Eretxia  IV. urtea // 140. zenbakia

Azokea gustoko dogu, baina ez beti


Iñaki Atxutegi

Tira, urterokoa egin neban. Durangoko Azokara joan nintzan. Eguraldi kaxkarrari aurre eginaz, zubiaren lehenengo egunetan emoten eban eguraldiak azokako papela busti gura ebala. Honeek euri zaparradak, honeek aire korronteak, honeek kostipaduak!!!

Horrezaz ganera, aparketako arazoei aurre egiten ausartu nintzan. Aurreko egunetan behin eta barriro entzun nebazan iragarkiak irratitik, hau da, autobusa edo trena hartzea dala onena burukominak eta multak ebitetako eta, mesedez, faborez eta arren, trafiko arazoak arintzen ahalegintzeko. Lanetik hur dago Azokea eta betiko moduan, Iurretako sarreran laga neban kotxea, hamaikatxu buelta emon eta gero.

Betiko moduan, Landakoko pabilioia ikustean zirrara moduko bat sentidu neban. Sentimentala izango naz, seguruenik, baina “nire” azokea dala sentiduten dot nire barruan. “Nire” hizkuntzaz idatzitako liburuak bertan topetan ditut, liburu barriak, euren ikutu berezi horregaz, papel barria daukien ikutu eta usain berezigaz, tinta garbiagaz, gozamen hutsa.

Sentimentu baikor hori joan egiten jat pabilioian sartu eta berehala. Jente asko, jente larregi, gustoko liburuak gustora ikusteko eta ukutzeko modurik ez. Arrakastearen seinale ei da hori, baina arrakasteak alde txar horreek be badaukaz. Gustoko idazleak be eskura dagoz. Lantzean behin idazleak berak emon eta dediketan deutsu liburua. Mitomanoak bagara edo liburua erregaletako asmoa badaukagu, ez dago detaile politagorik idazleari lerro batzuk eskatzea baino.

Modu batean ala bestean, onartu behar dogu Azokea maite dogula. Baina ez beti. Azokea behar dau euskereak. Baina ez azokea bakarrik. Azokea gozamena izaten da. Baina ez denpora guztian.

Urteroko tristureagaz urten neban Azokatik. Ez neban neskatorik igerri nire sinadurea eskatzen Alex Sarduigaz egiten daben modura. Ez jatan kazetaririk hurreratu adierazpenak eskatzen Harkaitz Canori eskatzen deutsen modura, ez nintzan telebistan agertu, Arzalluz edo Otegi agertu ziran bezela. Ez dau ardura. Euren lanak erosi nebazan, nahiz eta eurak nireak erosi ez.

Orain ulertzen dot! Interneteko kontuak debalde diralako izango ete da? Seguru. Euren lanak eskuratzeko ordaindu egin behar dogu, balio handikoak dira eta. Ba hurrengo baterako artikuluak irakurteko pagau egin beharko da. Norbere lanak balorau egin dagiezan, ezer baino arinago norberak balorau behar ditu. Ados egongo ete dira Bizkaieko lagunak? Ez dakit, ba. Dudak daukadaz…