Hondamendia
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
2004ko abenduaren 26a baino lehen Aceh eskualdeko uririk handiena zana hauts eginda, hankaz gora dago gaur egun eta hondamendia da burura jatortzun lehenengo berbea. Gaur egun Banda Aceh uriburuko leku asko zaborrez, txikitutako etxe, itsasontzi txiki eta zuztarretik atarako arbolez betetako basamortu bihurtuta dagoz.
Atsekabea. Tsunamiak jotako kaltetuakaz berba egin eta horixe da jasoten dozun sentsazinoa. Emakume bat bere etxea zanaren ondoan dago besoetan urak eroan ez deutson semea daukala. Lau ekarri ebazan mundura. Marriannak senarra be galdu eban olatu erraldoian. Orain, barrua hutsik dauka, huts físiko eta emozionala. Konponezinezko hutsa.
Horma zatiak baino geratu ez jakozan etxe horretatik ehundaka metro batzuetara behin behineko kanpalekua dago Banda Aceh portuaren inguruetan ezer barik gelditu diranen babesleku. Gobernuz kanpoko erakundeek aparteko lana egiten dabe kaltetuen bizi baldintzak hobetzeko baina laguntzinoa berandu heltzen da kasu askotan. Ingurune zingiratsuan etxola ahulak eta, batez be, jentearen sufrimendua ikustea ez da erraz ahaztutekoa. ‘Ingurunea berreregiteko prozesua astiro doa eta arrazoiak asko diran arren, etxe barriak eregiteko lurzorurik eza da nagusia’ azaldu deust Cristina Mignana, Sumatran Medicus Mundiko zuzendariak.
Marianna eta bere semeak euren bizitoki dan 15 metro karratuko gela erakutsi deustie. Lurrean jarritako tela fin batzuk baino ez daukiez lo egiteko eta armairu txiki bat da euren altzari bakarra, ‘tsunamiak osorik itxi ebalako’ esan deust emakumeak. Euren ondoan ehundaka familia dagoz eta pozik ze ‘kanpalekuan txarragoak dira bizi baldintzak’ adierazo dau Nuria Perezek, Sumatran, Medicus Mundiko logística arduradunak.
Bai, ‘suberte’ handikoak dira. Banda Aceh uriaren sarreran kaltetuentzako beren beregi atondutako kanpalekua dago eta urrunetik be atzemoten da hango egoerea. Kanpadendak zuriak dira eta UNHCR (Errefuxiatuentzako Nazino Batuen Goi Ordezkaritzea) siglak agiri dira guztietan. Tela eta kolore hori Aceh eskauldeko paisajearen parte bihurtu da daborduko. Kanpadenda lez erabilteko ez eze, danetarako erabilten da tela hori, hormak egiteko, teilatuak...; tristurea baino ez dau eragiten eta barruan zer topauko dogun adierazoten deusku. Bici baldintzak negargarriak dira: ez dago ur isurbiderik, inguru guztia lokaztuta, ez dago ezelako ordenik, kaosa da nagusi. Umeak biluzik dabiz hara eta hona eta gizajo horreen amak erropak garbitzen agiri dira baina zikintasuna kentzeko ez da nahikoa izango ura ez dalako garbia.
Beste alde batetik, Gosearen Kontrako Ekintza taldeari esker, komunak dira kanpalekuko lekurik dezenteenak. Kontuak kontu, jentearen umorea nabarmenduko neuke, izan be, ‘hello mister’ oihu eginaz, asko dira kafea hartzeko gonbitea egiten deustienak. Erraz atzemoten da Aceh eskualdean gatazka armatua izan dala azken 30 urteotan, GAM (Indonesiatik bereiztutako estadu islamiarraren aldekoak) eta Jakartako gobernuaren arteko gerra zibila. 2004ko abenduaren 26ra arte Aceh zulo baltza baino ez zan ugartearen mapa erraldoian, leku arriskutsua, turistak ondo hartzen ez ebezan lekua, hain zuzen. Gauzak holan dirala, bakea da tsunamiaren ondorio positivo bakarra.
Gaur egun, Banda Aceh-eko kaleetan, ehundaka gobernuz kanpoko erakundeetako lur orotarikoak dabiz, ustez Aceh barria eregin guran. Ahalegin hori beste inguru batzuetan be igarten da, berbarako Locknako kanpalekuan. Costadle inguru horretan, mezkitea baino ez zan zutunik geratu eta orain, urtebete geroago, txalet txikiak agiri dira. Mercy Malasiaren pentzutan dagozan etxe txikiak dira. ‘Helburua kaltetu guztiek etxe duina izatea da eta pare bat urteko epean lortzea espero dogu’ adierazo deust Miguel Urquiak, Meulaboh urian, Espainiako Gurutze Gorriaren bulegoko zuzendariak. Barraokietan eta kanpadendatan bizi diranek be horixe esperantzea daukie eta poza igarten jake arpegietan.
Sumatran, 221.000 lagun hil ziran igazko abenduaren 26ko tsunamian; danetara, 127.000 etxe Aut. Eginda geratu ziran eta oraindino 600.000 lagun inguru dagoz noraezean etxerik barik. Adituen kalkuluen arabera, 125 miloe dolar behar dira tsunamiak kaltetutakoen gitxieneko beharrizanak betetako.