Euskaldunok munduan  IV. urtea // 141. zenbakia

Jon Cortina jesuitea hil da El Salvadorren giza eskubideen alde behar handia eginda


Iratxe Ormatza

Urte askoan El Salvadorren behartsuenen eta justiziaren alde hainbeste lan egindako Jon Cortina jesuitea hil da oraintsu. Orain 71 urte Bilbon jaio zan Cortina, baina 1955etik El Salvadorren bizi zan. Hil, barriz, Guatemala uriburuko ospitale batean hil zan, pasa dan zemendian burmuinean isuri bat izan ostean oso larri egon ostean. 1989an San Salvadoren hil ebezan Ignacio Ellacuria eta beste bost lagunen kidea zan. Azken urteetan El Salvadorko gerran desagertutako umeen bila lan handia egin eban. Asociacion Pro Busqueda alkartea sortu eta 1980tik 1992ra El Savadorren izandako gerran galdutako hainbat ume barriro euren familiakaz hartu-emonetan jarri ebazan. Hirurehun kasu baino gehiago argitu dabez, eta horren ondorioz umeak eta familiak batu. Familiak batzeko, familiak eurak emon izan dabez senideen ganeko datuak. Militarrek eta gobernuek, ostera, ez dabe lan horretarako ezelako laguntzinorik emon. Halanda ze, familiak eurak izan dira iturburu eta helburu.

UCA Erdialdeko Ameriketako Unibersidadearen sortzailea bere izan zan, baita irakaslea bere. Militarrek 1989an zortzi persona, danak jesuitak, hil ebezan UCAn, tartean, Ignacio Ellakuria eta Juan Ramon Moreno euskaldunak. Egun horretan unibersidadera joan ez izanak salbau eban Cortina, eta ordutik aurrera hilketa horreek argitzen ahalegindu izan da.

Oro har, Askapenaren Teologia oinarri hartuta, bizitza osoan giza eskubideen alde ibili zan buru-belarri, gerrearen bidebakokeriak sufridu ebezan lagunei bizipoza helarazoten eta boteretsuen zigorbakotasunaren kontra.

Behar handia eginda be, Jon Cortina ezkorra zan El Salvadorreko egoerearen inguruan, irailean Zazpika aldizkarian egindako alkarrizketa batean esan eban: 'Orain gerran baino jente gehiago hilten da, desbardintasuna da orain ez garala notizia. Kaos honetatik urtetako egiturazko aldaketak egin behar dira eta neuk ez dodaz inon ikusten. Herri hau AEBen menpean dago oraindino, eta horrek ez dau laguntzen danentzat bideragarri dan herri bat eregiten'.