Kulturea  IV. urtea // 140. zenbakia

Urte barriari begira, Bilboko Arte Eder Museoan


Julen Gabiria

Oindino urtea amaitu ez badogu be, Bilbon eta erakusketei jagokenez, 2006. urteari begira gagoz daborduko. Hain zuzen be, Bilboko Arte Eder Museoan egingo diran erakusketa batzuen aurrerapen labur bat emongo dogu gaur, agendak prestatzen hasteko.

Martiaren 20tik maiatzaren 28ra, 'Herreratik Velázquezera. Lehenengo naturalismoa Sevillan' izeneko erakusketea egongo da ikusgai. Hirurogeita hamar obra baino gehiagoren bitartez, XVII. gizaldiko Sevillako pinturak naturalismo barrokoari egin deutsan ekarpena errepasetan dau erakusketak.

Naturalismo barrokoa Caravaggioren eta haren jarraitzaileen tenebrismoagaz sortu zan, eta Velázquez gaztearen obran euki eban gailurra. Denpora-tarte artistiko hau XVII. gizaldiaren lehenengo laurdeneko Sevillan kokatu zan. Sasoi haretan, Sevilla uri kosmopolita eta indartsua zan, eta pintura flandestarraren ekarpenak eta Italiako eraginak nahastauta, indar handiko etapa artistikoa sortu zan.

Erakusketan, sasoi haretako pieza garrantzitsuak dagoz bilduta, eta, horreen artean, Caravaggio, Artemisia Gentileschi, Herrera Zaharra, Tristán, Ribera, Zurbarán, Velázquez eta Alonso Canoren obra handiak topauko ditugu.

Aitatuko dogun bigarren erakusketea udan egingo da, eta Kasimir Malévich (Kiev, 1878- Leningrad, 1935) artisteari egongo da eskeinita. Ehun obra baino gehiagori esker, artista errusiarraren lanaren ikuspegi zabala eskainiko da; izan be, pinturak, marrazkiak, liburuak eta abar ikusi ahal izango dira. 1911-1912 bitartean nekazaritzaren munduaren inguruan egin zituan irudi idealizauak, zirriborro inpresionistak eta konposizino sinbolistak egongo dira erakusketan, eta indar berezia emongo jako konposizino kubo-futuristei.

Erabateko abstrakzinora heldu aurretik, Malévichek Eguzkiaren gaineko garaipena opera futuristea egin eban, eta lan horren prestakuntzarako marrazkiak be ikusi ahal izango dira, bai eta ez-figurazinoa islatzen daben lan suprematista batzuk eta obra post-suprematista ugari be.

Erakusketak, gainera, parebako aukerea emongo dau nazinoarteko museo eta bilduma ugaritako obrak ikusi ahal izateko, eta, Malévichek suprematismoaren aurretik landu zituan estilo eta etapak erakusteko asmoz, Errusiako museo eta bilduma partikular askotako obrak bildu dira. Modu horretan, oin arte ezezagunak ziran obra eta dokumentu interesgarri ugari topau dira.

Hirugarrenez, eta azkenik, 2006ko urrian hasi eta 2007ko urtarrilean amaituko dan erakusketa baten barri emongo dogu, 'Zamacois – Fortuny – Meissonier' erakusketea, hain zuzen be.

Eduardo Zamacois (Bilbo, 1841- Madril, 1871) Bilbon hasi zan pintura-eskolak hartzen, José Balaca margolariagaz. 1859an Madrilera joan zan, San Fernandoko Arte Ederren Eskola Nagusian ikastera. 1860an, ostera, Parisera bidaiatu eban, sasoi haretako generoko pintorerik ospetsuena zan Ernest Meissonierregaz ikasteko. 1866an, Zamacoisek Mariano Fortuny ezagutu eban, eta bilbotarrak uriko giro artistikoetan sartzeko laguntzinoa emon eutsan. Hortik hasita, pintore bien artean hurreko harrtuemon profesional eta personala sortu zan.

Gero, Adolphe Goupil arte-merkatariaren bitartez, Zamacois Parisko arte merkaduan sartu zan eta bezero aberatsen laguntza jaso eban. Bezero horreen artean egozan, besteak beste, Matilde Bonaparte printzesa, Metternich printzeak edo Charles Dickens idazlea. Bere karrera arrakastatsua Parisen amaitu zan, 1870ean, Areto Ofizialeko Urrezko Medailea lortuta. Urtebete geroago, gerra franko-prusiarra zala-ta, Frantzia itxi eta Madrilera joan behar izan eban. Hantxe hil zan, hogeita bederatzi urtegaz, 1871n.

Bilboko Arte Eder Museoak antolatutako erakusketa hau margolari bilbotarrari eskeinitako lehenengoa da, eta bilduma partikularretatik eta Europako zein Estatu Batuetako museoetatik ekarritako berrogeita hamar bat obra bilduko dira bertan, danak be formatu txikiko akuarela eta olio ederrak.

Zamacoisen obrak, Ernest Meissonier (Lyon, 1815- Paris, 1891) maisuaren pinturak eta Mariano Fortuny (Reus, 1838- Erroma, 1874) lagunaren margoak parean jarrita, Zamacoisen ibilbidea testuinguruan sartzeko aukerea eukiko dogu eta, holan, obra horreek daukien balio artistikoa hobeto ulertu ahal izango dogu.

Beste alde batetik, Museoak beste programa eta erakusketa batzuk be antolatuko ditu: 'Artearen Papera', 'Obra gonbidatua' edo zinematekako zikloak, besteak beste. Laster heltzekoa dan urtean be eukiko dogu zegaz gozau, duda barik.