BECen zortziko handia
Gitxi falta da bertsolaritzearen egun handienetakoa heltzeko. Txapelketa Nagusiaren finala. Joan dira finalaurrekoak, gozau dogu bertsolarien jardunagaz, eta onenak entzuteko! Badakigu nortzuk kantauko daben Donostiatik kanpo jokatu dan lehenengo finalean. Osotuta dago BECeko zortziko nagusia: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sustrai Colina eta Amets Arzallus. Azkeneko hau da aurtengo nobedade bakarra. Irazuk itxitako lekua beteko dau hendaiarrak. Ez da sorpresa handirik izan azkenean.
Finalaurrekoak ederrak izan dira. Giroa bikaina saio danetan, batzutan kanpoko giro hotza barruko beroagaz burrukan ibili bada be. Bertsozaleen erantzuna ezin hobea izan da. Pilotalekuak bete dabez eta Barakaldoko areto erraldoia beteteko ametsa lortu leitekeela sinistuazo deutsie Bertsozale Elkarteari. Bertsotan be maila ikusgarrian aritu dira bertsolariak. Bi itzulitara jokatu dira finalaurrekoak, eta Hendaiakoa eta Berakoa izan dira saiorik onenak nire eretxian. Hendaiakoan Unai Iturriagarik distiratsuena ikusi genduan, eta bakarkako bertsoaldi antologikoa erregalau euskun, polizia ei zan bategaz ligetan ebilen istorioaren harira. Berakoa izango zan finalaurreetako saiorik borobilena seguruenik. Puntuei erreparau ezkero behintzat, ez dago dudarik. Lau bertsolari maila bikainean ikusi genduzan tarteka: Amets, Maia, Sustrai eta Fredi. Eztegara pilotalekuan hazurretaraino sartu jakun hotza ez zan aitxakia izan, eta ariman iltzatu jakuzan entzundako bertso asko eta asko. Adibiderako, Frediren lucky lighta, edo Ametsen kalendarioa. Beste lau saioetan be ale ederrik ez da faltau izan. Markinan Amets eta Maia, eskeletu eskaletuen mila izarretako aterpea ezagutu genduan; Gasteizen Etxahun eta Mendiluzeren arteko alkarrizketa goxoaren lekuko izan giñan; Urretxun bertsoaldi bete-beterik ez, baina Mendiluzek autortu ebana, gogoa bazen, desira bazen, sentimendua falta zen. Azkenik, Donostian Igorrek franko erakutsi eban, eta doinu barrian lan bikaina bete. Unairen bi poto-lapsusek sustua eroan eben harmailetara, baina ez genduan sinistuko bere magiarik barik geratzea finalean.
Gertu ibili dira
Finalaren atarian bertsolari tropela geratu da oso puntu gitxira. Txapelketa ederra egin dabenaren seinale. Jokin Urangak ofizio ikaragarria erakutsi dau, Sarriegik genialidadeak botaten dakiela, Xabi Paiak goi mailako titulua atara dauela, Amaia Agirrek ziurtasuna, eta Arkaitz Goikoetxeak bertsotan gauza ederrak egiteko gai dala. Fredi Paiarena be txapelketa bikaina izan da. Eta ez dodaz ahaztuko hemen finalaurreetan kantau daben beste bizkaitar biak. Arkaitz Estiballesek eta Etxahun Lekuek gauza oso politak erakutsi dabez, eta jaurerriaren ordezkaritzea ondo baino hobeto osotu dabe.
Finalera sei baino ezin ziran sartu baina. Egañagaz eta Maialenegaz batera kantetako beste bost izen nahiko garbi genduzan Donostiako saiora orduko. Ametsek, Mendiluzek, Maiak, Elortzak eta Iturriagak aldea markau eben lehenengo itzulian bertan. Seigarren txartela izan da jokoan azkenera arte, eta Sustrai Colina izan da azkenean aukeratua. Gasteizen makal ikusi genduana, seguru eta erantzunez topau genduan Beran, eta puntu bakarraren aldeagaz sailkatu bada be, orokorrean maila hobea erakutsi dauela uste dot. Eta finalean zer? Orain pronostikoak egiteko sasoia da, kinielen ordua. Egañak tabladuan galdu gura dau txapela, baina ez pentsau erregalauko dauenik. Maialenek txapela emakume batek be jantzi leikela sinistuazo euskun orain lau urte, eta garai barri baterako buru aproposa emoten dau. Amets etorkizuneko txapelduna dala dinoe, baina kantetan dabilen erraztasuna eta mailea ikusita, aurten irabaztea be ez da amets utopikoa. Mendiluze be oso errez ikusi dogu, eta azkenekoan hirugarren geratu zan. Maiaren elegantzia be txapela kentzeko modukoa da. Igor eta Unai? Durangarrak edozertarako gai dira. Doinu barriak aurretik estreinau dabez, finaletan hazi egiten dirala ezaguna da, eta aurten Barakaldon izanda, leku ezin aproposagoa Euskal Herriko txapela Bizkaian geratzeko.
Ez nazala busti? Badakit. Nik final handiaz gozau gura dot, eta txapela nork jantziko, egia esan, ez deust holako egonezinik sortzen. Bertso munduko lagunakaz batera gozau gura dot gure egun handia, eta tabladu ganekoei be euren jardunaz gozau dagien opa deutsiet. Zer edo zer eskatzearren, buruz burukoan kantauko dabenetako bat Egaña bera izan daitela.
Iñaki Aurrekoetxea
Finala noz hasiko
irrikaz gagoz gu,
ta txapela janzteko
gertu zortzi buru.
BECen hamabi mila
entzule inguru…
Bertso Exhibition Center
bihurtuko dogu!