Eusko Abertzale Ekintzaren 75. urtemugan
Denpora barriak?
Franco hil ostean, nahiz eta talde txikia izan, sasoi honetan egindako hainbat bilera eta foroetan hartu eben parte EAEkoek, esaterako Txibertako eztabaidetan, eta alderdi honetako Valentín Solagaistua joan zan Gobernu Buru zan Adolfo Suarezengana beste euskal ordezkari batzuekaz batera zabaltzen zan prozesu barrian parte hartzeko jarritako baldintzen barri emotera.
1977an izandako hauteskundeetan bakarrik aurkeztu zan EAE. Hilebete batzuk geroago barriro ESB alderdiagaz bat egiten ahalegindu zan baina azkenean ez zan ezer adostu. Urtebete geroago 1978an Herri Batasuna koalizinoaren alderdi sortzaileetariko bat izan zan EAE-ANV, baina batuketa honek be bere ondorioak ekarri ebazan eta 1980an batuketearen kontra agertutako kide batzuk alderditik kanpo geratu ziran. 1996an VI. Batzar Orokorra ospatu eban alderdiak eta Iparralde kontuan harturik bere izena aurrerantzean EAE-ANV-ANB izango zala onartu eben.
EAEren azkenengo urteak Batasunaren barruan igaro dira, talde hau osotzen daben beste hainbat alderdiren suberte bardina izanez.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Pasa dan astean, zemendiaren 30ean ospatu da Eusko Abertzale Ekintza (ANV) alderdi politiko abertzalearen sorrerearen 75. urteurrena. Hurrengo lerroetan beharbada hain ezaguna ez dan alderdi politiko honen nondik norakoak ezagutuko doguz labur batuta baino ez bada be.
Eusko Abertzale Ekintza alderdi politikoa 1930eko zemendiaren 30ean sortu zan. Sasoi horretan euskal abertzaleak bananduta egozan, 1921ean, ordura arte alderdi abertzale bakarra zan EAJ zati bitan banandu eta gero: alde batetik, Comunión Nacionalista Vasca, urte batzuk arinago EAJk berak hartutako deitureari eutsiz eta bestetik, PNV-Aberri, Comunionetik urtendakoek osotutako taldea.
Haize barriak
Baina 1930eko hamarkadearen hasieran, argi egoan ordura arteko Espainiako sistema politikoa, hau da Primo de Riveraren diktadurea, bertan behera joiala. Haren alde agertutako Espainiako Errrege zan Alfonso XIII.ak be gatx eukan aurrerantzean gobernu buru moduan jarraitzeko. Beraz, aldaketak etozan Madrilen eta euskal abertzaleak euren eskaintzak lortu gura izan ezkero, egoera barrian indartsu agertu behar ziran. Horretarako alderdi biak batu eta alderdi politiko indartsua osotu behar eben. Halan ba Comunión eta Aberrikoak berbetan hasi ziran. Azkenean, 1930eko zemendiaren 30ean adostasunerako agiria lortu eta Euzko Alderdi Jeltzalea barriz sortzeko akordioa sinatu eben.
Dana dala, abertzale batzuk ez egozan konforme batuketa horregaz. Batez be urietako jentea zan, Bilbo eta Barakaldokoak. Gehienbat abokatuak, ekonomilariak, medikuak eta merkataritzeagaz lotutako gizonak. Sortutako EAJn barriro be ohitureak eta honen artean erlijinoak hartzen eben garrantziagaz ez egozan konforme, nahiz eta euren artean gehienak katolikoak izan. Barriro be pisu larregi hartzen eben baserri inguruko personek, alderdi politikoari kutsu atzerakoia emonaz.
Euren eretxiz alderdi abertzale modernoa behar zan, errepublika zalea eta liberala. Euskal Herriak bizi eban “iraultza” industrialagaz eta honen ondorioz sortzen joian gizarte industrial barriagaz lotuagoa egon behar zan alderdi abertzalea. Gauzak holan dirala, EAJtik alde egin eta alderdi hau batzen zan egun berean San Andres eguneko agiria izenagaz ezagutuko zan deia sinatu eta zabaldu eben. EAEren sortzaileen artean, besteak beste, ondokoak egozan: Anacleto Ortueta, Tomás Bilbao, Justo Garate, José Olivares, “Tellagorri”, Andrés Perea, Luis Areitioaurtena, Tomás Etxabe, Domingo Arana, Juan Carlos Basterra eta Andrien Maury azken hau iparraldekoa.
Alderdi ezkertiarra
Alderdi barriak ez eban indar larregirik izan eta hurrengo urteetako hauteskundeetan Espainiako alderdi ezkertiarrakaz batera aurkeztu zan eta 1935ean alderdi ezkertiarrek osotutako Frente Popularrean be sartu zan. Ordura arte alderdi errepublikarra eta liberala zanak 1936ko bagilaren 28an ospatu eban bere kongresurik garrantzitsuena. Bertan pentsaerea aldatu eta gaur egun ezagutzen dogun alderdi abertzale eta ezkertiarra bihurtu zan EAE. Aldaketea ikusita eta ados ez egozanez sortzaileetariko batzuk alderdia itxi egin eben.
Gerrea
Urte berean gerrea hasi zan. Urrian Estatutua onartu eta Agirre Lehendakariak Jaurlaritzea osotzeko agindua hartuz EAEko ordezkari bat be izentau eban: Gonzalo Nardiz Nekazaritza arduraduna izango zana.
Gerran zehar EAEko kideek be beste euskal alderdi batzuk modura batailoiak osotu ebezan. ‘Olabarri’ izenez lehenengoa eta ‘Euzko Indarra’ izenez bigarrena. Izen bako hirugarren bat be osotu eben. Gogoangarria izan zan batailoi honeek Albertia mendian jasandako zigor gogorra.
Baina gerrea eta EAE aitatu eta berehala gizon bat jatorku burura: Kepa Ordoki. EAEko kidea, Ordokik hainbat gorabehera izan ebazan gerran zehar. ELAk eratutako San Andrés batailoiko komandantea izanda, gerrea amaitu eta Bigarren Mundu Gerran be burrukau ibili zan ‘Gernika’ euskal batailoiaren buru.
Sasoi ilunak
EAEko hainbat kidek Francoren diktadureari aurre egiteko osotutako erresistentzian parte hartuz burrukatu eben ixilpean hurrengo urteetan. Beste batzuk Ameriketara joan ziran eta handik ‘Euzko Lurra’ aldizkaria sortuz alderdia bultzatzen ahalegindu ziran baina eragin handi barik. 1945ean Francoren kontra egozan euskal alderdi guztiak Baionako Akordioa sinatu ebenean, EAEko ordezkaria zan Gabriel Goitiak be parte hartu eban.