Jan-edanak  IV. urtea // 140. zenbakia

Arrautza eta urunetatik pasautako txarri hankak saltsa bizkaitarragaz


Arrautza eta urunetatik pasautako txarri hankak saltsa bizkaitarragaz

Osogaiak (lau lagunentzako)

Hankak egosteko:

- Lau txarri hanka.
- 100 gr. kipula.
- Porru bi.
- 50 gr. azenario.

Saltsa bizkaitarra egiteko:

- 800 gr. kipula.
- Sei piper txorizero.
- 8 dl. salda.

Hankak arrautza-urunetan pasetako:

- 100 gr. urun.
- Arrautza bi.

Zelan egin

Ezertan hasi aurretik, gauzatux batzuk prepareta komeni da. Hasteko txarri hankak ondo-ondo garbituko doguz. Jarraian ebagi bat egin luzetara eta kordel bategaz lotu formea galdu ez daiten. Era berean, egosteko berdurak garbitu eta txikitu, gerorako prest eukiteko. Piper txorizeroak uretan ipintea be komeni da.

Aurrepreparazino horreek danak egin ostean, beharrean hasiko gara. Txarri hankak presio-eltze batean jarriko doguz egosten; berdurak be bertan jarri uragaz ondo tapauta gatz apur bategaz. Egosten itxiko dogu ordu eta lauren gitxi gora behera. Ondoren, atara hankak eta kordelak askatu, txarri hanken hazurrak kendu eta okelea eta gelatinea gorde. Okeleagaz 'film' papela erabiliz, gura doguzan zilindroak egingo doguz eta ondoren, hozkailuan ixtiko doguz hotzitzen.

Hurrengo pausuan, okela zilindroak hozkailutik atara, xerratan ebagi eta urin eta eta arrautzetatik pasau ondoren, prijidu egingo doguz. Ondoren, bizkaitar saltsan sartu eta egosten itxiko dogu apur batean, gatzez puntuan jarriz, eta listo.

Bizkaitar saltsea egiteko, kipulea juliana erara ebagi eta sueztitzen jarriko dogu; koipea kendu eta piper txorizeroak ganeratuko doguz, ondoren saltsea be gehituz (saltsea loditu gura izan ezkero,urun apur bat bota eta ondo irabiatu). Azken txanpan, egozten itxi, puntuan jarri eta thurmixetik pasau; amaitzeko barriro irakin eta prest eukiko dogu bizkaitar saltsea. On egin.

BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria

Kaixo irakurleok, oraingoan aspaldi erabili ez dogun genero bat hartuko dogu. Okelea da erabiliko dogun produktua eta zehatz-mehatz txarri hankak landuko doguz. Produktu oso merkea eta goxoa gelatinadun okelea gustetan jakenentzat. Egiteko ez dauka aparteko zailtasunik baina denpora apur bat beharko dogu errezetea behar dan moduan egiteko. Animau zaiteze txarri hankak bizkaitar erara preparetan, gabon bueltako ospakizunetarako be ederra izan daiteke eta.