Musikea  IV. urtea // 139. zenbakia

Xoriak, Laboaren inspirazino-iturri


Saioa Torre Gereketa

Bernardo Atxagak animauta atara dau Mikel Laboak ‘Xoriek 17’ diskoa. ‘Ideia interesgarria otu jatan eta lanean hasi nintzan’. Halanda be, denporeak ez dau Laboa larritzen, ‘oso astiro egiten dot lan’, autortu eban barre artean Bilboko Carlton hotelean egindako aurkezpenean. Gerra garaian, Agirre lehendakari zanean, gaur egun lujozkoa dan hotela Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zalako aukeratu eban Laboak leku hori aurkezpena egiteko.

Inspirazino iturri bi izan ditu: alde batetik, txorien mundua eta, bestetik, Joyce, Billi Holliday, Bretch eta beste hainbat autore. Oraingoan, ganera, euskeraz, frantsesez, italieraz eta gaztelaniaz abesten entzuteko aukera izango dogu.

Lana hiru zatitan banatuta dago: txoriei eskainitakoa, bost kantagaz; In memoriam deitutakoa, Billie Holliday, James Joyce, Ataualpa Yupanqui eta Jacques Brelen omenez eta lau kanta independiente.

Laboagaz batera, jente ugarik egin dau lan disko barrian. Letrak, ohikoa dan legez, Joxe Anton Artzek, Bernardo Atxagak eta Joseba Sarrionaindiak idatzi deutsez. Musikeari jagokonez, Iñaki Salvador, Xabier Montoia, Ruper Ordorika eta beste lagun asko izan ditu alboan.

Ia urtebete behar izan dau diskoa atarateko eta tartean ‘momentu txarrak’ pasau dituala esan eban. Musikoei irakasten ahalegindu da; ez musikea, testuinguru bakotxean hartu beharreko jarrerea baino. ‘Oso garrantzitsua da bakotxak gura dauena egiteko askatasuna eukitea baina lantzean behin atrebidu izan naz zeozer esatera’.

Estudioan grabau eban azken diskotik hamaika urte pasau dira, ‘oso lentoa nazalako eta kanta bakotxari mila buelta emotea gustetan jatalako’. Hurrengoa noiz etorriko dan galdetukeran proiektu asko daukazala esan eban Laboak; beraz, aurrerantzean euskal kantagintzearen oinarri dan kantautoreaz gozetako aukerea ez da galduko.