Barriketan  IV. urtea // 140. zenbakia

Gotzon Garate: 'Konstituzinoa da euskereari kalte handiena egiten deutsona'

Zentsurearen gaia oinarritzat hartu dauen aurtengo 40. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako Argizaiola saria "Gauean argi" ekitaldian eskaini jakon Gotzon Garate idazleari.

Gerediaga elkartea 1992an beste sasoi batzuetan zenbait persona eta erakundeek euskera eta euskal kulturearen alde egindako lana goraipatzeko Durangoko argizaiola omen-saria emoten hasi zan, berba bitan esateko ‘gauean argia’ izan ziranei eskerrak emoteko. Sari hau Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka-n emoten da urtero. 92koa Jon Bilbaok jaso eban eta igaz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik.

Gotzon Garate Goihartzun jauna Elgoibarren jaio zan 1934. urtean. Durangoko Jesuiten ikastetxean egin ebazan batxiler ikasketak. Bolada horretan hartu eban euskal kontzientzia eta euskerearen aldeko jarrerea eta azken urteotan eten barik dihardu horretan.

Ikasketei dagokienean, ondokoak nabarmenduko geunkez: Filosofian doktore Madrilgo Complutense Unibersidadean, Teologian lizentziatua Insbruckeko Unibersidadean, Filologia Erromanikoan lizentziatua Deustuko Unibersidadean eta Marxismoan espezializazinoa Friburgoko Unibersidadean.

Deustuko Unibersidadean Euskal Filologia karrerea sortu eban 1978an. Euskal gaien ganean makina bat idazlan eta eretxi artikulu idatzi ditu. Nobela poliziakoak, ipuinak, bidaia kronikak, marxismoaz... beti euskeraz. Danetara, 33 liburu argitaratu ditu.

Euskal atsotitzak eta esamoldeak batzen be sekulako lana egin dau; "Atsotitzak. Refranes. Proverbes" liburura herririk herri entzun eta jasotako 27.173 atsotitz batu ebazan. Esamoldeak, barriz, 36.000 batuta daukaz eta liburuak laster ikusiko dau argia.

Egunotan argitaratu ditu ‘Lauaxeta menderik mende’ eta ‘Euskara bikaina ipuinetan’ liburuak.

Gotzon Garategaz berba egitea plazer handia da eta atxakiarik txikiena nahikoa izaten da beragaz hitzordua zehazteko. Hona hemen Garate jn.ak egunotan kontau deuskuzanak:

1.- Ezer baino lehen, zorionak Argizaiola sariagaitik. Batxiller ikasketak Durangoko Jesuitetan egin zenduzan eta herriagaz lotura berezia dozula jakinda, zelan hartu dozu saria?

Sari hau neretzat ohore handia izan da. Durangoko Azokeak indar handia dauka Euskal Herrian, zeozelan euskal kulturearen termometroa da eta sari honegaz, Gerediaga alkarte jatorrak euskerearen alde egindako lana autortu deustela sentidu dot; hau da neretzako pozgarria. Ganera, saria berezia izan da ze Durangoko Jesuitetan emondako urteak erabagiorrak izan ziran niretzako; beste giro batean gaur ez nintzateke izango nazana. Hamabi urtegaz, Elgoibarreko ikasketak amaitu eta Durangora euskaldun joan nintzan baina euskal kontzientziarik barik; han bi azpeitiar eta Zumaiako Gomez lagunei esker euskal kontzientzia hartu neban eta ordutik nire bizitza goitik behera aldatu zan. Euskerea nire lehenengo hizkuntza zala jaubetu nintzan eta euskerearen alde lan egin behar nebala. Gaur egun be horretan nabil.

2.- Aurten, zentsurearen gaia hartu dau Durangoko Azokeak. 1975an Espainiako Gobernu Zibila Gerediaga Elkarteak antolatutako kultur ekimena galarazotekotan izan zan, azkenean ahalegina ezerezean geratu bazan be. Zentsura moduak aldatu egin dira baina zoritxarrez gaur egun be euskereak eta euskal kultureak erasoak sufriduten dabez...

Bai. Zentsurea Francok gerra zibila irabazi ebanetik izan da. Aspaldiko pasadizo bat kontauko deutsut; orain urte asko, 68tik 70era tarte horretan Bilboko epaitegitik deitu ninduen; auziren batean bateren batek nire lekukotasuna eskatuko ebala pentsau neban eta hurreratu nintzanean, Argia aldizkarian, euskal unibersidadearen beharraz eta euskeraz gai guztiak irakatsi beharraz idatzitako artikulu baten ganean argibideak eskatu eustiezan. Azkenean, ez dakit zenbat mila pezetako multea jarri eustien. Giro horretan bizi ginan.

Edozelan be, egun sufriduten doguzan erasoak larriak izan arren, Konstituzinoan dago gakoa. Hizkuntzalari jakitunek dinoenez, munduan dagoan konpetentziagaz, hizkuntza bat ez baldin bada beharrezkoa galdu egiten da eta Euskal Herrian, gaztelania da beharrezko hizkuntzea; hori garbi dago. Kontuak kontu, hor dago Espainiako Konstituzinoaren III. artikulua: ‘espainiar guztien eskubidea eta betebeharra da gaztelania jakitea’. Hori ez al da injustizia? Euskal gizartea zergaitik ez da horren kontra mobilizetan? Gobernu batek ezin dau ez erlijinorik ez hizkuntzarik inposatu. Konstituzinoaren artikulu hori da barrutik euskereari kaka, kalte handiena egiten deutsona. Geure etxean eurek agindu behar ete dabe?

Jarrera kontua be bada, nik ez dot euskaldunik ezagutzen gaztelania gorrotatzen dauenik; erdaldunak, barriz, zeharo dagoz euskerearen eta euskal usaineko edozeren kontra.

3.- Durangoko Azokearen 40 urteko ibilbidean argi-ilunak izan dira baina, oro har, zuk zelan bizi izan dozuz orain artekoak?

Danatan egon nazala pentsetan dot. Hasieran Andra Mari eleizearen arkupetan gengozanean, pentsaezinezkoa zan gaur egun azokeak hartu dauen indarra baina lehenego edizino hareek ondo gogoan daukadaz, izan be, giro aparta egoan euskaltzaleon artean. Gauza txiki eta apalak nabermen egin dau gora azken urteotan eta hori oso pozgarria da.

4.- Urtetik urtera gora doa euskal liburu eta diskoen produkzinoa; aurten, 477 dira nobedadeak, 361 liburu eta 34 disko barri. Errealidadean, barriz, ez dogula horrenbeste irakurten eta kulturea ez dogula horrenbeste konsumiduten emoten dau...

Datuokaz nahastau barik, erabilerea eta herriak komunikazinorako tresna baliogarritzat hartzea da giltza eta ni beldur naz euskereagaz ez ete dan pasauko latinagaz jazo zana; unibersidade giroan latina irakatsi arren, herriak ez eban egiten eta gaur egun unibersidadeetan be galdu egin da. Kontuan hartu erdal giroan bizi garala, oraintsu iloba batek ezelako konpleju barik autortu eustan erderaz askosaz gehiago irakurten dauela euskeraz baino. Jakina, idatzizkoari zein ikusentzunezkoei dagokienean, erdal kulturea aberatsagoa da, hori ukaezina da.


5.- ‘Literaturearen trenak berandu heldu izan dira Euskal Herrira’ idatzi izan dozu. Gauzak aldatzen doazela pentsetan dozu?

Zorionez, gauzak aldatzen doaz. Gerra osteko boladea kenduta, ze hor nobela bat be ez zan argitaratu, gaur egun polito gabizela esango neuke. Produkzino literarioa gero eta hobea da, kalidade handiagokoa. Edozelan be, produkzino hori, euskal kulturea herrira, ikastetxeetara, gazteen giroetara eroaten asmau behar dogu, hor dago benetako erronkea ze lehen be esan deutsut, gauzak argitaratzea, produkzinoa ondo dago baina erabilerarik ez badago, akabo. Momentu erabagigarrian gagoz gaur egun, gizaldietan euskerea eta eskolak banatuta ibili dira eta holan ez da posible; Gernikako bileretan euskeraz egitea galarazota egoan, Euskaltzaindian orain gitxira arte erderaz egiten eben, abertzale diran alderdi politikoen historia erderaz idatzi da...; beharbada berandu baina zorionez, euskerea serio hartu dogu eta aurrera goaz. Nik beti esan dot datozen 50 urteotan erabagiko dala euskerearen etorkizuna.

6.- Lauaxeta olerkariaren jaiotzearen mendeurrena bete da aurten. Euskal olerkigintza modernoaren aitzindaritzat jo geinke laukiztarra?

Lehenago be artikuluren bat edo beste baneukan argitaratuta baina Lauaxetaren ganeko kontuak oraintsu argitaratu dodaz sakonago ‘Lauxeta, menderik mende’ izenko liburuan eta zure itaunari erantzunez, bai, duda barik, olerkigintza barriaren gurasoak hiru dira: Lauaxeta, Lizardi eta Orixe.

7.- Edozelan be, Lizardi eta Orixeren aldean, Lauaxeta ez da lar ezaguna gurean. Zergaitik?

Akaso Lauaxetak bizkaieraz idatzi ebalako. Gipuzkeraz idatzi izan baleu askosaz ezagunagoa izango litzatekela ez daukat dudarik. Niretzat oso pozgarria da Lauaxetak mendebaldeko euskalkian idatzitakoak irakurtea. Herriko oinarria daukanak, umetan euskalkia erabilten dabenak euskera freskoa, aberatsa darabile eta batuaz idazteko be ez dabe arazorik izaten.

Lauaxetaren euskerea traketsa eta gatxa ete zan be idatzi izan da baina Lizardirena zelakoa ete da? Lizardiren testuen aitamena eginaz, Koldo Mitxelenak esaten eban: ‘Jaungoikoari eskerrak itzulpena dauka aldamenean...’.

Hobeak ete diran ez dot esango baina benetan dinotsut, nik gustorago irakurten dodaz Lauaxetaren poesiak Lizardirenak baino. Lauaxeta erromantikoa zan, emakumea, maitasuna, dramak, jazoerak dagoz oinarrian; ganera, Lauaxetaren olerkietan bera ikusten dozu sartuta; poesia modernoan, distantzia estetikoa nagusitzen da, hau da, normalean ez da jakiten idazleak zer pentsetan dauen eta erromantikoak, ostera, sartu egiten dira.

8.- Zertan dabil gaur egun Gotzon Garate? Esamoldeak batu eta argitaratzeko proiektua zelan doa?

Egunotan argitaratutako liburu bi horreez ganera, eleberritxo batzuk be badaukadaz aurreratuta. ‘Deustuko Unibersidadeko hilketa’ laster atara gura neuke baina ez daukat astirik. Bete-betean nabil esapideakaz. Ia 40 urtean ibili naz baserrietan alkarrizketak egiten eta daborduko 60 mila inguru batu dodaz, euskerea oso aberatsa da. Bizitza eguzkiz eguzki euskeraz egiten daben ezkero, normalean erderaz erabilten doguzan: ‘echar la casa por la ventana’, ‘vete a freir esparragos’ eta antzekoak euskera jatorrean erabilten dabez Zeanurin ez bada, Ordizian eta horrek batzen nabil azken urteotan. Euskera-Gaztelania, Gaztelania-euskera liburu potolo bakarra izango da baina oraindino urte batzuetarako lana daukat.

9.- Zein liburu irakurten zagoz orain eta ze liburu erosi dozu Durangon?

Pare bat liburu aitatuko deutsudaz, nobelak eta indiar egileenak biak: Talisma Nasrinen ‘La hermana de Nupur’ eta Arundhati Royren ‘El dios de las pequeñas cosas’.

Beste alde batetik, Durangon, liburu eta disko guztiei erreparetan deutset eta bat edo beste erosi arren, ondorengo egunetan, trankilago joaten naz eukal liburudendetara eta hor erosten ditut.

Koldo Isusi Zuazo