Horretarako, hiru personek eratzen daben Euskerearen Batzorde bat sortu da. Horreek, Komunikazino Taldeko hamar personakaz batera, hitzarmenaren jarduera eta programen kudeaketa, antolaketa eta jarraipen lanak egingo dabez.

Persona horreezaz ganera, aurten 37 langilek parte hartu dabe ikasketa eta hobetze ikastaroetan, klaseetara joanda edo internet bidez. Merkatarien Elkarteko komunikatuen % 100 bi hizkuntzetan egin dira eta euskerara itzultzen ari dira barruko dokumentu guztiak.

Orain urte bat sinatutako testuak ekarren lez, 'Bilboko Udalaren zereginetako bat, erakunde publikoa dan aldetik, euskerearen ezagutzea eta erabilerea bultzatzea da, hizkuntza ofizial biek maila ofizialean ez eze eguneroko errealidadean be pareko garapena izan dagien'.

Horregaitik ,euskerea erabilten ari da era sistematikoan saltokietan, ez bakarrik publizidadean, baita eslogan, mezu, errotulo eta testuetan be. Lan hau errazteko, Elkarteak itzulpen zerbitzu bat abiarazo dau merkatarientzat.