Zinea  IV. urtea // 140. zenbakia

Flightplan


Jodie Foster, film honetako izar nagusia, pantaila handira itzuli da 'Panic room' ospetsuan egindako lanaren ostean. Oraingoan, Kyle Pratt izango da, senarra hil ostean, sei urteko alabeagaz batera Estadu Batuetara bueltan doan andrea. Sano triste egonagaitik be, beste desafio bati egin behar izango deutso aurre, alabea desagertuko jako-eta New Yorkera abiatzen dan hegazkin handian.

Filmaren lehenengo zatian elementu psikologikoak nagusi dira, bai protagonisteak bizi dauen urduritasun egoerearen barri emoteko bai beraren egonkortasun emozionalaren ganeko dudak zabaltzeko.

Zoritxarrez, pelikulearen bigarren zatia telefilm batetik atarata dagoala emoten dau; lan arina, azalekoa eta kaskarra da, nahiko zentzunbakoa. Ikus-entzuleei begitanduko jake gidoilariek ordura arte egindako lan txukuna gurata suntsitzeko erabagia hartzen dabela. Ildo horretatik, hasikerako abiapuntua amaiera sinisgatx batean urtu eta desegingo da.

Film honetako interesik handiena Jodie Foster bera da; kontakizun osoaren pisua bere gain hartuta, personaiari ñabardura sorta handia eta interesgarria emongo deutso. Horrek, dana dala, ez dau filmaren maila mengela orekatuko.

Joseba Terreros

- Zuzendaria Robert Schwentke.
- Herrialdea: USA.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Jodie Foster (Kyle Pratt), Peter Sarsgaard (Carson), Sean Bean (Rich kapitaina), Erika Christensen (Fiona), Kate Beahan (Stephanie), Marlene Lawston (Julia), Michael Irby (Obaid), Assaf Cohen (Ahmed), Shane Edelman (Sr. Loud), Mary Gallagher (Sra. Loud), Haley Ramm (Brittany Loud), Forrest Landis (Rhett Loud), Jana Kolesarova (Claudia).
- Gidoia: Peter A. Dowling eta Billy Ray.
- Argazkia: Florian Ballhaus.
- Muntaia: Thom Noble.