Eretxia  IV. urtea // 139. zenbakia

Superzubiari begira badagoz planak


IƱaki Atxutegi

Ez da erraza superzubiaren atarian hausnarketarako gaiak aurkeztea. Pentsetan dot danak egongo zariela jai egunei begira eta ez dozuela gogo handirik izango gai traszendentalen ganean pentsetako.

Beste batzuk urteroko peregrinazinoaren zain egongo zarie, Durangoko Azokara egin beharreko txangoaren zain, hain zuzen be.

Tira, seguru nago egun batzuk emongo doguzala gure eguneroko kontuen ganean larregi pentsau barik. Nire eretxiz, honek badauka alde txarra: kanpoan bagagoz ez dogu jakingo egun honeetan jazo izandakoaren ondorioak zeintzuk diran.

Esate baterako, zubiaren egunetan kanpora joaten bagara ez dogu jakingo Raxoi eta Agirre joiazan helikopteroa kartzelaratuko daben ala Alderdi Popularrak Estaduko helikoptero guztien ilegalizazinoa eskatuko dauen. Hara, oposizinoko buruaren kontra atentadua egitea ez da gero ekintza makala eta beste errudunik topau ezean seguru nago helikopteroak hartuko dauela erru guztia.

Beste alde batetik, jai egunak aprobetxetan badoguz, dogu jakiterik izango Entzutegi Nazinonalean 18/98 kasuko itzultzaileak Durangoko Azokara etorriko ete diran euskal gramatika eta hiztegiaren bila. Ezta erosketak euskeraz ala erderaz egingo ete dabezan be.

Oporretan egonda ez dogu jakingo zenbat biderrez esango dauen Bushek Irakeko egoerea gero eta goxoagoa dala izugarrizko atentaduak jazoten diran bitartean.

Ez dogu jakingo Sharon eta Peres 'gazteak' (160 urte inguru bion artean) Israelen beste alderdi bat sortzeko ahaleginean zenbat diputadu eta ministro eroaten dabezan eurekaz. Egia esanda, nekez ulertzen dot nik agure bi horreek etorkizunera begira (etorkizun luzea, alajaina!) egin daben mobimentua. Jakingo dogu, hamendik denpora batera, ostera, pakerako ona ala txarra izango dan.

Zuetako asko kanpoan egongo zarie jai egun honeetan eta ez zarie Durangora joango, beti kontu bardinak ikusteak apur bat nekatu egin zaitue eta. Oraingo momentutik esaten deutsuet plan ederra galtzen dozuela. Zergaitik ez bisitau Bizkaie! aldizkariaren txiringitoa? Zergaitik ez ikusi eta ezagutu euskal kulturean izen handiak? Hori bai, Azokearen ganeko pronostikoren bat gura badozue, nire ustetan aurten erderaz dagoan liburu bat izango da txapelduna. Sudurrak esaten deust aurten Xabier Arzalluzen biografia polito salduko dala Durangon. Morboak eta jakin gurak agintzen dabe. Bestelako planik Euskaditik urten barik?