Kulturea  IV. urtea // 139. zenbakia

Juan Mari Lekuona, Goian Bego


Juan Mari Lekuona Berasategi Oiartzunen jaio zan, 1927an. Teologia ikasketak egin ebazan eta meza berria Oiartzunen bertan egin eban, 1953an. Urte horretan Erromara joan zan Teologia Izpirituala ikastera eta han aurkeztu eban tesia, 'Ideario ascético-pastoral de Fray Bartolomé de los Mártires (1514-1592)' izenburupean. Erroman idatzi eban euskerazko lehen poemea, 'Mindura gau'r izenekoa.

Oso gaztetandik sentidu eban Juan Mari Lekuonak literatureagazko zaletasuna: idaztea gustetan jakon eta euskeraz idaztea erabagi eban, euskal kulturearen egoera gatxa ikusita, herriari euskerearen arlotik zerbitzua eskainiko eutsolakoan. Orixe, Lauaxeta eta Lizardi izan ziran gazteetako lehen poetak, lehendabiziko influentziak. Hamar bat urte idatzi barik egon ondoren, bigarren fase batean sartzen da Lekuona poeta eta Aresti deskubriduten dau: haren eraginez hasten da poesia sozial eta existentziala egiten. Ordukoa da bere lehendabiziko liburua, 'Mindura Gaur' deitutakoa.

'Oianburu' izenordea erabili izan dau Juan Mari Lekuonak bere lanak argitaratzeko. Egan, Olerti, Zeruko Argia, El Bidasoa eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere lanak.

Aita Barandiaranek eta Jorge Oteiza eragin handia izan dabe Lekuonaren poesian. Bestetik, literaturaz ganera, kantua eta bertsolaritzea be oso gustuko izan dira berarentzat.

2002ko apirilean, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, oiartzuar poeta honen inguruko jardunaldiak egin ziran Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Jardunaldion izenburua 'Juan Mari Lekuona, kezkaren antropologoa' izan zan.

Euskaltzaindian

1953an euskaltzain urgazle izentau eban Euskaltzaindiak eta 1987an, barriz, euskaltzain oso. Manuel Lekuona bere osabaren ordez aukeratu izan zan Juan Mari eta Oiartzunen egin eban bere sarrera hitzaldia, 1988ko garagarrilaren 30ean. Ahozko literaturea ardura bereziz ikasi dauenaren froga be bertan emon eban, 'Erdi-Ahozkotasunaren literatur estiloaz' egin eban eta berba orduantxe. Jean Haritschelharrek emon eutson erantzuna.

Urte askotan zehar, 1989az geroztik, Juan Mari Lekuona Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaria izan da 2005eko maiatzera arte. Literatura batzordeko burua izana be bada 2005era arte; urte horretan bertan, batzorde horretako ohorezko buru izentau eben. Jagon Sailaren Sustapen batzordeko kide be izana da. Bestetik, 1989tik 1996ra Akademiako buruordea izan zan.

Sariak:

- 1950 eta 1951n Premio Santo Tomas (Educación y Descanso), lehen saria jaso eban.
- 1966an Arantzazu lehen literatura saria emon eutsen, Mundura gaur obrari esker; bertan amaren gaia jorratzen eban Oiartzungoak.
- 1979an, Euskadi Literatur Saria, Ilargiaren eskolan poema liburuagaitik.
-1990ean Euskadi Literatur Saria emon eutsen, Mimodramak eta ikonoak poema liburuagaitik.
- 2002an Koldo Mitxelena kulturuneak eta Gipuzkoako Aldundiak omendu dabe, “Juan Mari Lekuona, kezkaren antropologoa” jardunaldien bidez.
- 2002an, EIZIEk ohorezko bazkide izentau eban.
- 2002ko abenduan, Egan aldizkariak omendu eban Oiartzunen.
bade lez, 50 urte beteteagaitik.

Argitaratutako lan nagusiak:

- Mundura gaur. 1966
- Muga Beroak. Gero, 1973
- Salmoen olerki alderdia. Jaunaren Deia, 1974
- Txirrita eta Basarri. Euskera, 1975.
- Ilargiaren eskolan. Erein, 1979
- Ahozko euskal literatura. Erein, 1982.
- Mimodramak eta ikonoak. Erein, 1990.
- Manuel Lekuona: Bio-bibliografia. 1995
- Mistika liburuak. 1997
- Ibilbidea/Itinerario. UPV-EHU, 1996.
- Ikaskuntzak eta euskal literaturaz (1974-1996). Aldizkarietan sakabanaturik zeuden hainbat artikuluren bilduma.
- Hondarrean idatzia
- Glasguiren eskolon
- Oiartzungo kantutegia. Bertako herri memoriatik. 2001

Bizkaie!

Juan Mari Lekuona eskualtzaina gaur hil da, goizeko ordu bietan, Donostian, 78 urte ebazala. Haren aldeko hileta eleizkizuna bihar, abenduak 6, izango da, Oiartzungo San Esteban parrokian.

Gaur bertan, baina, goizeko 11:00etatik aurrera, Oiartzungo San Esteban eleiza ondoan dagoan San Juan Kultur Etxean, hilkapera jarri dabe.