Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 140. zenbakia

Hego Euskal Herriko beharginek hileko eta orduko soldata gordinik onenak daukiez


Arazoak

Eguneroko arazoei erreparatuz, EAEko % 21,9 etxebizitzatan bizilagunen edo kanpotik datozen zaratak jasan behar izaten dabez, baina Estaduko bataz bestekoa lau puntu gorago dago. Kutsadureak eta ingurumen arazoek % 11,4 etxebizitzari eragiten deutsie; estaduko bataz bestekoa % 15,8koa da, lau puntu eta erdi handiagoa.

Bestalde, lapurreta edo bandalismo arazoei dagokienean, EAE bizitzeko erkidegorik lasaiena da. Lapurreta eta bandalismo kasurik gehienak Kanarietan eta Valentzian (% 25 baino gehiago) izaten dira, bai eta Ceutan eta Melillan be (%44,6).

Begiluzea

EAEko langileen hileko soldata gordinak %17an gainditzen dau estaduko bataz bestekoa. Nafarroako beharginek, barriz, orduko soldata gordinik onenak daukiez, Estaduko bataz bestekoa baino % 21,9 gehiago, hain zuzen be.

Espainiako Estatistika Institutuak bizi-baldintzen inguruko inkesta bat egin barri dau eta emoitzen arabera, EAEko biztanleek bataz beste 8.728 euroko diru-sarrerak daukiez urtean; nafarrek apur bat gehiago, 8.777 euro hatan be. Zifra honeek Estaduko bataz bestekoa 1.140 euro inguruan gainditzen dabe eta, horrenbestez, Nafarroak hirugarren tokia eta EAEk laugarren tokia beteten dabe diru-sarrera handienak daukiezan erkidegoen artean. Aurretik Madril (9.111 euro) eta Katalunia (9.064 euro) dagoz.

Lurralde bakotxean dagoan biztanleria kontuan hartuta, Nafarroako beharginek jasoten dabez orduko soldata gordinik onenak estaduan; izan be, soldatok %21,9an gainditzen dabe Estaduko bataz bestekoa. Hileko soldata gordinik onenak be Nafarroako beharginek daukiez, bataz bestekoa baino %17 gehiago.

Nafarroaren ondotik EAEko langileak dagoz: orduko soldata gordinak %18,6an gainditzen dau Estaduko bataz bestekoa eta hileko soldatak %17an.

Espainiako familiek bataz beste 21.551 euroko diru-sarrerak euki ebezan 2004an. EAEn bataz bestekoa 23.777 eurokoa da eta aurretik Madril, Katalunia, Kantabria eta Nafarroa dagoz. Diru-sarrera txikienak, ostera, Extremadurak (16.470 euro) eta Andaluziak (18.336) daukiez.

Pobrezia

Pobreziari jagokonez be, EAEk nahiko emoitza egokiak lortu ebazan igaz; izan be, ikerketako datuen arabera, EAEko biztanleen % 11,2k zelanbaiteko pobretasun mailea euki arren, estaduko batez bestekoa %19,9koa da eta EAE urrun dago Extremaduran, Ceutan eta Melillan daukien % 37ko txirotasun-mailatik. Pobretasuna, batez be 65 urtetik gorako personek eta 16 urtetik beherako gazteek jasan behar dabe, % 29,6 eta % 24,3, hurrenez hurren.

Estatistika Institutuak beste alderdi batzuk be aztertu dauz. Etxebizitza bakotxeko gastua estaduan, esaterako, 205 eurokoa da bataz beste hilean (hipoteka, alokairua, ura eta bestelako gastuak tarteko).