Antxina-barri  II. urtea // 19. zenbakia - 2003ko zezeilaren 1a

Jerusalem euskalduna

Euskaldunak gerran ekialdera joan ziranekoa


Hori da Teobaldo I.a, nafarren erregeak egindako espedizinoaren kontua. Dana dala, gaur egungo turisten antzera, gurutzatuak ez ziran esku hutsik etorri eta Iruñean esaten danez, uriko katedralean dagozan Jesukristok eroandako koroiaren bi arantzetatik bat, Teobaldo I.ak bidaia honetan ekarritakoa ei da.

Asier Madarieta,
Euskal Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.


Ekialdera burrukatzera joateko ideia ez da bape barria. Gaur egun, Bushek deituta, Irak ei da hartu beharreko lurraldea. Horretarako, mundu osoko herrialdeez osotutako ejerzitoa batu gura dau eta horretan dabil. Artikuluan, euskaldunak protagonistatzat hartu eta Ekialdean egindako gerrakaz zerikusia dauen pasadizua kontau gura izan dogu.

Gure aste honetako artikuluan kontetan doguna, orain dala 800en bat urte pasau zan, bere sasoian Europa osoan ezaguna eta errespetaua izandako Nafarroako erreinuaren urterik onenak amaituta ziran denporan, hain zuzen be.

1234. urtean Antso Azkarra, Nafarroako erregea oinordeko barik hil ostean, Nafarroako erreinuak ez zituan bere momenturik onenak bizi. Errege faltan eta alboan egoan Aragoiko erreinuaren menpe geratuko ziralakoan, Nafarroako Batzar Nagusiak Champagneko Kondea zan Teobaldo I.a (Champagneko Kondetzan III.a zana) izentau eben erregetzat. Teobaldo I.a nahiz eta atzerrikoa izan, Blancaren semea izanda, Antso Azkarraren lobea zan, beraz erregetzarako eukan eskubideak ez eban ezelako zalantzarik sortarazoten. Halan ba, 1234ko maiatzaren 8an izentau eben nafarrek Teobaldo I.a errege, Champagneko dinastiari hasierea emonaz Iruñeako tronuan. Ordurako, aurretiaz izandako aurrez aurreko eta gaixoaldiengaitik, nahiko egoera txarrean egoan, eta Teobaldok egoera hobetzeko beharrari ekin eutson. Ez eban aginte nasaia izan, batez be erreinuko ohitura eta legeak ez zitualako ezagutzen, baina saiatu zan Nafarroara jentea erakarten eta egoerea aldatzen.

Urte horretan, Erromako Gregorio IX.a Aita Santuak beste Gurutzada baterako deia egin eban, Ekialdean egozan Lur Santuak mairuen eskuetatik berreskuratzeko asmoz. Nafarroako errege barria, Teobaldo izan zan Aita Santuaren deiari jaramon egin eutson bakarrenetarikoa eta Jerusalemeko bidea hartzeko preparetan hasi zan. Bertsoak osotzen trebea zan erregeak, gurutzadetara joateko aukerak gogora ekarten eutsozan sentimentuak bertsotan ipinteko aukerea aprobetxau eban. Beraz espedizinoaren lekuko Teobaldo I.ak idatzitako hainbat abesti eta olerki geratu jakuz. Hain zuzen be, 1742an Ravaliereko gotzainak bertso guztiak batu eta 'Nafarroako erregearen abestiak' izenagaz argitaratu zituan.

Laurehun zaldun, euren morroi eta guzti batu zituan Teobaldok eta 1238ko apirileko azken egunetan Iruñeatik urten eta Iparralderantz jo eben. Baionatik pasau eta gero Frantziako bidea hartu eben, Parisen Frantziako Luis erregeagaz bat egiteko.

Paristik, Marseillarantz abiau ziran euskaldunak frantziarrekaz batera. Portu horretan, itsasontziak hartu eta Ekialderantz jo eben, horretarako Mediterraneoko ur nasaiak erabiliz. Sizilian atsedenaldia egin ostean, azkenik Esmirnan lehorreratu ziran. Mende bi arinago, Lehenengo Gurutzadan, beste nafar batzuk egindako bideari jarraituz, Erromatar Bidea hatu eben Teobaldoren gudariek, Sikonia izeneko eskualdera helduz. Eskualdeko uriburua zan Iconion egozalarik, bertan ekin eutsen mairuen kontrako burrukeari. Lehenengo arazoa Tauro mendien trabea gainditzea izan zan. Mendiak benetan altuak ziran eta bertoko ibarretan mairuak egozan izkutauta. Hasi ziran ba mendiak igoten eta Iconioko Sultanak egin eutsen aurre; burrukaldi luzea eta gogorra izan arren, azkenean nafarrak irabazi eben eta mairuen sultanak alde egin behar izan eban inguru horretatik.

Hurrengo uria Antiokia izan zan eta ordurako 1240. urtea hasita egoan. Nahiz eta lehenengotan pentsau uri hau hartzea ez zala bape erraza izango, egia esan, ia burrukarik barik, erraz bereganatu eben. Handik Akreko San Juanerantz joan ziran, bertan egozan beste kristinau batzuekaz bat egiteko, bitartean mairuen esku egozan gaztelu batzuk be hartuz.

Beharbada, hain erraz irabazi ebela ikusita, zehatz itsututa, buruzagi batzuk ez eutsien Nafarroako erregeari kasurik egin eta gehiago ziran mairuen kontra eraso eginaz, porrot haundia hartu eta nafar asko hil ziran. Azkenean, Teobaldok bere gudariekaz laguntzinoa emon behar izan eutsien armada guztia ezerezean ez geratzeko.

Edozelan be, 1240. urtea amaitzear egoala eta gerrea ezin irabaziko ebela emoten ebanean, Inglaterrako erregea zan Enrike III.ak bialdutako gudariei esker, Jerusalem bera hartzea be lortu eben gurutzatuek eta euskaldunak be tartean egon ziran. Dana dala, garaipen militarrak aparte, antza danez, mairuekaz egindako egonaldi luzeen ondorioz, azkenean Jerusalem urian euren errezuak egiteko eskubidea adostu eben kristinauek eta mairuek.

Baina ordurako nafarrak kantsauta egozan. Urte bi ziran etxetik kanpo, Nafarroatik kanpo eta Ekialdeko egonaldia ezin zan larregi luzatu. Nafarroako erregeak be baekian hori. Gurutzadea bultzatu eban Gregorio IX.a hilda egoan eta ganera, Jerusalem kristinauen esku egonda, helburua beteta ikusten eben nafarrek. Beraz, etxera bueltetako ordua zala pentsau eben.

Ascaloneko urian itsosoratu eta etxerako bidea hartu eben euskaldunek. Erroman egonalditxua egin eta gero, erregearenak ziran Champagne eta Brieko lurraldeak bisitau eta azkenean 1243. urtean heldu ziran Nafarroara.