Sarean  IV. urtea // 140. zenbakia

Microsoften apostua: Xbox 360


Gotzon Plaza,
informatikoa

Bideo jokoak deituten dira baina euren atzean dagoana ez da jokoa, merkatu itzela (hau da, dirutza makala) baino. Hor dagoz ba hiru enpresa nagusienak: Sony, Microsoft eta Nintendo (lehenengoa eta hirugarrena, japoniarrak eta erdikoa estadubatuarra).

Oraingoan, Microsoft azkar ibili da eta batez be Sony-ri aurrea hartu deutso. Sony-ren asmoetan euren Playstation 3 barria 2006ko udabarrian plazaratuko ei dabe Japonian eta handik, udea baino lehentxoago Europara zabalduko dabe. Baina plangintza horreri aurre eginez, Microsoft-ek Xbox 360 kontsola barria aurkeztu dau.

Ez da inolako jokoa; bertan mobiduten dana 21.000 miloe dolarreko merkatua da eta danek gura dabe lekutxu bat (eta posible balitz, alboko enpreseari bere zatia jan).

Microsoft enpreseak 12.000 miloe dolar inbertidu ditu bere produktuan. Gaurko kontsolak teknologia aldetik punta-puntako produktuak dira, ordenadoreen modukoak, eta gaurkoak erabilera ugaritakoak dira: ez bakarrik jokoetarako, pelikulak ikusteko be gai dira, musikea entzuteko edota argazkiak gordetako. Hau da, karuak dira behintzat egileentzako nahiz eta gero euren prezioa kostukoa baino bajuagoa izan, Berbarako, Xbox 360 bakotxaren kostua 552 dolarrekoa da Microsoft-entzat baina gero 399 dolarretan saltzen da dendetan. Honek zera esan gura dau, makinako bakotxzeko 153 dolar 'galtzen' dauela eta berbarako, hamar miloe tramankulu saltzen badauz urtero galerak 1.530 miloekoak izango dira. Astokeria ezta? Baina negozio honetan dirua ez da egiten makinatxoak saltzen, benetako diru mordua jokoetan dago eta.

Eta bateren batek hamar miloe kontsola saltzea lartxo dala pentsetan badau, ez daitela horregaitik harritu: Xbox (aurreko produktua) horretatik 22 miloe ale saldu dira eta halan da guztiz be, merkatuko % 17-a baino ez dau bereganatu. Azken bi urteotan Xbox produktuaz arduratzen dan sailak 2.400 miloe galdu ditu.

Hor dago konpetentziako produkturik garrantzitsuena, Sony-ren Playstation famatua, negozioaren % 68-a lortu dauena. Honek 100 miloe kontsola baino gehiago saltzea lortu dau, horreetatik 96 miloe Playstation 2 bersinokoak izan dira. Hauxe dogu arlo honeako erregea, duda barik. Arrazoiak? Bat baino gehiago seguruenik: produktu hona, ehundaka joko apropos bertan erabilteko eta publizidade kanpaina oso ona. Kontuak kontu, produktu hau baino lehenago, bideo jokoen mundua agian ume edo ta gaztetxoetara zuzenduta egon zan bakarrik baina Sony-ren publizidadean euren produktua umeakaz ez buztartzeko ahaleginak egin ebezan eta begi bistan dagoanez ondo moldatu dira.

Sony-ren hurrengo produktua Plystation 3 izango da aitatu dogunez. Nahiko sekretupean dago dana baina adituen eretxiz, Playstation 2-a baino 35 bider ahaltsuagoa eta Xbox 360 bera baino ahaltsuagoa izango da.

Saltsa honetan, hirugarren perejila Nintendo enpresa japoniarra da, GameCube produktu nagusitzat daukiela. Nahiz eta 80. hamarkadan liderra izan gaurko datuen arabera, merkatuko % 15agaz hirugarren postuan dago. Baina enpresa honen estrategia desbardina da. Microsoft eta Sony enpresen merkatua ohiko jokolarietara bideratua dago alde batetik eta bestalde, jokalari trebeei zuzendua. Azken honeek beti dagoz teknologiari bide barriak eta gaitasun handiagoak eskatzen eta orduan bai joko eta bai produktu barriak plazaratzeko gogoz dagoz (eta jakina, goi mailako joko eta teknologiak euren kostua daukie). Nintendoren bidea desbardina da: eurek ez dabe dirurik galtzen 1985tik hona eta bideak honexek dira, bata kontsolearen erabilera gero eta errazagoa egitea eta bigarrena, merkatu barriak lortzea. Enpresa honen hurrengo kontsola Revolution izenekoa izango da eta datorren urteko Gabonetarko prest egongo ei da.

Dana dala, Nintendo beste arlo batean erregetzat jo geinke: kontsola mobikorren sailean. Game Boy Advace, Game Boy Advance SP eta Nintendo DS produktuakaz merkatuko liderra da ezelako duda barik. Nork ez dau ikusi edozein eskolako patioan edota parkeko bankuren batean, gaztetxoren bat holako kontsola bategaz?

Nork irabaziko ete dau lasterketa hau? Ez dago argiegi. Microsoft-ek aurrea hartu dauenez, abantaila txikia dauka momentuz baina aprobetxau egin behako leuke. Aditu batzuek esan dabenez, hemendik urtebetera (datorren urteko Gabonak) 200 bat joko on eta dexente lortzen badauz, akaso merkatuaren % 40 atrapetako gai izango da. Baina jokoak oso karuak dira euren garapenean eta sortzaileak diran enpresak ondo baino hobeto begiratzen dabe zein dan kontsolen artean merkatuko zatirik handiena lortu dauena, izan be, holako modeluari bideratuta garatuko dabez gero euren bideo jokoak.

Analisten ustez, Nintendok eutsi egingo deutso orain arteko erritmoari bere teknologiari eta bere estrategiari esker. Orduan, Sony izango ete da galtzailea? Akaso 2006ko udaberria hurregi dago Playstation 3-a kaleratzeko, joko garatzaileak oraindino ez dira hasi ta. Produktua atzeratu egiten bada, Microsoft-entzako aukera ezin hobea izango da.