Berpizkundearen bide luze eta egogorra
Calang-en kooperazinoaren indarra handia da eta antolaketea ezin hobea
Egun bi geroago, Calang eta Meulaboh bitarteko bidea lurrez egiteko nahikoa ausardia batu eta hor joan gara furgoneta txiki batean. Helikopterotik ikusitako triskantzea hurretik ikusi gura genduan. Danetara, 80 bat kilometro dira baina errepidea dala esatea lartxu dala pentsetan dot. Bost bat ordu egin doguz bideko zuloetan saltoka, itsasoen neurriko putzuetan sartzen eta furgonetako goi aldea buruagaz golpeak emoten. Lehen esandako moduan, kaltetutako lekuetara eraikuntzarako materiala eroatea ezinezkoa da bide horretatik; lehentasuna errepidea bera atontzea da baina inork beregan hartu gura ez dauen erantzukizuna da hori. ‘Errepide bat egiteak ez dauka oihartzunik eta, ganera, kostua sekulakoa da’ dino Boaz Paldi, PNUDeko komunikazino arduradunak. ‘Oihartzun handiagokoa da ume gaisoen ondoan argazkiak egitea baina gaur egun, beharrizan eta lehentasun handiena azpiegiturak hobetzea da’.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Eguerdiko hamabiak dira eta berandu gabiz. Cristina Mignana, Nuria Perez eta hirurok Banda Aceh-eko aireportu militarrera goaz. Aceh urian Medicus Mundiko behargin biek kazetari-txartela lortu deustie Banda Aceh eta Calang, Aceh, Sumatrako ipar eskualdeko uriburutik 150 bat kilometrora bitarteko hegaldia egiten dauen Nazino Batuen erakundeko helikopterorako. Egunean birritan egiten dau joan-etorria helikoptero horrek eta niretzako erabagiorra izan da hor lekua hartzea.
Giza laguntzino programako hegaldi horreek barik Indonesiako ohianeko leku izkuetara jatekoa, botika eta enparauak eroatea ezinezkoa izango litzateke. Kostaldean zehar joian errepide zaharra desagertu egin da eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetako lur orotariko indartsuak be nekez dabiz paraje horreetan. Aceh mendebaldeko kostan tsunamiak kaltetu eta etxerik barik geratutako 300.000 lagunei laguntzinoa bialtzeko modu bakarra da bidea airez egitea. Egoerea negargarria da tsunamiaren ezbeharra pasau zanetik urtebete joan bada be eta herritar gehienak ahal daben moduan bizi dira, etxebizitza duina zer dan ez dakie eta gitxieneko garbitasun eta osasun baldintzarik be ez dago.
Atara kontuak, tsunami bildurgarriak kostaldeko leku askotan metro eta erdi baino gehiago jan eban. ‘Hondartzea egoan lekuan, orain ez dago ezer. Palmondoak uretan geratu dira eta arroz-soloak urez ganezka dagoz. Tsunamiaren erruz, desnibelagaitik kontrako norabidean doaz orain erreka asko eta, oro har, tsunamiak eragin eban itsasikarearen hondamendiaz jaubetzeko lehengora bueltetea ezinezkoa izango dala esan daiteke’ adierazo dau Miguel Urquia, Meulaboh urian, Espainiako Gurutze Gorriaren bulegoko zuzendariak.
Motor hotsa entzuten da eta helikoptero erraldoia hegalak mobiduten hasi da. ‘Tramankuluan’ 21 lagunentzako lekua dago eta konturatu garanerako beheko lur, etxe eta enparauk txiki-txiki ikusten hasi gara. Isilean egin doguz 150 kilometroak tsunamiak naturan eragin ebazan zauriak ikusten. Kanpadendez hornidutako kanpalekuak edonon agiri dira eta behin-behineko etxe edo etxolak olatuek joten daben lerrotik metro batzuk gorago eregi dabez. Halan da be, ‘beste tsunami batek antzeko kaltea eragingo leukela uste dot’ adierazo dau Mignanak oihuka, motorren zarata bildurgarriaren gainetik. ‘Oihanean eregitea ez da posible eta, beraz, kostaldean eregitea baino ez dago’. Jakina, Aceh eskualdean lurrikara asko izaten dira urtero eta arriskua hortxe dago. ‘Edozelan be, kontuan hartu behar da etxeak mendi magaletan eregi ezkero, arriskua lubiziak edo lurjausiak izango litzatekezala uriolak be sarri-sarri izaten diralako’ azaldu dau Medicus Mundiko adituak. Duda barik Aceh eskualdeko herritarrak gatx daukie sufrimendutik libretako.
Calang, ezerezetik sortutako herri txikia da. Tsunamia baino lehen 9.000 lagun bizi ziran bertan eta gaur egun 6.000 baino ez; hiru mila hil ziran. Etxe bi baino ez ziran zutunik geratu. Gaur egun, distritoko uriburu izandakoa berpiztu guran, lekuan lekuko zein nazinoarteko erakundeen topaleku bihurtu da. Medicus Mundik 42.000 laguni zerbitzua emoten deutsen osasu zentroa eregi dau bertan eta helikoptero bidez egin beharreko emergentziazko lekualdatzeez arduratzen da. Gosearen Kontrako Ekintza Elkarteak (Frantzia) herriko saneamentu sarea eregi dau, ARPUTIH etxeak, barriz, Internet Wi-Fi zerbitzua eroan dau ingurura, komunikazinorako tresna ezin hobea eta, azken buruan, PNUD (Garapenerako Nazino Batuen Programea) etxebizitzak eregiteaz arduratzen da World Vision eta Caritasegaz batera. Umeen eskolatzat UNICEF (Haurtzarorako Nazino Batuen Fondoa) erakundearen kanpadenda bereziak erabilten dabez oraingoz, behin betiko ikastetxeak amaitu bitartean.