Euskerea berbagai  IV. urtea // 140. zenbakia

Boligrafo gorria


Xabier Paia

Holantxe deituko deutsat Euskerea Berbagai atalaren barruan sortuko dodan azpiatal barriari: Boligrafo gorria. Horrek ideiaren bat ekarriko deutsue burura batez be irakasle zarien edo irakasleen zuzenketen kokotekoa sentidu dozuenei. Boligrafo gorria erabilten da txarto dagoana marketako, zuzendu beharrekoa apuntetako eta atentzinoa erakarteko hanka sartzea egindako lekura. Hain zuzen be, horreek dira azpiatal barri honen asmoak: inon topautako euskerazko akatsak identifikau eta horreen barri emotea, horreek sortu dauzan enpresa edo taldeak egin beharreko aldaketak martxan jarri dagiazan.

Zenbat aldiz topau ete doguz euskerazko akatsak eskolako liburu batean, inork agindutako gutun batean edo politikarien esanetan? Zenbat aldiz berotu gaitu ergatibo baten absentziak, erderakada mingarrien oparotasunak, ulertzeko sano gatxak diran esaldien anbiguotasunak? Itaun bion erantzunek behera egin dagien, has dadila pintetan boligrafo gorria.

Boligrafo gorria: TRAVEL CLUB

Travel Club erosketa bidez puntu trukeko sariak irabazteko enpresea da. Gizaki hilkorrei esanda, saltoki batzuetan erosketak egiteagaitik puntuak emoten deutsuez eta horreek sari baten truke aldatu. Euren euskereari, ostera, puntu askorik ezin jako emon.

Akaso askok esango dozue errezetik jo dodala eta halantxe da: Travel Clubeko barripapera ailegau jakunean etxera euskeraz, amak ez eban ezer ulertu, euskeraz ez dakielako, baina neu be bere parean lotu nintzen. Kasuan sartzeko, hemen adibide batzuk:

Lehenengoa saria dauka! Azaro hilabetean zehar, Repsol, Campsa eta Petronorren zure lehenengo erregaia hartzeagatik, 50 puntu Travel Club lortuko dituzu, zuri dagozkizunez gainera.

Aprobetxa ezazu aukera hau eta lor itzazu 450 Puntu Travel Club Famitel mezu hau erosketagatik abenduaren 31 baino lehenago.

Atera iezaziozu etekin handiena zure Travel Club txartelari […].

1.000 € baino balio gehiagoko bidaia bategatik.

Apartateko puntuak edukitzeko, ez da beharrezkoa agiri hau ematea […].

Argi dago benetan zer dan apartatekoa.

Kontuan hartuta akatsetako batzuk ortotipografikoak izatea badagoala (nahiz eta halako publikazino batek zorrotz jokatu beharko leukeen hizkuntzeagaz), itzulpenetako (argi baitago hori euskaldun normal baten burutik ez dala atara) batzuek ez daukie ez hankarik ez bururik. Esangurea uler leiteke zelan edo halan, baina ahalegina eta predisposizino ona behar-beharrezkoak dira. Edozelan be, beharrezkoak eukita be, esaldiak lar luzeak dira neure eretxirako. Laburragoakaz bardin edo errezago ulertuko leukean kontsumitzaile euskaldunak zer jaso leikeen puntuen truke; jakina, belarriko mina eta bihotzekoaz ganera.

Horrek agirian ixten dau enpresa honen begirunea euskereari jagokonez zertan dan. Askoz be akats gehiago topau dot testuan, baina akatsok azpimarratzen hasi eta ez dot jakin non hasi eta non amaitu marrea.

Gauza bat argi dago, horrek testuak euskerearen duintasunaren marrea pasetan dau.