Chicken little
'Chicken Little' filmak ez dau ordubete baino askoz gehiago be irauten eta ikusle-entzuleei pasarte askotan gidoia behar baino askoz gehiago luzatu dabela begitanduko jake, esate baterako beisbol partiduko eszenen kasuan. Hain laburra dan pelikula baten ganean hori esatea ez da bape seinale ona.
'Chicken Little' film indargea da, ez dauka personaia karismadunik eta ez dago aparteko teknika batez horniduta. Edozein kasutan be, onartu beharra dago pantailan agiri diran piztien mobimentuak eta aurpegikerak imitaukeran ahalegin handiak egin dirala; batzuen hazpegiak ikustea besterik ez dago, guztiok personaiek barrutik sentiduten dabenaren barri euki daigun.
Bestalde, ziur nago umeentzat film hau jostailuen eta ganerako salgaien iturri agortuezina izango dana. Eta seguru antzean diru asko be asko batuko dau, baina zinemazaleentzat erdipurdiko gidoi batean alkarri inkautako irudi sorta bat baino ez da izango. Hori bai, umeentzako produktua dala esango deuskue, baina azken atxakia hori ez da lar ona, animazinoaren inguruan Pixar-ek egindako lan ezin hobeak eta erakargarriagoak (berbarako 'Toy Story', 'Finding Nemo' edo 'The incredibles') ikusi eta gero.
Laburbilduz, honako hau film aspergarria eta gazbakoa da; edozelan be, beharbada, ume txiki-txiki bati DVD modura erregaletako aukera ona izan leiteke.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Mark Dindal.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 80 minutu.
- Generoa: animazinoa, komedia.
- Gidoia: Steve Bencich, Ron J. Friedman eta Ron Anderson; Mark Dindal eta Mark Kennedy-ren argumentu batean oinarrituta.
- Ekoizpena: Randy Fullmer.
- Musikea: John Debney.
- Muntaia: Dan Molina.