Konekzinoak sekretupean
Gotzon Plaza,
informatikoa
Segurtasuna da aspaldiko arrazoirik nagusiena eta indartsuena. Holakorik aitatu ezkero, antza danez, danetarik egiteko gai dira gure agintariak. Azkenekoa: Europako Batasuneko barne ministroek egin daben akordioa eta Europako Komisinoak onartutakoa. Telefonoz egindako deiak, korreo elektronikoz jasotako eta bialdutako mezuak eta internetez egindako ibilbidea gordeta geratuko dira aurrerantzean, 6 eta 24 hilabeteko tartean. Nork, nori, noiz, nondik, nora, zenbat denporaz... holako informazinoak (gure informazinoak) mantenduko dabez telekomunikazino enpresek. Edozelan be, trankildu gaitezan, komunikazino horreen edukina sekretupean egongo dala dinoskue, epai-agindu batek besterik ez badau esaten, behintzat.
Akordioa Europako Legebiltzarrera bialdu da eta abenduaren 12an presidentetzeak akordioa onartuko dauen ala ez jakingo da. Onartzen badau, Europako direktibea izango da eta Batasuneko herrialde danetan bete beharrekoa izango da.
Baina, nork pagauko dau hori guztia? Kostuak enpresen lepora etorriko dira eta ez Gobernuen patrikeratara: Europako Komisinoaren kalkuluen arabera, enpresa bakotxaren azpiegiturea preparetako 100 miloe euro behar izango dira eta gero beste 50 miloe euro urteko. Dana dala, sinatutako akordioaren arabera, Gobernuen esku dago enpreseei holako diru laguntzinoak emotea egiten daben lanaren truke. Azken puntu hau Finlandia eta Alemaniak proposatu eben, jakina, herrialde horreetan dagoz-eta konpainiarik indartsuenak (Nokia, Telecom, Siemens).