Zehazki Hiztegia
Bizkaie!
Gaztelania-euskara formatuan orain arte plazaratutako hiztegirik osotuena eta handiena egin dau Ibon Sarasola euskaltzainak: Zehazki Hiztegia, hain zuzen be. Alberdaniak argitaratu dau, BBVA fundazinoaren laguntzinoagaz. Sarasolaren azkeneko lanak 100.000tik gora sarrera ditu eta 952 orrialde.
Euskeraz alfabetauriko persona guztientzako hiztegia da, euskaldun barrientzako zein euskerazko idazle profesionalentzako lan tresna aproposa da, egileak berak azaldu dauenez. Zehazki Hiztegia euskara egoki erabilteko lan tresna eraginkor eta erabilgarri izateko jaio da.
Hiztegia egiteko hamar urte emon ditu lanean Sarasolak. Koldo Mitxelenak hasitako eta berak oraintsu amaitutako Orotariko Euskal Hiztegia oso kontuan hartu dau, baita Elhuyar Hiztegia be. 'Osorik irakurri dot. Berba tekniko guztiak aztertu ditut banan-banan eta Euskaltzaindiaren gitxieneko maila beteten dabenak aukeratu ditut'.
Hiztegia egiteko orduan arazoak be izan ditu Sarasolak; erderazko berba eta esapideakaz, batez be. 'Klonikoen kontra burrukan ibili naz, hau da, gaztelaniatik euskerara eginiko itzulpen klonen kontra. Hitzez hitzezko itzulpenak gustetan jataz, literalak, baina ez klonikoak. 'Papera oso pairakorra da' esaldia irakurri neban behin euskaltzain baten testuan. Eta ez jatan bape gustau. 'El papel es muy sufrible' esan nahi eban'. Bueltak eta bueltak emon ondoren, Sarasolak gogoratu eban bere amak baeukala hori esateko beste modu bat: Paperak dana hartzen dau', hain zuzen. Hori itzulpen literala da, egokia'.
Orotariko Euskal Hiztegia eta Elhuyar Hiztegia ez eze, Placido Mujikak eginiko lana eta EHUk eta Donostiako Udalak Interneteko Ereduzko prosa gaur atarian bildutako informazinoa izan ditu iturri Sarasolak Zehazki Hiztegia egiteko.
Pello Salaburu EHUko irakasle eta euskaltzainaren eretxiz, 'Sarasolak ezin hobeto erabili dau material hori guztiori. Proposamen zehatzak egin ditu, hortik dator hiztegiaren izena'. Hau da, 'hainbat berba eta esapideren inguruko informazinoa emon dau zabal, baina, era berean, zehatz. Ahalik eta gehien zehaztu ditu berba bakotxak izan leikezan erabilera guztiak. Esanahiak zerrendatu, azaldu, eta adibideak emon ditu. Lan bikaina egin dau, duda barik'.